Gaixotasun terminal

Wikipedia, Entziklopedia askea
Minbizi metastasiak eta euren sintomak kokapenaren arabera.

Gaixotasun terminala edo hilurreneko gaixotasuna XX. mendean zabaldutako kontzeptu medikoa da, sendatzerik edo modu egokian tratatzerik ez daukan gaixotasuna izendatzen duena. Haren ondorioz, denbora tarte labur batean pazientearen heriotza etorriko dela espero daiteke kasu gehien-gehienetan, laburtasunarena aldakorra ahal izan arren. Orokorrean, fase honetan dauden gaixo terminalak bi taldetan sailkatzen ditugu, alde batetik onkologikoak edo minbiziak jotakoak eta bestetik "ez onkologikoak" edo bestelako gaixotasunak pairatzen dituztenak, tartean fase aurreratuan dauden Biriketako Gaixotasun Butxatzaile Kronikoa (BGBK) eta Bihotz-gutxiegitasun kronikoa.

Sarritan, bizitzaren azken faseko gaixotzat hartzen ditugu bizi itxaropena sei hilabetekoa edo txikiagoa dutenak, eritasunak haren ohiko bilakaera edukiko duela suposatuta. Hilabete kopuru hori estandarizatu egin bada ere, bizitza-luzeraren estimazioak okerrak izan daitezke. Beraz, diagnostiko zuzena izan arren gaixo batek gainditu dezake sei hilabeteko muga hori. Halaber, aurrera astiro egiten duen gaixotasuna pairatzen duen paziente bat, Alzheimerra adibidez, agian ez dute terminaltzat joko bizi itxaropen handiagoa duelako.

Terminaltasun ez onkologikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Minbiziarekin zerikusirik ez duten gaixotasunak baina terminaltasun egoerak eragiten dutenen artean hauek ditugu: Alde batetik organo gutxiegitasun kroniko aurreratuak ditugu, batik bat arnas aparatuarenak (BGBK, birikako fibrosia), bihotz-gutxiegitasun kronikoa, zirrosia, giltzurrun-gutxiegitasun aurreratua, Alzheimer gaixotasuna eta bestelako dementziak, Parkinson gaixotasun aurreratua, istripu zerebrobaskular larriak eta Alboko Esklerosi Amiotrofikoa (gazteleraz ELA).

Beste aldetik, munduko herrialde askotan HIESdun milaka gaixok ez dute sendabiderik gaur egungo tratamenduetara ezin direlako iritsi, beste garai batean geure ingurunean ere bageneuzkan terminaltasun egoerak pairatuz.

Faseak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paziente bakoitzak modu desberdinean erantzuten du osatzerik ez duen gaixotasun terminala duela informatzen diotenean. Oro har, ia pertsona guztiak onarpen fase batzuetatik igarotzen dira diagnostikoa jakitean. Elisabeth Kübler-Ross psikiatrak klasikoa den liburuan ("On Death and Dying", 1969; "Heriotzaz eta hiltzeaz") bost fase deskribatu zituen: Lehenengoa ez sinistea edo ukapena da, haserrea bigarrena, negoziazioa hirugarrena, depresioa laugarrena eta onarpena bosgarren eta azkena.

Lehendabiziko faseak egun edo aste gutxi irauten du. Gaixo gehienak psikologikoki "shock" egoeran hartzen dute albistea, ezezagunaren aurrean antsietate handia erakutsiz. Batzuetan errutasun sentsazioa garatzen dute, egoera horretara iristean zerbait txarto egin duelakoan. Beste batzuetan umorea, ironia edo sarkasmoa erabiltzen dituzte gaixoek defentsa mekanismo gisa. Beste batzuk erantzun barik gelditzen dira eta sarritan "negoziatzeari" ekiten diote.

Depresioaren maila normalean ez da baxua, eta gutxienez familiaren sostengua eskatuko du, kasu batzuetan medikazio espezifikoa ere beharrezkoa delarik. Aste batzuetan zehar luzatu daiteke, baina sarri gaixoa azken fasera pasatzen da, onartzearena alegia.

Arintzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sendatzerik ez badu ere, gaixoak haren egoera latza arintzeko aukera eta eskubidea dauka, medikuntza paliatiboa delakoaren bidez. Funtsean, sintomak gutxitu edo kentzea da helburua, eta beti ere gaixoaren alboan egotea edo zaintzea, bakarrik edo bazter batean izatea baino zainduta egotearen sentsazioa emanez.

Halaber, gaixotasuna berez osatu ezin bada ere, adi egon beharko da medikua eritasunak eragindako bestelako zirkunstantziei, hala nola infekzioak edo depresioa, tratamendua dutenak.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]