Gangrena gaseoso

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
gangrena oinean

Gangrena gaseosoa Clostridium perfringens bakterioak eragindako patologia larria da, ehun organikoen nekrosia eta deskonposizioa sortzen duena. Gaitza zauri bat infektatzen denean harrapatzen da.

Orokorrean, bi gangrena mota bereizten dira:

  • gangrena lehorra, odol-zirkulazioaren ezak sortutakoa. Ez du jatorri infekziosoa, eta arteriosklerosiak, enboliak edo tronboek eragin dezakete. Odola ez da gangrenatutako tokira iristen.
  • gangrena hezea, jatorri infekziosoa duena. Gangrena gaseosoa multzo honetako gangrena mota da, Clostridium perfringens-ek sortutakoa. Infektatuta dauden ehunetan gasa agertzen da, bakterio horrek burutzen duen hartziduraren ondorioz.

Infekzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zauri zikin eta sakonak dira bakterio patogenoaren sarbidea. Zauri hauetako ehunek ingurugiro anaerobioa dute, mikrobio eragilearen hazkuntza errazten duena, tetanosen antzera (gangrena gaseosoa eta tetanosa Clostridium genoroko espezieek sortutakoak dira, eta infektatzeko antzeko era dute).

Ehunetan kokaturik Cl. perfringens-ek toxina indartsu batzuk ekoizten ditu, odolera pasatzen dutenak, gaitzaren sintomatologia larria eraginez.

Sintoma klinikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaitzaren inkubazio epea 18-36 ordu bitartekoa da.

Gangrenatutako gorputz zatia (zauriarena) moretzen eta iluntzen da, eta kirats handiko zornea isurtzen du, gas-burbuilak dituena. Kiratsa eta gasa mikrobio patogenoak burutzen duen hartziduraren ondorioak dira.

Bakterioaren toxinek ehunetako nekrosia sortzen dute. Odolera pasatzerakoan toxina horiek sukarra, okadak, bihotz-arazoak eta shock orokorra eragiten dute, sarritan heriotza dakartena.

Tratamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenbailehen ezarri behar da.

Lehenengo fase batean antibiotikoak ematen dira, zain barneko bidetik, mikrobioaren hazkuntza galerazteko (penizilinaren familiakoak). Horrekin batera kirurgia erabiltzen da, hilda, minduta eta infektatuta dauden ehunak errotik ateratzeko.

Oxigenoterapia hiperbarikoa ere erabiltzen da, arrakasta aldakor batekin. Terapia hau infektatutako ehunetan oxigenoaren ezarpenean datza; Cl. perfringens anaerobioa denez, oxigenoaren aurrean hiltzen da.

Neurri horiek nahikoak ez direnean gangrenatutako gorputz-zatiaren ebakitze edo anputazioa ezinbestekoa da.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Gangrena gaseoso Aldatu lotura Wikidatan