Gartzea Eugi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Garcia de Eugui» orritik birbideratua)
Gartzea Eugi
Baionako apezpikua

Bizitza
Herrialdea Nafarroako Erresuma
Heriotza1425
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakapaiz katolikoa eta historialaria
Lan nabarmenak
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa
Erlijio-ordenaagustindar

Gartzia Eugi (?-1409) nafar agustindar fraidea izan zen, Baionako apezpiku, Karlos II.aren aitor-entzule eta Erresumako kronikaria izandakoa. Harena da, halaber, ''Cronicas de los fechos que fueron fechos antigoamemte en Espayña segunt se trueba proscripto en diversos libros antigos kronika-liburua[1] eta baita honen eranskina zen Genealogía de los reyes de Navarra ere.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Datu zehatzik ez baditugu ere, bere abizenagatik litekeena da Eugin jaioa izatea. 1358an, jada agustindarra zenean, erregearen anaia zen Luis Nafarroakoak Gaztelako Erresuman ikasteko laguntza eman zion. Gero hainbat aldiz itzuli zen Gaztelara diplomatiko moduan. 1370ean Iruñeko agustindarren priorea izan zen eta baita teologia-irakurlea ere. Garai haietan Normandia aldean zegoen erregearekin. Bost urte geroago, erregeak compaignon eta aitor-entzule izendatu zuen, urtean 30 urrezko frankoen errenta izanik.[2][3]

1378an Logroño hartzeko saiakeran parte hartu zuen, Petri Manrique gaztelar adelantadori hiria errenditzearen truke 20.000 florin eskura eman baitzizkion. Nafar erregearen etsaia zen Karlos V.a Frantziakoak gaztelarrak ohartarazi eta Errioxara zihoan nafar armada gaztelarrek menderatua izan zen. Gainera, gaztelarrak Nafarroan sartu ziren eta erregea Brionesko ituna sinatzera behartu zuten.[4] Bake-itun honen ondorioz, zenbait nafar gaztelu gaztelarren eskuetan geratu ziren, nafarrek Lizarrako merindadeko eremu batzuen kontrola galdu zuten, Ingalaterrarekin zuten aliantza militar hautsi behar izan zuten eta Avignongo Aita Santu zismatikoa onartu behar izan zuten. Porrota erabatekoa bazen ere, Eugik ez zuen erregearen konfiantza galdu eta hurrengo urteetan zenbait misio diplomatiko agindu zizkion eta, errentaren truke, Etxarri Aranatzeko hamarrena lortu zuen.[5]

Karlos II.aren bitartekaritzari esker, 1385ean Klemente VII.ak Baionako apezpiku izendatu zuen, baina Lapurdi ingelesen eskuetan zegoenez ezin izan zuen kargu berriaz jabetu. Hala ere, elizbarrutia Donibane Garazitik kudeatu zuen, Gortean zegoen bitartean.[6] Urte berean, Karlos infantearekin batera, Gaztelara joan zen. Bertan Joan I.a Gaztelakoarekin El Espinarko ituna negoziatu zuten, gatazka zismatikoan mantendutako neutraltasuna uztearen truke Brionesko itunaren baldintzak hobetzeko asmotan.[7]

1386an Lizarrako itunaren lekukoetako bat izan zen eta bertan Avignongo Aita Santuaren onarpena oraindik erabakitzeke zegoen. Hurrengo urtean Karlos II.a hil zen eta Gartze Eugi, Karlos Beaumontekoa errege-alferezarekin batera, hiru astez erregeorde izan zen, justu Karlos III.a Gaztelatik itzuli zen arte.[8] Eugi errege berriaren aitor-entzule bilakatu zen eta honek 1388an Etxarriko hamarrenak biziarteko bihurtu zituen.[9] 1398ra arte apenas ez da agertuko Gorteko paperetan, urte hartan Karlos infantearen tutorea izan baitzen. 1405eko azaroaren 12an, Baionako apezpikuaren karguan, Erriberrin Joana Nafarroakoa eta Joanes I.a Foixkoa ezkondu zituen. Handik gutxira hil omen zen, data ezezaguna bada ere, 1409an Baionak apezpiku berri bat zuelako.[10]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Lur entziklopedietatik hartua.
  2. Ward, 19-20. orr.
  3. Orkastegi, 548. orr.
  4. Michaud, Joseph Fr.; Michaud, Louis Gabriel. (1854). Biographie universelle ancienne et moderne. Desplace, 560 or..
  5. Ward, 20-22. orr.
  6. Ward, 22-23. orr.
  7. Idazle batzuk. (1981). Ediciones Rialp. Madril, 313 or. ISBN 84-321-2100-2..
  8. Orkastegi, 549. orr.
  9. Ward, 24. orr.
  10. Ward, 26-27. orr.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]