Galiziera

Wikipedia, Entziklopedia askea
Galiziera edo galegoa
lingua galega — galego
Datu orokorrak
Lurralde eremuaEspainia
Hiztunak3.170.000
OfizialtasunaGalizia
EskualdeaGalizia, Bierzo eta As Portelas (Gaztela eta Leon), Eo-Navia (Asturias), Jalimako bailara (Extremadura) (eztabaidatua)
AraugileaReal Academia Galega
Hizkuntza sailkapena
giza hizkuntza
indoeuropar hizkuntzak
hizkuntza italikoak
hizkuntza erromantzeak
mendebaldeko hizkuntza erromantzeak
hizkuntza galo-iberiarrak
hizkuntza ibero-erromantzeak
Iberia Mendebaldeko hizkuntzak
hizkuntza galiziar-portugesak
Informazio filologikoa
Hizkuntza-tipologiasubjektu aditza objektua eta silabadun hizkuntza
Alfabetoalatindar alfabetoa
Hizkuntza kodeak
ISO 639-1gl
ISO 639-2glg
ISO 639-3glg
Ethnologueglg
Glottologgali1258
Wikipediagl
Linguasphere51-AAA-ab
IETFgl

Galiziera edo galegoa[1] hizkuntza erromantzea da. Galizian (Espainia) hitz egiten da eta bertan izaera koofiziala du gaztelaniarekin batera. Halaber, Asturiaseko mendebaldean (asturieraren eragin handiarekin, besteren artean eonaviera deituz) eta Gaztela eta Leongo erkidegoko Bierzo (Leon) eta As Portelas/Las Portillas (Zamora) eskualdeetan ere hitz egiten da, estatus koofizialik izan gabe. Horrekin batera, Extremadurako Jalimako bailarako (Caceres) hiru herritan hitz egiten den mintzaira (Extremadurako fala) galizieratzat jotzen dute hizkuntzalari batzuek.

Hiru milioi lagun inguruk hitz egiten dute galiziera.

Portugesarekin batera, sistema linguistiko bakarra osatzen du, galego-portugesa, bi hizkuntza hauen arteko antzekotasunak handiak izanik. Zentzu horretan, zenbait autorerentzat Portugal iparraldean mintzatzen dena ere galizieratzat jo beharko litzateke[2].

Zenbait sektorek (erreintegrazionista edo lusista deituak) galizierarentzako beste idaztarau bat proposatzen dute, portugesetik gertuago dagoena. Sektore hauek Associaçom Galega da Língua elkartean biltzen dira batik bat.

Historia

Galizieraren hiru hizkuntza multzoak.

Galiziera, beste hizkuntza erromaniko guztiak bezalaxe, Gallaecia antzinako probintzia erromatarrean hitz egiten zen latin arruntetik dator. Probintzia honek gaur egungo Galizia, Portugal iparraldea, Asturiasko Printzerria, Leóngo probintzia eta Zamorako probintziaren zati bat hartzen zituen.

Mendebaleko Inperio Erromatarra erori zenean, latinaren aldaerak indartu egin ziren. Horietako bat Erdi Aroko galiziera edo galaikoportugesa zen.

Galizieraz idatzita aurkitu den dokumentu zaharrena 1228koa da [3]. Castro Caldelaseko foru bat da: <<Foro do bo burgo do Castro Caldelas>>, Leongo Alfontso IX.ak emanda urte horretako apirilean, Orenseko probintziako herri honi. Latino-galiziera-portugesa dokumenturik zaharrena Portugalden aurkitu da, eta Sozelloko Elizari emandako dohaintza da. Egun, Toore do Tomboko Artxibo Nazionalean dago eta 870. urte ingurukoa dela pentsatzen da.

Erdi Aroan, galaikoportugesa okzitanierarekin batera trobadoreek Iberiar Penintsulan erabili zuten ama hizkuntza izan zen (ikus lirika galaikoportugesa). Gaztelako erregeak, Alfontso X.a Jakitunak galaikoportugesean Cantigas de Santa María idatzi zuen.

XII. mendetik aurrera, Portugalgo konderria Galiziatik bereizi zenean, Erdi Aroko galiziera bitan zatitzen hasi zen: egungo galizieran eta portugesean. Biak guztiz XIV. mendean garatzen dira.

Erdi Aroaren amaieran, galiziar noblezia gaztelania erabiltzen hasi zen eta ondorioz, gaztelania galizieraren gainetik jarri zen. Horrek guztiak galiziera esparru publikoan ez erabiltzea ekarri zuen (diglosia). Gaztelaniaren eraginak, isolamenduaz gain (portugeseran arkaismoak direnak galizieran ez izatea ekarri zuen), galiziera portugesetik urrundu zuen, Portugalgo Erresumako hizkuntza ofiziala zenetik. Gainera, Erresuma itsasoaz haraindi zabaldu zen. Galizian XIX. mende bukaera arteko garaiei séculos escuros deitzen zaie (mende ilunak).

XIX. mende bukaeran, Rexurdimento izeneko mugimendu literarioa sortu zen egile hauei esker: Rosalía de Castro, Curros Enríquez, Valentín Lamas Carvajal eta Eduardo Pondal. Galiziera literaturara eraman zuten eta ia poesian baino ez zen erabiltzen. XX. mende hasieran, galiziar nazionalismoko alderdiak galiziera mitinetan erabiltzen hasi ziren. 1906an, Real Academia Galega sortu zen, hizkuntza zabaltzeaz eta babesteaz arduratzen zena. 1936ko Autonomia Estatutuan galiziera hizkuntza koofizial bilakatu zen gaztelaniarekin batera. Hala ere, gerra zibilaren ondoren, galizieraren aurkako errepresio gogorra egon zen. Ondorioz, berrogei urtetako galiziar literatura deserrian idatzi zen. 70. hamarkadan, aldaketa handiak gertatu ziren eta 1978tik galiziera Galiziako hizkuntza ofiziala da; bai Espainiako Konstituzioaren arabera, bai 1981ko Autonomia Estatutuaren arabera.

Gaur egun, galizieraren erabilera handiagoa da landa-eremuan eta txikiagoa hirietan, gazteleraren eraginez. Hala ere, Galiziako hizkuntza erabilerari buruzko galdeketan, biztanleriaren %80k erabiltzen du galiziera eta biztanleen %91,04k daki galiziera (2001eko errolda) [4]. Espainiako nazionalitate historikoen artean, galiziera da gehien erabiltzen dena baina esaterako, katalanak baino onarpen sozial txikiagoa du. Galizierak frankismoan politika zentralisten errepresioa jasan zuen eta Erdi Aroaren amaieratik galiziarrek beraiek galiziera baserritarren eta behe mailako gizartearen hizkuntzatzat hartzen du. Kontuan hartu behar da, hizkuntza propioa duten Espainiako beste lurraldeekin alderatuz (Katalunia, Valentziako komunitatea, Balearrak, Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoa), Galizian ez zela espainiar hiztunen immigrazioa (beste erkidegoetatik etorritakoak) egon eta horrek mapa soziolinguistikoan eragina izan du. Praktikan, galiziarrek gaizki zaindutako galiziera darabilte, gaztelaniaren lexikoa, fonetika eta prosodia sartzen dute baina galizieraren eraikuntzak mantentzen dituzte. Hirietan, gaztelera eta galizieraren arteko nahasketa hitz egin ohi da, castrapo deitzen dena.

Urtero, maiatzaren 17an Día das Letras Galegas ospatzen da Real Academia Galegak hautatutako idazle baten omenez. Instituzioek eta talde soziokulturalek egun hori galizieraren erabilera bultzatzeko erabiltzen dute, baita galiziar literatura ezagutarazteko ere.

Kronologia txikia:

Hizkuntza multzoak

Galizieraren aldaerak.

Real Academia Galega (RAG) eta Instituto da Lingua Galega (ILG) erakundeek zehaztutako galizieraren banaketa dialektologikoaren arabera, hiru hizkuntza multzo bereiz daitezke galizieraren barruan, eta bakoitzak bere berezitasuhnak ditu. Mendebaldeko multzoak Rias Baixas barne hartzen du eta Santiago Compostelakoara iristen da. Erdiko multzoa Galiziako lurraldearen zatirik handienean hedatzen da. Ekialdeko multzoak, berriz, Galiziako ekialdeko eskualdeak eta Asturiasko (Eo-Navia), Leongo (Bierzoko herri batzuk) eta Zamorako (As Portelas/Las Portillas) lurralde mugakideak biltzen ditu.

Multzo hauen arteko desberdintasunik nabarmenetakoa -n bukaera duten hitzekin plurala sortzeko modua da. Banatzen dituzten isoglosak cans/cas dira (ekialdeko eta erdiko multzoetan, hurrenez hurren) eta cas/cais (erdiko eta mendebaldeko multzoak, hurrenez hurren hauek ere).

Lindley Cintra filologo portugaldarrak galizieraren dialektoak galiziar-portugaldar diasistemaren parte gisa ikertu zituen. Portugalen egile erreferentziala den honek galiziera bi aldetan banatu zuen: mendebaldekoa, non gheada (/g/ fonemaren aspirazioa, ingelesaren antzeko /h/ aspiratu bihurtuz) ematen den, eta ekialdekoa, non fenomeno hori ez den gertatzen.

Hezkuntza

Galescola izeneko eskolak 2007-08 ikasturtean abiatu zituzten, 0 eta 3 urte arteko haurrei begira eta Galiziako Xuntak sustatuta (PSG eta BNG).

Egoera soziolinguistikoa

Galiziako Estatistika Institutuaren arabera, galiziera jatorrizko hizkuntza gisa duten galiziarren portzentaia, biztanleria eta etxebizitza erroldak kontuan hartuz.

Galizian

Galizieraren erabilera (2001)
Osotara Beti Batzuetan Inoiz ez
Osotara 2.587.407 1.470.836 %56’84 783.780 %30’29 332.791 %12’86
5 urtetik 9ra 101.840 38.329 %37’63 48.651 %47’77 14.860 %14’50
10 urtetik 14ra 122.747 50.891 %41’46 60.430 %49’23 11.426 %9’30
15 urtetik 19ra 156.950 69.760 %44’44 66.343 %42’27 20.847 %13’28
20 urtetik 24ra 207.341 95.008 %45’82 77.044 %37’15 35.289 %17’01
25 urtetik 29ra 213.402 96.059 % 45’01 79.586 %37’29 37.757 %17’69
30 urtetik 34ra 201.392 94.785 %47’06 72.506 %36’00 34.101 %16’93
35 urtetik 39ra 193.342 96.992 %50’16 65.641 %33’95 30.709 %15’88
40 urtetik 44ra 191.180 104.074 %54’43 60.615 %31’70 26.491 %13’85
45 urtetik 49ra 174.056 100.166 %57’54 51.965 %29’85 21.925 %12’59
50 urtetik 54ra 168.473 102.227 %60’67 46.607 %27’66 19.639 %11’65
55 urtetik 59ra 163.029 106.103 %65’08 39.920 %24’48 17.006 %10’43
60 urtetik 64ra 135.040 94.459 %69’94 27.844 %20’61 12.737 %9’43
65 urtetik gorakoak 558.615 421.983 %75’54 86.628 %15’50 50.004 %8’95


Galizieraren ezagutza (garapena)
Data Ulertzen dute Hitz egiten badakite Irakurtzen badakite Idazten badakite
1991ko errolda %96’96 %91’39 %49’30 %34’85
2001eko errolda %99’16 %91’04 %68’65 %57’64

Iturria: Plano Xeral de Normalización da lingua galega

Galiziatik at

Galiziatik kanpo (Gaztela eta Leongo ingurune galizieradunetan eta Asturiasko Eo-Navian) galiziera ez da ofiziala, eta hortaz, berari buruzko ikerketak urriak dira lurraldeotan. Asturiasen kasuan, eonavierak koofizialtasunera iristen ez den nolabaiteko onarpen instituzionala du, baina galizieratzat jo gabe.

Dialektoak

Real Academia Galega (RAG) eta Instituto da Lingua Galega (ILG) taldeek Galiziako bereizketa dialektologikoan hiru dialekto bereizten dituzte, bakoitzak bere berezitasunekin. Lehena, mendebaleko blokea, Rias Baixasen hasi eta Santiago de Compostelara heltzen da. Erdiko blokeak leku gehiena hartzen du, Galiziako leku gehienak eta ekialdeko blokeak Galizia ekialdea, Asturiasekin mugan dauden lurraldeak, Leóngo probintzia eta Zamorako probintzia hartzen ditu. Bloke hauek -n kontsonantez amaitzen diren hitzetan plurala egiteko erabiltzen den mekanismoa hartzen da haintzat. Mendebaldeko eta erdialdeko blokea cans/cas isoglosek mugatzen dute eta erdialdeko eta ekialdeko blokea cas/cais isoglosek.

Lindley Cintrak, filologo portugesak, galiziera-portugesa diasistema bezala aztertu zituen galizieraren dialektoak. Portugalen garrantzi handia dute bere lanek. Galizian bi eremu bereizi zituen: mendebalekoa gheada (/g/ > /h/ aldaketa) fenomenoa duena eta ekialdekoa, fenomeno hau ez duena.

Ekialdeko eremuan badago leku kontserbatzaile bat. Bertan "n" ezabatu egiten da: "úa" < "unha", "razois" < "razons" (ekialdekoa) o < "razós" (erdialdekoa). Iparretik hegora portugesaren/asturieraren aginteran eboluzio bat dago: <-ái> erdialdeko galiziean <-ade> eta <aide> asturieran ("calái", "probáino" ordezkatuz "calade"/"calaide" eta "probádeo"/ "probáidelo"). Ekialdeko galizieran asturieraren <-in> txikigarria erabiltzen da: "rapacín" eta "pequenín", "rapacía" y "pequenía" femeninoan, non <n> ezabatzen den. Lexikoan leoieraren eragina ere antzematen da: "naide" ordezkatuz "ninguén". Halaber, hizkuntza galaikoportugesaren yod epentetikoaren aurrerapenaren ondorioz hitz hasieran <l> ager daiteke: "llobo", ordezkatuz "lobo". Eragin bera alderantziz ere gerta daiteke: mendebaleko leoieran galizieraren ezaugarriak agertzea.

Hiztegia

  • Bo día / Bos días = Egun on
  • Como te chamas? = Nor zara? / Nola izena duzu?
  • Quérote / Ámote = Maite zaitut.
  • Desculpe = Barkatu.
  • Grazas = Eskerrik asko.
  • Benvido / Benvida = Ongi etorri.
  • Si = Bai.
  • Non = Ez.
  • Can = Txakur.
  • Avó /aˈbo/ = Aitona.
  • Periódico / Xornal = Egunkari.
  • Espello = Ispilu.
  • Terra = Lur.
  • Ceo = Zeru.
  • Auga = Lur.
  • Lume = Su.
  • Home = Gizon.
  • Muller = Emakume.
  • Xantar = Jan.
  • Grande = Handi.
  • Pequeno = Txiki.
  • Noite = Gau.
  • Día = Egun.
  • Morriña/saudade = Herrimin
  • Laranxa = Laranja

Erakunde ofizialak

Hedabideak

Literatura

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Galiziera Aldatu lotura Wikidatan
Hizkuntza honek bere Wikipedia du: Bisita ezazu.

Elkarte eta erakundeak

Ekimenak

Literatura

Galiziatik kanpo

Ikasteko