Garapen iraunkor

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
garapen iraunkorra

Garapen iraunkorra, jasangarria edo sostengagarria garapen mota bat da (ekonomiarena, hiriena, gizartearena eta abarrena), ondorengo belaunaldien garapena eragozten ez duena, baliabide naturalen eta ondarearen kalitatea eta kantitatea gordetzen baititu.

Helburua hiru zutabe hauek bateratzea da:

Bateratze hau hiru zutabeen edo kontzeptuen arteko harremanean datza. Harreman hau 3 B kontzeptuak dira:

  • Bidezkoa (ekonomiaren eta gizartearen arteko oreka)
  • Bizigarria (gizartearen eta ingurumenaren arteko oreka)
  • Bideragarria (ingurumenaren eta ekonomiaren arteko oreka)

3 B hauek betetzen badira, garapena iraunkorra izango da.

Izenaren inguruan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontzeptu hau izendatzeko Euskaltzaindiak garapen iraunkor terminoa hobetsi du 2004ko urtarrilaren 30ean, frantsesaren bidetik: devéloppement durable (hala ere, Frantzian eztabaida handia piztu da termino egokiena zein den, eta askok devéloppement soutenable darabilte).[1] Izan ere, terminoa ingelesez sortu zen, eta hizkuntza hartan sustainable development du izena kontzeptu honek. Gaztelaniak bide horri jarraitu dio: desarrollo sostenible. Eta euskaraz ere bada bide horretatik sortutako termino bat: garapen sostengagarri.

Euskaraz, hala ere, hainbat adituk eta hiztegigilek garapen jasangarri terminoa darabilte; eta zenbait adituk nahiago dute kudeaketa jasangarri terminoa, haien ustez dena ez baita garapena.

Horiez gain, bada kontzeptu hori izendatzeko erabili den beste aukerarik, hala nola garapen eutsigarri, garapen iraungarri, iraunbidezko garapen eta abar.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1968: Erromako Kluba sortu zuten Aurelio Peccei Fiat enpresako administrazio kontseiluko kideak, Alexander King zientzialari eskoziarrak eta beste hainbatek, munduaren garapen eta eboluzioa ikertzeko helburuarekin, batez ere hazkunde globalaren mugak aztertu nahian.

1972: Erromako Klubak txosten bat plazaratu zuen, Hazkundea gelditu? edo Hazkunderako mugak izenekoa (The limits to growth), klubaren enkarguz Massachusetts Institute of Technology erakundeko ikerlariek idatzia. Txosten honek gizadiaren eboluzioaren simulazio informatikoak ematen ditu, baliabide naturalen ustiapenaren arabera, 2100 urtea arte. Txostenak dioenez, orduko hazkunde ekonomikoak jarraituz gero XXI. mendean zehar munduko biztanleria neurrigabeki gutxituko zen, batez ere kutsaduraren handitzea, landa lurren antzutzea eta energia fosilen urritzea dela-eta.

1972: Giza ingurumenari buruzko Nazio Batuen batzarra Stockholmen. Eko-garapena kontzeptua agertu zen, hau da, garapen ekonomikoa ezin dela kontuan hartu horrekin batera gizarte garapenik eta naturaren babesik ez badago. Lehen Lurraren Goi Bilera izan zen. 1970eko hamarkadan, ingurumena munduko ondaretzat hartzen hasi zen, hurrengo belaunaldiei pasarazteko oinarrizko ondarea. Hans Jonas filosofoak ardura hau adierazi zuen Erantzukizun printzipioa liburuan (1979).

1973: Ernst Friedrich Schumacher ekonomialariak Small is beautiful liburu eraginkorra plazaratu zuen, non lehen aldiz kapital naturalaren kontzeptua agertu zen. Horrenbestez, gizateriaren kapital osoa hiru kapital ezberdinen batuketa gisa ulertuko zen, alegia, kapital naturala, kapital soziala eta kapital artifiziala. Gaur egun onartua dago garapen iraunkorrak ezin duela kapital naturala inondik ere murriztu.

1980: Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Batasuna erakundeak txosten bat plazaratu zuen, Kontserbaziorako estrategia globala. Bertan agertu zen lehen aldiz garapen iraunkorra kontzeptua, ingelesezko sustainable development hitzekin.

1987: Brundtland txostena. Garapen iraunkorra garapen mota bat da, oraingo beharrei erantzuten diena baina ez dituena ondorengo belaunaldienak eragozten. Honi bi kontzeptu atxiki zaizkio: "beharren kontzeptua", batez ere probreenen oinarrizko beharrei lehentasuna ematea, eta gure teknikak eta gizarte organizazioaren "mugek" duten eragina ingurumenaren gaitasunean oraingo eta geroko beharrei erantzuteko.

1992: Rio de Janeiroko Goi Bilera (ekainaren 3tik 14ra). Garapen Iraunkorra kontzeptuaren garrantzia eta hau ezagutarazteko/mediatizatzeko ahalegina. Agenda 21 delakoen sorrera. Brundtland txosteneko definizioa, ingurumenaren babesa eta baliabide naturalen arrazoizko kontsumoa ardatz zuena, aldatu egin zen. Horrela, hiru zutabe edo kontzeptuak agertu ziren, garapen iraunkorraren arabera lortu beharrekoak, beti ere garapen ekonomikoa, gizarte justizia eta ingurumenaren babesa elkarrekin batuz.

2000: Johannesburgoko Goi Bilera (abuztuaren 26tik irailaren 4ra). Estatuburuek, gobernu ordezkariek eta Gobernuz Kanpoko Erakundeek itun bat hitzartu zuten, baliabide naturalen eta bioaniztasunaren babesa bultzatzeko.

2005: Kiotoko protokoloa. Berotegi efektua sortzen duten gas isuriak murrizteko ituna.

2007: Baliko goi-bilera, Kiotoko protokoloa eguneratzeko. AEBek eta Txinak ez zuten itunik sinatu nahi izan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Frantsesez) Developpement Soutenable webgunea.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Garapen iraunkor