Galde-perpaus

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Hiztunak entzuleari, edo idazleak irakurleari, informazio bat eskatzen diola eta solaskidearen erantzun baten zain gelditzen dela adierazten duen perpaus-mota.

Perpausak adierazpen soilak izan beharrean, galderazkoak ere izan daitezke; alegia, galderak egiteko perpausak ere badira. Galde-perpausak informazioa eskatzeko osatzen dira.

Galdera-motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Funtsean, bi galdera-mota bereizten dira: zati-galderak eta aukera-galderak.

Zati-galderak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zati-galderak = galde-hitz baten bidez eratzen direnak

Adibidez:

  • a. NOIZ iritsi zinen atzo etxera?
  • b. NORI bota diote atzoko sutearen errua?
  • c. ZENBAT diru gastatu duzu herriko jaietan?

Perpaus horietako osagai bat galde-hitzaz osatua dago. (a)-n eta (b)-n galde-hitzak berak, besterik gabe, osatzen du sintagma: NOIZ eta NORI. (c)-n, berriz, galde-hitza izen-sintagmaren barruan dagoen determinatzailea da: [ZENBAT diru]. Kasu batean zein bestean, galderazko sintagma hori, osorik, galdegaia da, eta, horrenbestez, adizkiaren aurrean kokatzen da. Beraz, gaizki eratuak egongo lirateke, adibidez, honako hauek:

  • a. *NOIZ atzo etxera iritsi zinen?
  • b. *NORI atzoko sutearen errua bota diote?
  • c. *ZENBAT diru herriko jaietan gastatu duzu?

Zati-galderen interpretazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esaterako, hartu NOIZ iritsi zinen atzo etxera? perpausa. Atzo etxera NOIZBAIT iritsi zinela aldez aurretik jakintzat emanik, NOIZBAIT adberbio horren erreferentzia zein den eskatzen du galdegileak. Galde-hitzak erreferentzia erabat zehaztugabea du, eta, galderazko perpaus batean kokatua dagoenean, solaskideari erreferentzia hori zehazteko eskatzen zaio. Normalean, perpaus bakoitzean galde-hitz bakarrerako lekua izan ohi da. Galde-hitz bat baino gehiago erabili nahi bada, alegia, galdera bat baino gehiago egin nahi bada, galde-hitzak juntatu behar dira. Adibidez:

  • NOIZ eta NOLA izan da istripua?

Edo bi galde-perpausak ere junta daitezke. Hori izan ohi da, hain zuzen, normalena: galdera bakoitzerako perpaus bat erabiltzea:

  • NOIZ izan da istripua eta NOLA (izan da istripua)?

Hala ere, zenbait testuingurutan, badirudi zilegi dela galde-hitz bat baino gehiago ezartzea perpaus bakar batean:

  • NORK NORI deitu dio «txerrikume»?

Horrelakoak normalago gertatzen dira mendeko perpausetan, zehar-galderetan alegia:

  • Ez dakigu NORK NORI deitu zion «txerrikume».

Aukera-galderak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aukera-galderak = bi osagairen artean aukera egitea eskatzen dutenak

Aukera-galdera izenekoak bi motatakoak izan litezke: juntadurazkoak eta bai-ez erako galderak:

  • a. Aitak ala amak esan zizun? (Juntadura da: [aita ALA ama?]).
  • b. Aitak esan al zizun? (Hor ez dago, agerian behintzat, juntadurarik, baina bai eta ez-en artean aukera egin behar da. Horregatik deritze bai-ez erako galdera).

Aukera-galderen interpretazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bai-ez erako galderetan, deiturak ongi adierazten duen bezala, «bai» edo «ez» erantzutea eskatzen zaio solaskideari. Hauetan ez dago galde-hitzik. Hortaz, solaskideari ez zaio eskatzen perpausean zehaztu gabe gelditu den osagai baten erreferentzia zehazteko. Oraingoan, zehaztu gabe dagoena perpausaren baiezkotasunaren eta ezezkotasunaren arteko hautua da:

  • 333 kilometroan izan al da istripua?

Hor ere jakintzat eman liteke istripua nonbait izan dela, baina ez zaio eskatzen inori nonbait horren erreferentzia zehaztea, baizik eta 333 km-an bai ala ez zehaztea.

Horregatik, bestalde, horrelako galde-perpausen ordez, ala juntagailuaren bidez juntaturiko perpausen bidez adieraz daiteke gauza bera:

  • 333 km-an izan da istripua ala ez (da 333 km-an izan istripua)?

AL partikula eta -A atzizkia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Galde-perpaus hauetan AL partikula ezar daiteke adizkiaren aurrean. Horrelakoetan, perpausak azkenaldera ez du goranzko doinuera hartzen, beheranzkoa baizik.

Beste euskalki batzuetan, adizkiari -A partikula gehitzen diote:

  • Ikusi duka Joseba? (= Ikusi (al) duk Joseba?)

Azkenik, inongo partikularik gabe ere osa daitezke horrelako galde-perpausak:

  • a. Ikusi duk Joseba?
  • b. 333 km-an izan da istripua?

Jakina, oraingoan inolako marka gramatikalik gabe, galde-perpaus bat dela adierazteko, intonazioa beste biderik ez dago. Halako galde-perpausen intonazioaren bereizgarririk nabarmenena perpausak azken aldean hartzen duen goranzko doinuera da, ez zati-galderek ez AL edo -A partikulaz osatzen diren galde-perpausek ez dutena.

Galde-perpausak eta bai-ez-kotasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Galde-perpausak baiezkoak nahiz ezezkoak izan daitezke. Zati-galdera ezezkoetan EZ elementua agertuko da galde-hitzaren eta adizkiaren artean:

  • a. NORK EZ du jaso oraindik azterketa-papera?
  • b. NORK behar du paper gehiago?

Bai-ez galderetan, berriz, AL partikula aditzaren aurre-aurrean joango da, EZ edo BA- elementuaren ondoren, hortaz:

  • a. EZ AL zenekien igandeetan itxi egiten dugula?
  • b. BA AL zenekiten etortzeko zela?

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]