Tigre-marrazo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Galeocerdo cuvier» orritik birbideratua)
Tigre-marrazo
50 Ma-0 Ma[1]

Eozeno goiztiar - gaur egun
Iraute egoera

Ia galzorian  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaChondrichthyes
OrdenaCarcharhiniformes
FamiliaCarcharhinidae
GeneroaGaleocerdo
Espeziea Galeocerdo cuvier
Péron & Lesueur, 1822
Banaketa mapa

Tigre-marrazoa (Galeocerdo cuvieri) Carcharhinidae familiako elasmobrankio-espezie bat da. Ozeano guztietako ur epel eta beroetan bizi da. Bera da Galeocerdo generoko espezie bakarra, hau da, monotipikoa.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tigre-marrazo deritzo, bizkarraldean eta alboetan tigrearenen antzeko zerrenda ilunak dituelako. Zerrendok, zahartu ahala, desagertzera jotzen dute. Gorputza, gainerakoan, grisa edo urdin-berdexka da, baina aurpegia eta azpialdea zurixkak dira. Muturra laburra da, eta burua aski zapala eta ia lauki-formakoa, ezpain-tolestura oso markatuekin. Begi handiak ditu, zirkularrak, eta sudur-zuloak luzeak dira, oso aurrean kokatuak.

Bizkar-hegala handia da, luzea eta puntaduna. Aurreko hegalak zabalak dira, igitai-formakoak, eta isats-hegalak goiko lobulua nabarmen handiagoa du behekoa baino. Beste lau hegal txikiago ditu atzealdean, bat bizkarrean eta hiru sabelaldean: albo bakoitzean bat eta uzki-hegala, gila-formakoa, erdialdean.

Tamaina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marrazo handiak dira, normalean 4 m luze eta 500-800 kg pisu artean ibiltzen dira baina 5 metro luze eta 1 tona gainditzera ere iristen dira. Kasu berezietan 1,5 tonako pisua ere gainditu dezakete, eta Australian harrapatutako ale bat horren adibide; Australian 1954an harrapatutako ale batek 1.524 kg-ko pisua zuen, eta 5,5 m luze zen.

Tigre-marrazoa munduko marrazorik handienetakoa da, mundu osoan zazpigarren handiena hain zuzen ere. Marrazo iragazle erraldoien (marrazo balea eta marrazo erraldoia), marrazo zuriaren, garda seizakatzaren, Groenlandiako marrazoaren eta Megachasma pelagios marrazoen atzetik soilik kokatzen da tamainari dagokionez.

Hortzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zerra forma indartsuko hortzak

Hortz handiak, zorrotzak eta gakotuak ditu, eta hortzen ertzak zerra-forma indartsukoak dira. Marrazo guztietan zerra-forma handieneko hortzak dituena da, horri esker, gai dira animalia handien hezurrak eta dortoken oskola gogor eta handienak hausteko. Bere hortzen morfologiak ematen dion abantaila dela eta, itsas dortokak sarri ehizatzen ditu.

Hortzak erori edo galduz gero, berriro hazten dira, marrazo guztiekin gertatzen den moduan.

Bere zerra-forma indartsua dela eta metalezko hari nahiko lodiak apurtzeko eta mozteko gai da, beraz, marrazo hauek ehizatu ahal izateko hari bereziak (bereziki indartsuak) erabili izan ohi dira.

Hortz bereziak izateaz gain aho oso zabala eta handia dute eta bi ezaugarri hauengatik zein animalia honen tamaina beragatik ere marrazo arriskutsua kontsidera daiteke gizakiarentzat, bera erasotzeko gai baita.

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Harrapakari bakartia da, gehienbat gautarra, eta era guztietako harrapakinei erasotzen die: mota guztietako arrainak, txipiroiak, arraiak, beste marrazo batzuk, itsas sugeak (suge pozoitsu eta arriskutsu hauek ehizatzen dituen marrazo bakarrenetako bat), itsas dortokak, itsas ugaztunak, itsas hegaztiak eta abar. Gizakiari ere eraso izan dio.

Aho zabala

Marrazo hau zetazeo ertainak eraso eta hiltzeko gai da, mazopak eta izurdeak ez ezik, tamaina handiagoko bale txikiak ere ehizatu ditzake, batez ere ahul edo zaurituak badaude. Marrazo harrapari aktibo guztiek bezala, ehizatzeaz gain sarraskiak ere jaten ditu. Bale handien sarraskiak jatera hurbiltzen den lehenengoko animalien artean dago, bere usaimen handia dela eta. Marrazo zuriarekin batera bale baten sarraskia jaten dokumentatua dago, inolako arazorik gabe eta ageriko bake batean (marrazo zuriari beldurrik ez ziola erakusten duen portaera bat).

Tigre-marrazoari itsasoko edukiontzia bezala ere ezagutzen zaio, itsasoan bere ahoan sartzeko tamaina duen guztia jateko ohituragatik. Bere sabeletan autoen gurpilak, metalak, puzgarriak, surf taulak, goma ezberdinak eta material anitzeko objektuak aurkitu dira. Honek gauza bi adierazten ditu, lehena aipatu marrazo honen denetarik jan eta irensteko gaitasuna, eta bigarrenik, itsasoaren osasun gero eta tamalgarriagoa eta kutsatze maila gizakiaren eraginez, urteetan zaborrontzia izango balitz bezala tratatu izan eta izaten jarraitzen duguna.

Aipatutako harrapakin zerrenda ohikoa eta zabalaz gain, bere sabeletan bestelako animalia ezohikoagoak aurkitzea ere nahiko normala da, zaldiak, zerbidoak, ahuntzak, txakurrak, katuak eta arratoi handiak esate baterako.

Ehizatzeko modua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere azaleko tigre itxurako kolore kriptikoei eta igeri egiteko duen ohitura lasai eta geldoari esker ikusezin bilakatzen da itsasoan, bere harrapakinak marrazo honen presentziaz ohartzen direnean tigre-marrazoak mugimendu azkar eta potente baten bidez beranduegi dute ihes egiteko.

Bere aho zabalarekin eta bere hortz zerratuekin hozkada batekin nahikoa du bere harrapakinari zauri zitala eragiteko, normalean hozkada bakarrarekin nahikoa dute bere harrapakina odolusteko. Bale handien sarraskien azal, gihar eta hezurrik gogorrena ere aise mozteko eta puskatzeko gai dira.

Etsai naturalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jaioberriak eta txikiak direnean harrapari asko dituzte, beraiek baino handiagoak diren edozein arrain edo izaki gai da hauek ehizatzeko. Helduaroan etsai natural bakarra orka da, ez du beste inolako etsairik.

Ugalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marrazo handi askorekin gertatzen den moduan, espezie obobibiparoa da. Erditze bakoitzean 30-50 (konprobatutako maximoa 82) kume jaiotzen dira, 60-75 cm-koak. Poliki hazten dira, eta 4-6 urte bete arte ez dira heldutasunera iristen.

Ikertutako eta inoiz harrapatutako marrazo espezie honen ale zaharrenak 50 urte zituen.

Banaketa eremua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Munduko ozeano tropikal eta subtropikal guztietan bizi da eta zonalde batzuetan ozeano epeletan ere aurki daiteke. Iparraldera Japonia ingururaino ailegatzen da eta hegoaldera Zelanda Berriaraino. Indiako ozeanoko, persiar golkoko eta itsaso gorriko kostalde eremu guztietan topa daiteke. Amerikan ozeano barearen aldean Kaliforniako hegoaldetik Txileko iparralderaino hedatzen da eta Atlantikoko aldean Río de la Platatik Ingalaterra Berriraino, Karibe itsasoan eta Mexikoko golkoan oso ugaria izanda. Ozeano atlantikoan jarraituz, Afrikan Gineako golkotik Marokoraino zabaltzen da, tartean kanariar uharteak inguratuz. Mediterraneo itsasotik banatzen ez diren arren Cádizko golkoan populazio txiki bat bizi da noizbehinka Gibraltarko itsasartean sartzen dena. Islandiako hegoaldean populazio txiki eta arraro bat dago, munduko iparraldeen eta ur hotzenetan ezagutzen den populazioa.

Habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marrazo espezie hau ur bero eta argietan bizi da, tropiko eta subtropikoen plataforma kontinentaletan eta kostaldetik hurbil bizi da. Sakonera gutxiko uretan ibiltzea gustatzen zaio, noizbehinka eta han-hemenka sakonago ere murgiltzen den arren.

Ekologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tigre-marrazoa ur tropikal bero eta argitsuen marrazorik handiena da, harrapari nagusienetako bat, beraz, paper ekologiko oso garrantzitsua jokatzen du ur horien osasunean, elikadura katean behean dauden espezie guztien populazioak orekatuz. Marrazo handia izanda ere oso jeneralista da bere elikaduran, animalia handiak eta txikiak ehizatzeko zein animalia ororen sarraskiak jateko gai da. Itsaso tropikal eta subtropikalen osasuna neurtzeko espezie adierazle ona da.

Bizi-itxaropena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oraindik ez dago datu zehatzik marrazo espezie honen batezbesteko bizi-itxaropena behin betiko adierzateko, baina ikerketen arabera bere bizi-itxaropena 30-40 urte bitartekoa da. Ikertutako tigre-marrazorik zaharrena 50 urtez bizi izan zen.

Zentzumenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

7 zentzumen zorrotzak dituen marrazoa da, oso orekatua dago zentzumen guztietan, denetan da trebea.

Albo-lerroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marrazo guztiek partekatzen duten zentzumen berezia da, sahiets aldean burutik isats aldera luzatzen den lerro sentsoriala da, honekin uraren presioaren aldaketa txikienak ere antzemateko gai da. Aditu batzuen arabera magnetismoa detektatzeko ere balio du.

Elektroerrezepzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Muturrean Lorenzini babak izenez ezagutzen diren poro sentsorialak ditu, organo berezi hauekin mugimenduek eragindako aldaketa elektriko txikienak ere detektatzeko gai da. Zentzumen berezi hau oso baliogarria da hondoan harearen azpian edo arroken artean ezkutatzen diren harrapakinak antzeman eta ehizatzeko, besteak beste arraiak, moluskuak eta krustazeoak.

Ikusmena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Begi handiak ditu eta ikusmen handiarekin gaituta dago. Begiek ehizan erasoaldiaren azkeneko unean zentzumen erabakiorra amaten diote.

Ukimena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ukimenaren zentzua oso garatua dauka, marrazo guztien ezaugarri komuna. Azalarekin, uraren tenperaturaren aldaketa txikiena ere antzemateko gai da.

Dastamena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dastamena ere nahiko garatua dauka, nahiz eta oso jeneralista den eta denetarik jaten duen.

Entzumena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zentzumen hau oso garatua duka, kontutan izan behar dugu uretan soinuek airean baino 4,5 bider azkarrago bidaiatzen dutela, beraz ur azpiko izakientzat oso garrantzitsua den zentzumena da.

Usaimena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Usaimena garatuen daukan zentzumenetako bat da, guztietan oso gaitua izanda ere. Mutur handi eta zabala du eta usaimenaren gaitasun paregabea frogatuta dago hainbat ikerketetan. Animalia handien (baleen, esate baterako) sarraskietara ailegatzen lehenetarikoa izaten da.

Gizakiarekiko harremana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tigre-marrazoa harrapakin handiak ehizatzen dituen tamaina handiko marrazoa da, beraz potentzialki marrazo espezie arriskutsua da gizakiarentzat.

Gizakiari egindako erasoak dokumentatuak daude, baita heriotzan bukatutako erasoak. Kontutan izan behar dugu marrazo honen tamaina eta hortzak direla eta, hozkada bat nahikoa dela pertsona bat oso larri zauritzeko eta hiltzeko, beraz, nahigabe egindako hozkada bat (harrapakin batekin nahastuta), dastatzeko hozkada bat ala mehatxatua izanez gero ohar moduko hozkadada soil bat pertsona bat hiltzeko gai da, marrazoaren intentzioa modu zuzenean hori ez izan arren. Plataforma kontinentaletan eta kostaldetik hurbil bizi izan ohi den ur beroetako marrazoa izateak, eta gizakion kostaldeko populazioaren areagotzeak eragina dute erasoen estatistiketan, azken finean bere ekosistema inbaditzen duten bainularien kopurua etengabe ari delako igotzen, horrek dakarren istripu estatistikaren areagotzearekin batera.

Dena den, aipatu beharra dago zenbakietan oso eraso gutxi daudela, tximista batek harrapatutako pertsonen heriotza kopurua handiagoa da marrazoek eragindakoa baino.

Kontran, marrazo eder eta garrantzitsu honen populazioa modu kezkagarri batean jaisten ari da gizakion eraginez.

Kontserbazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aisialdiko arrantza eta itsasoaren kutsadura dira bere arrisku nagusiak, baita ere beroketa globalaren eraginez azken urteotan ur tropikalak eta subtropikalak jasaten ari diren beroketa etengabea, horrek bertako ekosistemetan dakarren kaltearekin, adibidez, koralezko uharrien azidotzea.

Gaur egun "ia mehatxatuta" egoeran dago IUCN-ren arabera.

Bitxikeriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Normalean motel mugitzen dira baina nahi izanez gero abiadura biziak harrapa ditzakete, esate baterako ehizan dabiltzanean.
  • Itsasoetako harraparirik indartsuenetako bat da.
  • Marrazorik handienetako bat da. 7. postuan dago, soilik marrazo balea, marrazo erraldoi, marrazo zuria, Groenlandiako marrazoa, garda seizakatz eta Megachasma pelagios-en atzetik. Baina kontutan hartzen badugu lehenengo biak plankton iragazleak direla, harrapari aktiboen artean bosgarrena da.
  • Hawaiiko kulturan izaki beneratua da, kultura horren ustez tigre-marrazoek ikusmen ahalmenak dituzte.
  • 80 aleko kumaldiak izan ditzakete. Dokumentatutako maximoa 82 da.
  • Munduko marrazo arriskutsuenen arteko zerrendan bigarrena da, marrazo zuriaren atzetik.
  • Jendeari egindako erasoak dokumentatuak daude, kasu batzuetan heriotza eraginez.
  • .Bere azaleko marra edo orban luze eta kriptikoengatik dator bere izena.
  • Gazteak direnean marrak izan beharrean orbanak ditu, adinaren eta urteen poderioz orbanak marrak bihurtzen dira. Hau dela eta, tigre-marrazo izenaz gain lehoinabar-marrazo izenaz ere ezaguna da zenbait lekutan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Galeocerdo cuvier (Tiger Shark) (ingelesez)
  2. Tiburón tigre, un superdepredador de los océanos. Aquarium Costa de Almería (gaztelaniaz)
  3. Tiburón Tigre. Wikitiburones. (gaztelaniaz)
  4. Tiger Shark- National Geographic. (ingelesez)
  5. 11 Facts About Tiger Sharks // (2018). Mentalfloss. (ingelesez)
  6. Nadando con el tiburón tigre // (2019). National Geographic. (gaztelaniaz)
  7. Tiburón Tigre. Bioenciclopedia. (gaztelaniaz)
  8. Tiger Shark (youtube). Shark Academy (ingelesez)
  9. "El Tiburón Tigre. Conoce a este impresionante animal" // (2016). Nautical News Today. (gaztelaniaz)
  10. "Tiburón tigre – Características, ataques y hábitat". Topbuceo.net. (gaztelaniaz)
  11. Tiburón Tigre. Pangea Animales. (gaztelaniaz)
  12. Fun facts about Tiger Sharks. Oceana. (ingelesez)
  13. "ITIS Report – Galeocerdo cuvier". Integrated Taxonomic Information System!. 2015-eko abenduak 30ean kontsultatuta.
  14. Tiger Shark – The Province of New Brunswick Canada. New Brunswick. 2011-ko ekainak 9-an kontsultatua.
  15. Heithaus, Michael R. (maio de 2001). "The Biology of Tiger Sharks, Galeocerdo cuvier, in Shark Bay, Western Australia: Sex Ratio, Size Distribution, Diet, and Seasonal Changes in Catch Rates". Environmental Biology of Fishes 61 (1): 25–36. doi:10.1023/A:1011021210685.
  16. Tiger Sharks Killed for Eating Leatherback Turtles. Shark Defenders (2011-04-16). 2013-ko martxoak 23-an kontsultatua.
  17. Simpfendorfer, Colin A.; Goodreid, Adrian B.; McAuley, Rory B. (1 de xaneiro de 2001). "Size, Sex And Geographic Variation in the Diet of the Tiger Shark, Galeocerdo cuvier, From Western Australian Waters". Environmental Biology of Fishes 61 (1): 37–46. doi:10.1023/A:1011021710183.
  18. "ISAF Statistics on Attacking Species of Shark". International Shark Attack File. Florida Museum of Natural HistoryUniversity of Florida. 2008-05-04 datan kontsultatua.
  19. "Tiger Shark Research Program". Shark & Reef Fish Research. Hawaii Institute of Marine Biology.
  20. Main, Douglas (2013/09/10). "Hawaii tiger shark migration in fall coincides with rise in bites". CBS Science News. 2014-ko urriak 15-ean kontsultatua.
  21. "Prohibition of Shark Feeding". Hawaii Department of Land and Natural Resources, Hawaii Department of Agriculture. 2014-05-26 datan kontsultatua.
  22. CUANTO VIVEN los TIBURONES? Esperanza de vida promedio y más!. Infomarina.net
  23. Los 10 tiburones más grandes del mundo. Pecesdelmar.com
  24. Marrazo tigrea. Depeces.com
  25. Tiburón tigre. Tiburonpedia.
  26. Tiburón tigre: características, hábitat, alimentación, comportamiento. Lifeder.com
  27. Carvalho Brandão, Mariana Cesar; Veiga Conrado, André Luiz; Ferreira, Luiza Ishikawa; Malavasi Bruno, Carlos Eduardo "Biología del tiburón-tigre Galeocerdo cuvier: Revisión" (PDF) REDVET. Revista Electrónica de Veterinaria, vol. 18, núm. 9, septiembre, 2017, pp. 1-18 Veterinaria Organización Málaga, España
  1. Sepkoski, Jack. (2002). «A compendium of fossil marine animal genera (Chondrichthyes entry)» Bulletins of American Paleontology 450: 560. ISBN 0877104506..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]