Galdakao lanperna

Wikipedia, Entziklopedia askea
Galdakao lanperna
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaFungi
KlaseaAgaricomycetes
OrdenaAgaricales
FamiliaAmanitaceae
GeneroaAmanita
Espeziea Amanita rubescens
Pers., 1797
Mikologia
 
orriak himenioan
 
txapel laua
 
himenioa askea da
 
hankak eraztuna dauka
 
espora zuriak dauzka
 
mikorrizak eratzen ditu

Oharra: ez fidatu soilik orri honetan ematen diren datuez perretxiko bat identifikatzeko orduan. Inolako zalantzarik izanez gero, kontsultatu aditu batekin.

Galdakao lanperna, kuleto ardotsu edo galanperna gorria (Amanita rubescens) perretxiko mota bat da.[1]

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txapelak 6-15 cm-ko diametroa du, hasieran ganbila eta gero gutxi gorabehera hedatua. Ertz leuna du, ez ildaskatua. Txapeleko azala kolore desberdinekoa izan daiteke, zuri-arrosa, marroi-okrexka, ardo-marroia edo okre-gorrixka, eta gainalde osoa ezkata-formako plakaz edo garatxoz estalirik dauka. Plaka hauek bolbaren hondarrak dira eta kolore zuri-grisaxka edo gris-marroia dute. Orriak hertsiak eta zuriak dira, maiz arrosa kolorez nahasiak. Hanka betea, baina zahartzerakoan kofatua, zuri-arrosa eta ildaskatua eraztun gainetik, baina azpitik ilunagoa eta zuntzexkatsua. Oinaldean, punta-formako bukaera duen erraboila du, bolba edo bere aztarnarik gabe ia, eta leku batzuetan ardan-purpura kolorez tindatua, batez ere intsektuek eta bareek egindako marketan. Eraztun zabal eta zuria du, zintzilik, gainetik ildaskatua. Mami lodi eta zuria, baina ebakitzerakoan ardan-arrosara aldatzen da, hankako erraboilean batez ere. Zaporea hasieran geza eta gero mingar antza. Ez da usainik nabaritzen. Esporak zuriak, amiloideak eta eliptikoak dira. Bestela ere, espezie honen morfologia oso aldakorra da, eta gerta daiteke Amanita spissa-rekin nahastea, nahiz eta haren haragia gorritzen ez den.

Ekologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Galdakao lanperna albotik

Oso arrunta eta ugaria da; udaberri erdialdean hasten da agertzen, baina nagusiki udan eta udazkenean ernamuintzen da, beheko altitudeetan. Koniferoen nahiz zuhaitz hostogalkorren baso askotan bizi da, eta maiz agertzen da pinuen, izeien, pagoen eta haritzen azpian. Bakarka edo talde txikietan ageri ohi dira.

Gastronomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Galdakao lanperna azpitik

Jangarri ona da, baina gordinik toxikoa da: ez da gordinik edo erdi eginda jan behar, odoleko globulu gorriak erasotzen dituen substantzia hemolitikoa baitu, eta hori desagertarazteko 70 °C-etan egin behar da gutxienez. Dena dela, jan baino lehen oso ongi ezagutu behar da, oso erraza baita Amanita pantherina pozoitsuarekin nahastea.

Banaketa eremua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanada, Ameriketako Estatu Batuak, Costa Rica, Kolonbia, Peru, Europa, Errusia, Himalaiako eremua, Japonia, Taiwan.

Galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Euskal Herriko perretxiko eta onddoak, 2013, 2014, 2016, 2017, Fernando Pedro Pérez, Kultura Saila, Eusko Jaurlaritza  •   Bizkaiko Perretxiko eta Onddoak, A.D.E.V.E., 2012  •   Euskalnatura  •   Euskal Herriko Onddoak. 5 tomos, Luis García Bona, Kriselv, 1987  •   Catálogo micológico del País Vasco, Aeranzadi, 1973  •   Mendizalearen Hiztegia [mikologia], Ostadar Mendi Taldea.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]