Gargantua eta Pantagruel

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gargantua eta Pantagruel
Gargantuaren haurtzaroa, Gustave Doréren irudia (1873)
Datuak
IdazleaFrançois Rabelais (1532 aldean – 1564 aldean)
Argitaratze-data1534 (egutegi gregorianoa)
GeneroaSatira
Jatorrizko izenburuaLa vie de Gargantua et de Pantagruel
HizkuntzaFrantsesa
HerrialdeaFrantzia

Gargantua eta Pantagruel (frantsesez: La vie de Gargantua et de Pantagruel) François Rabelaisek XVI. mendean idatzitako bost eleberriko sorta da. 1532 eta 1564 artean argitaratu ziren, frantsesez. Epopeiaren abiapuntua Gargantua erraldoia protagonista zuen argitalpen bat izan zen. Bi erraldoiren istorioa da: Gargantua aita eta Pantagruel semea. Haien abenturak, modu entretenigarri, bitxi eta satirikoan idatzita daude. Gordintasun eta umore eskatologiko ugari dago, eta indarkeria ere bai. Irainek atal asko betetzen dituzte. Rabelaisek Antzinako Grezia ikasi zuen, eta horretaz baliatu zen ehunka hitz berri asmatzeko, horietako asko frantses hizkuntzan txertatu zirenak.

Liburukiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izenburu laburra Izenburu osoa Argitalpen urtea
1 Pantagruel Les horribles et épouvantables faits et prouesses du très renommé Pantagruel Roi des Dipsodes, fils du Grand Géant Gargantua 1532
2 Gargantua La vie très horrifique du grand Gargantua, père de Pantagruel 1534
3 Pantagruelen Hirugarren liburua Le tiers livre des faicts et dicts héroïques du bon Pantagruel 1546
4 Pantagruelen Laugarren liburua Le quart livre des faicts et dicts héroïques du bon Pantagruel 1552
5 Pantagrueleen Bosgarren liburua Le cinquiesme et dernier livre des faicts et dicts héroïques du bon Pantagruel 1564

Gertakizuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gargantua eta Pantagruel

IV. Kapitulua: Nola Gargamellak, Gargantuaz erditzeko zegoela, tripaki eltze eder bat jan zuen [1]

Gargamella erditu zen aldia eta modua honela izan zen; sinesten ez baduzue, ihesi joan zakizkizuela fundamentua. Fundamentuak hari egin zion ihes, bazkalondo batean, tripaki asko jan ondoren, hau da, askan eta uzta ematen duten belar ugariko larretan gizendutako idien heste koipetsuak jan ondoren. Idi gizendu haietatik hirurehun eta hirurogeita zazpi mila hamalau hilarazi zituzten. Astearte Inauterako gazitzeko, eta horrela, udaberrian otorduen hasierarako zezin ugari edukitzeko, gazituei dagokien oroitzapena eginez ardoa hobeto sartzeko.
Tripakiak ugari izan ziren, pentsatuko duzuen bezala, eta hain gozo zeuden ezen guztiek behatzak ere miazkatu zituzten. Baina lau pertsonaien deabrukeriak erabaki zuen ezin zitezkeela denbora luzean kontserbatu, usteltzeko arriskua zela eta. Horregatik Sainnais, Suillé, Roche Clermaud eta Vaugaudrayko biztanle guztiak gonbidatu zituzten, Coudray, Montpensier, Gué de Vedetarrak eta beste auzo batzuk ahaztu gabe, edale onak guztiak, kide onak eta bola jokalari trebeak.
Grandgousier, gizon jatorra, pozaren pozez zegoen, eta guztiei katiluak bana ziezaizkieten agindu zuen. Emazteari askotan esaten zion gutxiago jateko, ikusirik haurdunaldiaren azkena hurbil zegoela eta janari hura gehiegizkoa zela. Emakume hau –esaten zuen– gauza da kaka ere jateko sabela betetzekotan.
Errieta horiek gorabehera, hamasei moio jan zituen, berrehun eta hamasei pieza eta hamasei poto. Zein gorotz materia ederra egingo zen haren sabelean!
Guztiek jan zutenean, zabu eginez, larrera alde egin zuten, eta han, belar samurretan, kornamusa eztien eta txirula alaien hotsean dantzatu ziren, hain era basatian, ezen haiek jauzika eta jolasean ikustea denbora-pasa zerutiarra zen.

Rabelaisek Gargantuaren seme Pantagruelen abenturak kontatzea erabaki zuen (Les horribles et épouvantables faits et prouesses du très renommé Pantagruel Roi des Dipsodes, fils du Grand Géant Gargantua, 1532 aldean). Lan horren alderdi barregarriari -heroiaren funtzio fisiologikoak eskala erraldoira eramatearen ondoriozkoa- gertaera sinesgaitzak zehaztasun handiz kontatzeko asmoa gehitu behar zaio. Lan hark izugarrizko arrakasta izan zuen, eta Rabelaisek haren jarraipena egin beharrean, Gargantua eredua osatzeari ekin zion. Hala sortu zen Gargantua, kontakizunaren kronologian Pantagruelen aurrekoa.

Kontakizuna mila ataletan banatuta dago, eta haien artean ospetsuenetako bat Notre-Dameko kanpaien lapurreta azaltzen duena da. Rabelaisek sarkasmo handiz erakusten du gertaera horren bidez Parisko unibertsitate-ikasleen giroa. Izan ere, Rabelaisen ezaugarri nagusietako bat kontakizun komiko-fantastikoa eta errealismo biziko gaia elkarri egokitzea da. Ohikoak dira, bestalde, Rabelaisen lanetan bere garaiko gizartearen kritika zorrotza batzuetan, eta besteetan, berriz, zenbait jarrera ideologikoren aldeko jarrera. Atal arduragabe eta profanatzaileen ondo-ondoan, konpromiso intelektual handiko orrialdeak agertzen dira.

Hirugarren liburua aurrekoen oso bestelakoa da; lehenengo planoan ez da Pantagruel agertzen, Panurgo baizik, eta bi gai nagusiri buruzko jardun sotil adierazgarriak hartzen du ekintzaren lekua: Panurgoren oparotasunari eta haren ezkontzari buruzko jardunak, hain zuzen ere. Urte haietan emakumezkoen nagusitasunaren edo gutxiagotasunaren inguruan zabaldua zegoen eztabaidaren isla zen bigarren gaia. Dena dela, Sorbonako teologoen gogortasunak behartu zuen Rabelais hirugarren liburua beste era batera osatzera; izan ere, erregeak askatasun osoa eman baitzien teologo haiei heresia-susmoen kontra aritzeko; hala eta guztiz ere, Rabelaisek ezin izan zion ihes egin zigorrari.

Laugarren liburuak Pantagruelen odisea kontatzen du; Pantagruel Txinara doa orakulu bati aholkua eskatzera, Panurgok ezkontzaren bertuteei buruz erabakia har dezan: itsaso eta lurralde ezezagunetan barrena egindako bidaiak aukera ematen dio Rabelaisi irudimenezko kontakizunen plazerean buru-belarri murgiltzeko eta pertsonaia alegorikoak deskribatzeko. Aita santuaren eta Frantziako erregearen artean desadostasuna izan zen aldian (1551-1552), eta egoera hartaz baliatu nahirik, osagai kritikoak erantsi zizkion Rabelaisek liburuari, baina argitalpen berria kaleratu zenerako bi alderdiak adiskidetuak ziren eta ezin ihes egin zion parlamentuaren zigorrari.

Rabelais hil eta gero, Bosgarren liburua argitaratu zen, Sonante uhartea (1562) L'isle Sonante) izenburupean; Erromako kuriaren kontrako alegoria gogorra da.

Euskarazko ahapaldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pantagruel liburuaren IX. kapituluan Rabelaisek euskarazko ahapaldi, hau ipini zuen Panurgeren ahotan:

« Jona andie guaussa goussi etan beharda er remedio; beharde versela ysser landa. Anbates otoy y es nausu ey nessasaust gourray proposian ordine den. Non yssena bayta facheria egabe gen hearssy badia sedassu nouza assia. Aran hondavan gualde cydassu naydassuna. Estou oussyc eg vinan soury hien ez dastura eguy hazm Genicoa plasar vadu? »


Inprimatutako lehen euskarazko testua den hau, ulertzeko zaila da, inprimategiko kopista eta tipo-paratzaileek egin zituzten hutsegiteengatik. Joan Batista Artxuk era honetan lehengoratu zuen ahapaldia[2]:

« Jaun handia, gauza gucietan behar da erremedio; bear den bezela (ó bezala) izan, lan dá. Hambatez, othoyez nauzii, einezazüt (egin ezazut) gure preporian ordu dena, non izanen baita facheria gabe jinerazi badiezadazu neure hacia (asia?). Aren hondaran, galde eilazu (egi dazu) nahi duzuna. Ez du hutsik eginen zuri diener gostura egin hark, Jinkoak plazer badu. »


Horrezaz gain, 1534an argitaratu zen Gargantua liburuaren V. kapituluan «lagona edatera» (laguna, edatera) esaldia sartu zuen Rabelaisek.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Rabelais, François. Gargantua eta Pantagruel, IV. Kapitulua. in: Lur erredakzioak euskaratua, Lur Entziklopedia Tematikoa, 1999. euskara.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2015-06-20).
  2. Vinson, Julien. Rabelais y la lengua vasca. in: Revista Euskara, 1879. euskomedia.org (Noiz kontsultatua: 2015-06-20).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]