Freezer

Wikipedia, Entziklopedia askea
Freezer
Dragoi Bola unibertsoa
Argitalpena
SortzaileaAkira Toriyama
Ageri den obrak
EponimoaIzozkailu
Bikoizketa-aktoreaRyūsei Nakao (en) Itzuli, Christopher Ayres, Linda Young (en) Itzuli, Pauline Newstone (en) Itzuli, Derek Stephen Prince eta Joxe Felipe Auzmendi
Datu biografikoak
Sexuagizonezkoa
Jarduerafictional tyrant (en) Itzuli
Familia
AitaKing Cold
Anai-arrebak
Bestelakoak
SuperbotereaKame Hame Ha
EtsaiakSon Goku, Vegeta eta Dende (en) Itzuli
Orri honetako testu zati batzuk japoniar idazkerarekin idatzita daude.
Euskarri eleaniztun egokirik gabe, galdera
ikurrak ikusiko dituzu kanji edo kana karaktereen ordez.

Freezer (jatorrizko japonieraz フリーザ edo Furīza ?) Dragoi Bola mangako eta Dragoi Bola Zko fikziozko pertsonaia da, etsaia eta serie osoko bilaurik indartsuenetakoa. Bere arraza ezezagunak berezitasun batzuk ditu: gorputza eraldatu eta bere indarra aldatu dezake; eta espazioan, airerik gabe, bizirik irauteko ahalmena ere badu.

Freezer izena ingelesetik dator, hitz horrek hizkuntza horretan izozkailua esan nahi baitu.

Akira Toriyamak elkarrizketaren batean esan zuenez, bere hasierako asmoa Freezerren sagarekin Dragoi Bola betiko bukatzea zen. Horregatik, inoizko bilaurik handiena izan behar zuela pentsatuz marraztu zuen pertsonaia hau.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

Saiyen genozidioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Freezer espazioko tirano eta konkistatzaile gupidagabea zen. Bere agindupean zeukan inperioa 79 planeta baino gehiagok osatzen zuten (Vegeta Freezerren 79. planetara joan zen Lurrean larriki zauritu ondoren, mangako 246. atalean. Freezerrek basetzat hartua zeukan, baina ez zegoen han Namekera joana zelako. Freezerren planeta guztiek ez zuten bere zenbakia).

Freezerrek hainbat arraza zituen menpean bere inperioan zehar eta horiekin bere armadak osatzen zituen, baina arrazarik garrantzitsuena eta indartsuena saiyena zen. Borrokarako berezko gaitasunekin, indar handiarekin eta borrokatuz boteretsuago bihurtzeko ahalarekin, saiyak oso arma interesgarria ziren Freezerren konkistetarako. Honek entzuna zuen Super Saiyaren edo goi-gerlariaren kondaira, borrokalari garaitezin bat; baina ez zuen benetakoa zenik sinesten. Baina saiyak egunetik egunera indartsuagoak zirela ikustean, kondaira egia ote zen pentsatzen hasi zen. Bere soldaduak hain boteretsuak izateak kezka sortzen zion tiranoari. Beldur zen, indartsuago eta indartsuago egiten jarraituz gero, egunen batean saiyak elkarturik bere aurka oldartuko ote ziren. Honela, eta Zarbonek emandako aholkua jarraituz, Freezerrek saiyen arrazarekin amaitzea erabaki zuen.

Badaezpada ere eta beranduegi izan baino lehen, Freezerrek mehatxu hari amaiera eman zion. Bere soldadua zen Dodoria bidali zuen kanpoan ziren Bardock (Son Gokuren aita) eta bere taldea akabatzera. Bitartean, saiyen bizilekua zen Vegeta planetara abiatu zen bere espazio-ontzian. Heltzear zenean, Vegeta Erregea eta bere soldaduak erraz hil zituen.

Freezer planetaren orbitara iritsi zenean, bizirik iraun zuen Bardock oldartu zitzaion. Freezerren gizonen artetik espazio-ontziaren ondoraino heldu zen eta tiranoari urrunetik erasotzen hasi zen. Baina Freezerrek, barre-algaraka, energia-bola izugarri bat jaurti zuen planetarantz. Erasoak Bardock eta parean harrapatu zituen soldaduak akabatu zituen, eta azkenik Vegeta planetarekin talka egin zuen, eztanda erraldoi batekin hau suntsituz (hau animean soilik agertu zen). Saiyen arraza desagertua zen, itxuraz behintzat.

Planeta lehertu ondoren, Freezerrek gertakarien bere bertsioa sortu zuen beretzat lan egiten zuten eta bizirik geratu ziren saiya bakanek sinetsi zezaten: Vegeta printzea, Raditz eta Nappa (filmak kontutan hartuz geo, Turles, Paragus eta Broly ere bai). Asmatutako istorioaren arabera, meteorito ikaragarri batek jo eta deuseztatu zuen Vegeta planeta, eta saiyak halaxe desagertu ziren.

Namek planeta[aldatu | aldatu iturburu kodea]

24 urte geroago, Freezerrek Vegetaren scouter dispositiboaren bidez ezagutu zituen honen Lurreko ibilerak. Horrela, Namek planetan ere Dragoi Bolak bazirela jakin zuen. Hauek bildu eta bere betiko biziaren guraria betetzeko asmoz, Frezer Namekera joan zen bere soldadu batzuekin, namektarrei Dragoi Bolak kentzeko. Vegetak, bere aldetik, Freezerri traizio egin zion Dragoi Bolak beretzat lortzeko asmoz, eta Kiwi, Dodoria eta Zarbon akabatu zituen. Orduan Freezerrek bere Eraso Indar Bereziei deitu zien, Dragoi Bolak bildu eta Vegeta hiltzeko. Baina hori gertatu aurretik Son Goku iritsi zen Namekera, eta Indar bereziak garaitu zituen.

Dragoi Bolak bildutakoan, Freezerrek namektar bat behar zuen dragoiari bertako hizkuntzan deitzeko, eta Nailekin borrokatu zuen, Namekeko gerlaririk indartsuenarekin. Freezerrek nahi bezala garaitu zuen Nail, baina bitartean Dendek dragoiari deitu zion Krilin eta Son Gohanekin batera. Freezer konturatu eta sututa Polunga dragoiarengana iritsi zenerako, hau desagertu egin zen bere sortzailearen heriotza zela eta. Freezer Vegetaren aurka hasi zen, baina honek orduan bere pareko indarra zeukan.

Freezer bere bigarren formara eraldatu zen orduan, eta Krilin hilzorian utzi zuen berehala. Gohanek, erabat amoratuta, eraso bortitza jaurti zion Freezerri. Honek Gohan pixkanaka torturatzea erabaki zuen mendekuz. Bitartean, Dendek Krilin suspertu zuen eta honek Freezerri bere disko ebakitzailearekin isats zati bat moztu zion. Momentu hartan, berpiztutako eta Nailekin bateratutako Satan Txiki agertu zen Freezerri aurre egiteko.

Hasieran Freezer larri bazen ere, bigarren aldiz eraldatu zen eta, indar gehiagorekin, Satan Txiki jipoitzen hasi zen. Gohan berriz ere sutu egin zen eta Freezerri eraso zion, baina ez zion min handirik egin. Hau kezkatu egin zen Gohanen indarraren gorakada ikusita, eta orduan jakin zuen ume hura saiya zela. Baina ez zekien Vegetaren semea ote zen (oraindik ez zuelako Son Gokuren ezagutzarik). Azkenik, Freezer bere azken formara eraldatu zen, aurkariei hil aurretik hori erakusteko "ohorea" emateko. Bere forma berrian Freezerrek Dende akabatu zuen lehenengo, lagunak suspertzen zituela igarri ziolako. Vegetak kondairako saiya gerlaritzat jo zuen bere burua, eta Freezerren aurka borrokatzen hasi zen. Baina tiranoa askoz indartsuagoa zen, eta Vegeta nahi bezala garaitu zuen. Azken honi gutxi geratzen zitzaionean, Goku sendatua iritsi zen borroka lekura, Freezerri aurre egiteko prest. Vegetak, orduan, Freezer tentatu zuen eta iseka egin zion Gokuk garaituko zuela esanez. Freezerrek bihotza zulatu eta hilzorian utzi zuen Vegeta. Honek orduan Gokuri kontatu zion saiyen desagertzearen benetako arrazoia, eta beren arrazaren izenean mendekua hartzeko erregutu zion negarrez. Gokuk, nahiz eta Vegeta etsaia izan, lurperatu egin zuen eta Freezer akabatzeko hitza eman zuen.

Momentu hartan Dragoi Bola osoko borrokarik luzeenetako bat hasi zen bien artean. Freezer Goku Bardocken semea zela konturatu zen. Goku eta Freezer parez pare hasi ziren borrokan, baina azken honek bere indarraren zati bat bakarrik erabiltzen zuen. Indar hori handiagotu zuenean, Goku erraz menderatzeko moduan zegoen. Azken karta jokatuz, Gokuk Kaitok irakatsitako indar unibertsalaren teknika erabiltzea lortu zuen Freezerren aurka. Horretarako Namek eta inguruko planetetako energia erabili zuen.

Denek Freezer hila zela uste zutenean, hau zauri arinekin agertu zen Goku akituaren aurrean. Satan Txiki ia hilik utzi zuen eta Krilin, berriz, krudelki akabatu. Gokuren sumina izugarria izan zen eta, une hartan, Freezerrek beldur ziona bilakatu zen: kondairako super saiya. Goku Freezerri erasotzen hasi zen bere indar guztiz. Freezerrek, saiatu arren, ezin zuen ezer egin. Goku indartsuagoa zen. Beste ezer egin ezinik, Freezerrek Namek planetaren nukleoa erasotu zuen, bost minututan eztanda egingo zuela esanez. Horrela, Goku espazioan hilko zen eta berak biziraun egingo zuen.

Freezerrek bere boterearen %100a kanporatu zuen, eta Gokuren boterearen antzekoa lortu zuen. Borroka bortitza izan zen bien artean, baina azkenean Goku indartsuagoa zela agerian geratu zen. Bere ohorea minduta, Freezerrek bi Kienzan (disko ebakitzaile) jaurti zizkion Gokuri. Baina une batean arreta galduta, bere eraso propioak Freezerren gorputza moztu zuten.

Hilzorian, tiranoak mesedez laguntzeko erregutu zion Gokuri. Honek geratzen zitzaion energiaren zati bat eman zion biziraun zezan. Baina, harrokeriak itsuturik, Freezerrek energia hori Gokuri erasotzeko erabili zuen eta honek kolpea itzuli zion, itxuraz Freezer akabatuz.

Heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Namek lehertu zenean, Freezerren gorputz zatia espazioan geratu zen ia hilik. Kasualitatez, ordea, inguruan zebilen bere aita King Coldek hartu zuen. Honek ezin zuen sinetsi bere semea planeta baten leherketa soilagatik ia hil zenik. Gehigarri zibernetikoak erabiliz, Freezerren gorputza osatzea lortu zuten eta gainera lehen baino indartsuago. Orduan, Freezerrek Lurrera joan eta mendekatzea erabaki zuen.

Aita-semeak Lurrera iritsi zirenean, Goku oraindik iristeke zegoen. Une hartan gerlari ezezagun bat agertu zen: Trunks, etorkizunetik etorritako beste super saiya bat. Hasieran Freezerrek ahultzat jo zuen, baina bere armada garaitu zuen Trunksek. Gero super saiya bihurtu zen eta, ia segituan, bere ezpatarekin Freezer erdibitu egin zuen. Ondoren King Cold akabatu zuen, hau ere oso erraz. Handik hiru ordura iritsi zen Goku Lurrera.

Hil ondoren[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharra: Freezerren Lurreko heriotzaren ondoren, mangan ez zen gehiago agertu. Ondorengo agerpenak ez dira, beraz, Akira Toriyamak eginak.

Bere heriotzaren ondoren, animean, Freezer hainbat aldiz agertu zen Infernuan. Horietako bat Goku eta Boo Ahaltsuaren arteko borroka izan zen: Freezer Infernutik begira agertu zen hildako beste bilau batzuekin batera, Gokuren etsaiari zorte ona opatuz.

Dragoi Bola GTn, Cellekin bat egin zuen Gokuren aurka Infernuan borrokatzeko, hau engainatuta bertara eraman zutenean. Hala ere, Gokuk biak garaitzea lortu zuen eta handik ihes egin zuen.


"Fukkatsu no Fusion: Gokuh y Vegeta " izeneko filmean,Freezer-ek infernutik ihes egitea lortzen du, eta Son Gohan eta Videl-en aurrean agertzen da. Hasiera batean ez du Gohan ezagutzen, baina segituan konturatzen da bera delaz. Orduan, infernuko arerioez osatutako gudaroste oso bat bidaltzen du haiengana, baina Gohanek guztiak ekiditu eta Freezer kolpe bakar batez eraitsitzea lortzen du. Gohanen botereaz ikaraturik, gudarosteak ihes egiten du.

Eraldaketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iraganean, Freezerrek hainbesteko indarra zuen, ezen bere gorputzak ezin baitzuen ondo kontrolatu. Indar hori mugatzeko eraldaketa fisiko batzuk izan zituen. Dragoi Bola Zko beste izaki batzuk indarra handitzeko eraldatzen ziren bitartean, Freezerrek indarra gutxitzeko edo kontrolatzeko egiten zuen hori. Bere berezko forma laugarrena da (ikus mangako 303. atala). Lehenengotik hasita, eraldaketa bakoitzean fisikoki aldatu egiten da.

  • Lehen forma (jatorrizko japonieraz 第1形態 edo Dai ichi Keitai)

Bere lehen forman, Freezer humanoide nahiko baxua da. Buruan kasko antzeko bat du bi adarrekin. Isats indartsua ere badu, eta hiru behatzeko hankak. Gerritik gora eramaten duen jantzia bere menpekoenaren (eta saiyenaren) antzekoa da. Bidaiatu behar duenean, askotan erabiltzen du bere aulki berezi hegalaria, ahul itxura emanez, nahiz eta bera askoz azkarrago hegan egiteko gai izan. "Lan zikina" bere menpekoei uzten die.

  • Bigarren forma (jatorrizko japonieraz 第2形態 edo Dai ni Keitai)

Bigarren forma hau lehenaren antzekoa da, baina asko handitzen da, bai altueran eta bai giharren tamainan. Freezerrek berak dioenez, aurreko formaren indarra bikoizten du honetan (bere indar berria "milioi bat unitate" baino handiagoa dela dio mangako 296. atalean). Adarrak ere hazten zaizkio, lehen zuzenak zirenak zezen batenen antzekoak bihurtzen zaizkio. Eraldatu aurretik bere armadura hausten du, eta bularra eta sorbaldak babesten dizkion berezko armadura bat agertzen zaio. Forma honetan du bere aita King Colden antzik handiena.

  • Hirugarren forma (jatorrizko japonieraz 第3形態 edo Dai san Keitai)

Freezerren hirugarren formak itxura basatiagoa du, oso burezur luzatuarekin. Aurpegia aldatu egiten zaio, mutur luzeagoa eta sudur zapalagoa ditu orain. Adarrek atzera egiten dute eta buruaren atzean geratzen dira. Arantza handiak ere irteten zaizkio. Krilinek moztu zion isatsaren zatia ez zaio hazitzen. Forma honetan konkor txiki bat du bizkarrean, bere gorputzarentzat buruaren pisua gehiegizkoa balitz bezala. Hirugarren forma honek badu, hein batean, Alien filmetako Xenomorpharen tankera.

  • Laugarren forma (jatorrizko japonieraz 第4形態 edo Dai yon Keitai) edo berezkoa

Aurreko eraldaketekiko oso ezberdina, bere azken forma edo benetako forma. Badirudi Freezerrek atzera egiten duela, berriz ere baxuagoa eta argalagoa bihurtzen baita. Badirudi eraldatzerakoan "azal" bat edo kentzen duela, eta adarrak eta arantzak galtzen ditu, itxura aerodinamikoa hartuz. Bere larrua zuri kolore purukoa bihurtzen da, eta zati moreak ditu buruan, sorbaldetan, ukalondoetan, bularrean eta belaunetan. Itxura ahulagoa badu ere, indarra izugarri handitzen du forma honetan.

%100ean
Laugarren forma honetan Freezerrek bere indararen %100a ere kanpora dezake, giharren tamaina handituz. Laugarren formako itxura du, baina askoz ere gihartsuagoa. %100 hau Freezerrek lor dezakeen indar maximoa da. Hala ere, bere gorputzeko tentsioa dela eta, Freezerrek ezin du luzaroan borroka egin egoera honetan. Borrokan ari dela, pixkanaka ahultzen joango da.

  • Mecha Freezer

Bere porrotaren ondoren Namek planeta lehertu zenean, Freezer fisikoki txikitua baina bizirik geratu zen. Bere gorputzetik geratzen zena King Colden agindupeko zientzialariek osatu eta berreraiki zuten, hobekuntza zibernetikoak ere ezarriz. Gerritik beherako ia dena eta aurpegiaren eskuineko aldea berriak ditu, metalez estaliak. Nahiz eta ez jakin noraino, gehigarri hauek bere gorptz organikoaren mugak gainditzea ahalbidetu zioten eta indartsuagoa egin zen.

Beste agerpen batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Filmak eta atal bereziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Freezer Dragoi Bola Zko ondorengo film eta atal berezietan agertzen da:

Telebistarako atal berezi honetan agertzen da Vegeta planetaren amaiera. Freezer beldur zen saiyen indarra gora eta gora zihoalako, elkarturik bere aurka altxatu zitezkeen eta. Zarbonek aholkatutakoa eginez, Freezerrek Vegeta planeta suntsitu zuen eta harekin batera Bardock, ia saiya guztiak eta bere soldadu propio batzuk ere bai.

Freezer hasierako flashback batean bakarrik agertu zen, Vegeta planeta lehertarazten. Coolak bere espazio-ontzitik ikusi zuen eta konturatu egin zen Freezerrek ez zuela Katxalot (Goku) haurra Lurrera ihes egiten ikusi, baina ez zion garrantziarik eman.

Janemba agertutakoan, hildakoak berpiztu eta Lurrera abiatu ziren, Freezerren agindupean. Hau Gohan eta Videlen aurka hasi zen borrokan, eta segituan igarri zion Gohan Gokuren semea zela. Bere aitaren "lotsagabekeria" ordaindu behar zuelakoan, Freezerrek bere armada (Zarbon, Jheese, Butter, Boujack, Coola, Paragus, Rikum, Thouser, etab.) bidali zuen bikotearengana. Baina Gohanek denak garaitzea lortu zuen bere indarrarekin.

Bestalde, Freezerrek Vegeta planeta suntsitu zuen unea beste ikuspegi batetik erakutsi zen Suaren borrokan (DBZko 8. filma). Eta Super gatazka munduaneko (DBZko 3. filma) etsaiek uste zuten Zuhaitz Santu Izertsuaren fruitua jan ondoren Freezerri aurka egiteko gai izango zirela.

Bideo-jokoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dragoi Bolako pertsonaia garrantzitsuenetakoa denez, Freezer seriearen ia bideo-joko guztietan agertzen da. Gehienetan jokalariak Freezer aukera dezake borroka egiteko. Gainera, mangan eta animean bezala, bideo-jokoetan ere bere eraldaketak agertzen dira.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]