Gabriel Fahrenheit

Wikipedia, Entziklopedia askea
Daniel Gabriel Fahrenheit

Daniel Gabriel Fahrenheit (Danzig (Gdansk), 1686ko maiatzaren 14 - Haga, 1736ko irailaren 16a) fisikari eta ingeniari alemaniarra, lan gehiena Herbehereetan egin baitzuen ere. °F Fahrenheit tenperatura eskalak bere izena darama. Eskala hau, Celsius eskala baino askoz aurretik ere erabiltzen zen.

Biografia

Fahrenheit familia, Hansa ligako hiri batetik bestera mugitzen zen merkatari familia zen. Fahrenheit-en birraitona Rostock-en bizi izan zen, nahiz eta ikerketa batzuek Farenheit familia Hildesheim-ekoa dela ondorioztatu. Fahrenheit-en aititea, Reinhold Fahrenheit vom Kneiphof Kneiphofetik (Königsberg, gaur egungo Kaliningrad) Danzig-era joan zen bizitzen 1650ean. Daniel Fahrenheit aita, Danzig-eko merkatari-familia bateko alaba batekin ezkondu zen. Daniel Gabriel haurtzaroari biziraun zioten bost neba-arreben artean zaharrena zen.

Bere gurasoen heriotza zela eta, ziurrenik perretxiko pozointsuak jateagatik sortua, Gabrielek Amsterdamen egin behar izan zituen merkataritza ikasketak. Dena dela, zientzia naturaletan zuen interesak, alor horretan ikasi eta esperimentuak egiteko grina sorrarazi zion eta, bidaiatzen egon ostean, 1717an Hagan kokatu zen, termometro, altimetro eta barometro bezalako tresnak sortuz kristal puzketa teknikaren bidez. Royal Society-ko kide egin zuten 1724an.

Merkurio termometroak

Fahrenheit-ek termometro zehatzak garatu zituen. Bere lehen termometroak alkoholez bete zituen, merkurioa erabili baino lehen, zeinak emaitza hobeak ematen zituen.

Fahrenheit tenperatura eskala

Behin termometroa izanik, eskala bat garatu behar zuen tenperatura neurtu ahal izateko.

Hasieran eskala hori garatzeko, hiru erreferentzia hartu zituen.

Tenperatura baxuko marka laborategiko baldintzetan garai hartan lor zitekeen tenperaturarik hotzena zen: ur, izotz eta amonio klorhidrikoaren arteko nahasketa batekin. Fahrenheit-ek hori 0 °F moduan definitu zuen (-17,8 °C gutxi gora-behera). Hurrengoa, uraren izozte puntua zen, 32 °F ezarri zuena. Azkenik, gorputzaren tenperatura 96 °F moduan definitu zuen.

Geroago, merkuriodun termometroaren laguntzaz (tenperatura altuagoak neur zitzakeen), Fahrenheitek bere eskalaren goiko muturra uraren irakite puntu moduan definitu zuen (212 °F). Aldaketa horrekin, giza gorputzaren tenperatura 98,6 °F moduan geratu zen. Ikusten den moduan, Fahrenheit tenperatura eskalak 180 gradu ditu, uraren izozte eta irakite puntuen artean.

Fahrenheit eskala oso erabilia izan zen Europan, Celsius eskalaren etorrera baino lehen. Oraindik erabilia da eguneroko tenperaturak neurtzeko AEBetan.

Ikus, gainera

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Gabriel Fahrenheit Aldatu lotura Wikidatan