Friedrich Nietzsche
Datu pertsonalak | ||
---|---|---|
Izen osoa | Friedrich Wilhelm Nietzsche | |
Jaio | 1844ko urriaren 15a | |
Röcken, Prusia | ||
Alemania Weimar, Alemaniar Inperioa (Alemania) | ||
Lanbidea | Filosofoa, poeta, musikaria, filologoa |
Friedrich Wilhelm Nietzsche (Röcken, Prusia, 1844ko urriaren 15a - Weimar, 1900eko abuztuaren 25a) filosofo eta filologo alemana izan zen, XIX mendeko pentsalari modernoetako bat izan zen, eta eragin handienetako izan zuena. Bere filosofiak eragin handia izan du XX. mendean, ideologia oso desberdinengan. Oso filosofo aztertua eta eztabaidatua izan da, eta asko eta oso desberdinak dira bere pentsamenduari egin zaizkion interpretazioak.
Bere lanik garrantzitsuenetakoak Hala mintzo zen Zaratustra eta Moralaren genealogia dira.
Biografia
Testuinguru historikoa
XIX. mendea Europako Iraultzen aldia izan zen : jakina, demografian, siderurgia, garrioetan...etab. Botere eta aberastasun irrikak hedatu ziren. Zientzien garapena nabarmendu zen eta filosofiaren oparotasuna teorietan. Industrializazioa: Lurrun makina eta gero, airezko, gasezko,...motorrak landu, makina berriak sortu eta eskulana ordezkatu zuten. Aurkikuntza guztiak industrian aplikatu ziren, eta horrela produkzioa eta kalitatea hobetu ziren, eta altzairua, trenbidea... garatu ziren. Medikuntzako aurrerapenak elikadura hobetu zuten. Nekazaritza eremuetatik hirietara heldutako langile talde handiak hirietako auzo txiro eta baztertuetan pilatu ziren. Langileen egoera oso txarra izan zen, eta ez zuten bizitzeko adina irabazten. Klase burges aberatsak zuen boterea. Inperialismoa: Garaiko potentziak koloniak hartzeari ekin zioten. Populazioa asko handitu zen, eta europar askok emigratu zuten. Gainprodukzioaren arazoa bideratzeko merkatu berriak sortu ziren. Etnozentrismoa agertu zen, eta beraz, kolonietako kulturaren aurretik beraiena inposatu zuten. Mugimendu sozialak: mende honetan gizakiaren autonomiaren aldeko mugimenduak sortu ziren:
- Liberalismoa: burgesiaren ideologari dagokionez, bi osagarri: progresista eta kontserbadorea. Liberalismo ekonomikoa defendatzen zen, estatuak parte-hartu barik.
- Mugimendu demokratikoa: liberalismoaren gainetik, askatasun eta berdintasun printzipioak eta sufragio unibertsala defendatzen zuten.
- Sufragismoa: mugimendu honek emakumeen botoa eskatzen zuen, mugimendu feminista oso hedatua egon zen.
- Sozialismoa eta anarkismoa: langile klasearen ordezkariak ziren, klase borroka defendatzen zutenak.
- Nazionalismoa: honek, herriaren izaera, hizkuntza, ohitura, kultura, nortasuna...propioak defendatzeari ekin zioten.
- Tradizionalismoa: iraultzaren aurreko egoerara itzuli nahi zutenak osatzen zuten talde hau.
Bizitza
Nietzsche urriaren 15ean jaio zen 1844an, Röcken herrixkan, Leipzig hiritik hurbil. Aita, Carl Ludwig Nietzsche, artzain luteranoa zuen, eta agian horregatik teologia eta filologia klasiko ikasketak hasiko zituen 1864. urtean Bonneko Unibersitatean. Gurasoen nahigaberako, ordea, berehala utzi zuen Teologia (seihileko bat soilik bete zuen), eta filologian sartu zen buru-belarri. 1865. urtean Leipzigeko Unibertsitatean sartu zen, eta bertan Arthur Schopenhauer eta Friederich Albert Langeren lanak ezagutzen hasi zen, filosofiaren munduan murgiltzen joan zelarik.
1867-1878 urteetan prusiar armadan aritu zen borondatez, zaldi istripu batek zerbitzu militarretik kanpo utzi zuen arte. Urte horretan bertan ezagutu zuen Richard Wagner, bere bizitzan pisu handia izango zuen pertsona.
1869an Leipzig-eko Unibersitateak doktoretza emango dio bere filologia lanengatik. Garai horietan Basileako Unibersitateko irakasle lanetan zebilen (karrera bukatu gabe zuen arren), eta berehala irakasle izendatua izan zen bertan, 1879rarte beteko zuen postua, berau. Basileara bizitzera joatean Alemaniar Naziotasunari uko egin eta Suitzako hiritartasuna lortu zuen.
1870an Frantzia-Prusia Gerran prusiarren alde mediku bezala lan egiteko baimena eman zion suitzar gobernuak. Gerran hilabete soilik egun zuen arren, bizitza osorako markatuko zuten gertaerak bizi izan zituen, bere osasuna betirako kaltetuko zituzten difteria eta disenteria ere bertan harrapatu zituelarik.
1900ean hil zen Weimar-en, nahiz eta bere azken urteak ohean, garun paralisi baten ondorioz egoera begetatiboan eman zituen.
Pentsaera
Garaiko kultura, erlijio eta mendebaldeko filosofiaren kritika zorrotza burutu zuen, bizitzarekiko jarrera moralen (positibo zein negatibo) analisi bidez hauen benetako izaera agerian utzi nahiz. Lan honek ondorengo belaunaldietan agertu ziren teologo, filosofo, psikologo eta literaturzaleengan eragin handia izan zuen. Bere ustez, Europan gaur egun nagusi den moral judu-kristaua gainditu beharreko gauza zen, eta Sokrates jotzen zuen moral horren errunduntzat.
Nietzscheren ezaugarri nagusi dira landuriko gaiak eta hauek lantzeko estiloa eta zorroztasuna. Bere garaian autore eztabaidatua izan zen oso, baina 44 urte zituela jasan zuen buruko kolapso batek bere lana geldiarazi zuen, 1900an hil zen arte bere ama eta arrebaren zaintzaren menpe egon zelarik.
XX mendearen bigarren zatian bere lanak onarpen zabala erdietsi zuen, filosofia modernoaren irudi garrantzitsu bihurtu zelarik. Bere eragina bereziki nabarmena da filosofo existentzialista, fenomenologiko, postestrukturalista eta postmodernoengan. "Susmoaren maisu"-etako bat bezala hartu izan da, Karl Marx eta Sigmund Freud-ekin batera.
Lanak
Nietzschek oparo eta ia amorruz idatzi zuen bere bizitza aktiboan zehar, ulertzen ez zuen gizarte baten aurrean. Buru osasuna guztiz galdu aurretik ere, gaixotasunak gorputza unatua zuela, arrebari diktatzen zizkion filosofia izkribuak. "Moralaren Genealogia", "Ongia eta gaizkiaz haratago", "Antikristoa", "Ecce Homo", "Hala mintzo zen Zaratustra"... idatzi zituen, batzuk aipatzearren.
Eragina euskal letretan
Jean Etxepare medikua izan zen aitzindaria Nietzscheren eragina euskal letretan jasotzen, bere 1910eko Buruxkak narrazio bilduman ikus daitekeena. Geroago, 1950-1960ko hamarkadetan Gabriel Aresti eta bereziki Jon Mirande nabarmendu ziren aleman filosofoaren ildoan. Gaztelaniazko Euskal Herriko idazleen artean Migel Unamuno, Pio Baroja eta Ramiro de Maezturengan ikus liteke Nietzscheren eragina (bereziki azken bi horien lanetan).
Bibliografia
- Andonegi, X. 2004: Nietzsche eta Freud filosofian eragile, Donostia, Jakin ISBN 84-95234-23-8
- Azurmendi, J. 2004: "Filosofia modernoa" in Filosofiako gida, Bilbo, UEU. ISBN 84-8438-048-3
- Foucault, M. 1971: "Nietzsche, genealogia eta historia" in Historiaz mintzo. Foucault eta Bensaïd, Donostia, Jakin, 2009. ISBN 978-84-95234-38-4
- Galparsoro, J.I. 1997: Betiereko itzulera Nietzscheren pentsaeran, Donostia, Jakin ISBN 84-922537-2-X
- Jimenez, J. eta Olariaga, A. 2009: Modernitatearen auziaz, Donostia, Jakin ISBN 978-84-95234-40-7
Kanpo loturak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Friedrich Nietzsche |
- (Ingelesez) "The Nietzsche Channel"
- Nietzscheren filosofia