Gari Kasparov

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Gari Kasparov

Gari Kimovitx Kasparov (Га́рри Ки́мович Каспа́ров /ˈgarʲɪ ˈkʲiməvʲɪtɕ kɐˈsparəf/) (Baku, Azerbaijan, 1963ko apirilaren 13an) xake jokalari errusiarra da, xakeko Munduko Txapeldun ohia, idazlea eta politikaria.

1985ean, Munduko Xake Txapeldun gazteen bilakatu zen eta titulua berea izan zen 1993 arte, xake federazioarekin hautsi eta beste erakunde paralelo bat sortu baitzuen urte horretan: Professional Chess Association. Titulua mantendu zuen Vladimir Kramnikek garaitu zuen arte, 2000n.

Besteak beste, Kasparoven lorpenen artean ELO sistemaren lehen postua bereganatzea dago, jarraian 1986tik 2005ean erretiratu zeneraino. Beste hainbat errekor ere baditu, zenbait torneoren garaipena era jarraian lortuz eta Xakearen Oskarra bereganatuz. 1997an, Deep Blue ordenagailuaren aurkako partida bat galdu zuen. Holakorik gertatzen zen lehen aldia zen.

2005eko martxoaren 10ean, Kasparovek xakea utzi behar zuela iragarri zuen, politikan sartu eta idazteari eman behar ziola-eta. Batasun Zibileko Frontea eraiki zuen eta Vladimir Putinen opositorea zen Beste Errusia zelakoaren kide egin zen,

2007ko irailaren 30ean, Kasparov Errusiako presidentziara aurkeztu zen eta aurrerapen handiak izan zituen, baina, azkenean, Beste Errusia ez zen 2008ko martxoko hauteskundeetara aurkeztu.

Eduki-taula

[aldatu] Biografia eta lehen urteak

Gari Veinxtein Bakun (Azerbaijan) jaio zen 1963ko apirilaren 13an. Ama armeniarra zen eta aita, berriz, judua. Gurasoek xake problema bat proposatu zioten eta horrela sartu omen zitzaion xakea ikasteko grina. Aita berak 7 urte zituenean hil zitzaion eta amaren abizen armeniarra bereganatu zuen, Kasparian hasiera batean, Kasparov errusiartua hartu zuen arte.

7 urtekin joan zen Gari Aitzindarien Jauregira eta, 10 zituenean, Mikhail Botviniken xake eskolan sartu zen, Vladimir Makogonovekin entrenatzen zuelarik. 1976an, 13 urterekin, Sobietar Batasuneko gazte txapelketa irabazi zuen, 9tik 7 puntu lortuz eta, hurrengo urtean, garaipena errepikatu zuen, 9tik 8,5 eginez. Aleksandr Sakharov izan zen bere entrenatzailea garai honetan.

1978an Minskeko Sokolski Memorialean hartu zuen parte. Gonbidapen berezia izan zuen, baina lehen postuan bukatu zuen eta maixu egin zen. Une honetan jakin zuen xakea izango zela bere bizitzako helmuga.

  • Sokolski Memoriala ezingo dut sekula ahaztu idatzi zuen. Munduko Txapelketan ere hortxe pentsatu omen zuen lehenengoz.

1978an 15 urte zituen eta Xakeko Sobiertar Txapelketan klasifikatu zen lehenengoz, maila horretako jokalari gazteena izan zelarik. Daugavpilsen, 64 jokalarien torneo suitzarra irabazi zuen era berean.

Azkar egin zuen aurrera FIDEren klasifikapenean Garik. 1979an, Sobietar Batasuneko Xake Federazioaren erru batez, Maixu Handien torneoan hartu zuen parte Banja Lukan (Jugoslavia). Federazioa gazte torneo bat zelakoan zegoen eta klasifikapenik ere ez zuen, baina goi mailako torneo hura lasaitasunez menderatu zuen.

Hurrengo urtean, 1980an, Mendebaldeko Alemaniako Dortmundeko Munduko Xake Gazte Txapelketa irabazi zuen eta, ondoren, La Vallettako (Malta) Xake Olinpiadetan Sobietar Batasuneko erreserban joan zen.

[aldatu] Arrakasta

Gari Kasparov

Nerabea zen oraindik eta Kasparovek 2 aldiz lortu zuen enpatea Sobietar Batasuneko Xake Txapelketaren lehen postuan, 1980-81 eta 1981-82.

1982an, Bugojnon, lehen nazioarteko garaipena izan zuen. Moskuko Zonaarteko Torneoan plaza lortu zuen eta irabazi egin zuen, kandidatoen torneorako klasifikazioa lortuz.

19 urterekin, Bobby Fischerren garaietatik kandidatorik gazteena zen, hark 15 urte baitzituen 1958an klasifikatu zenean. Garai honetarako bigarren jokalaria zen munduko klasifikapenean, Anatoli Karpoven atzetik. 1984an, Kandidatoen finala irabazi zuen 8.5-5.5 (+4 =9 -0) Vasili Smisloven aurka, Vilniusen. Anatoli Karpovekin jokatzeko klasifikatuta zegoen, jada, Munduko Txapelketan. Urte horretan sartu zen Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistan eta Komsomoleko Komite Zentralerako aukeratu zuten.

[aldatu] Munduko Txapelduna

Gari Kasparov eta Anatoli Karpov

Karpov-Kasparov arteko bigarren jokaldia 1985ean izan zen eta Moskun antolatu zuten; 24 partidatan 12,5era lehena iristen zena izango zen garaile. Ez ziren partiden emaitzak gordeko. 12 puntutan enpatatuz gero, titulua Karpoven eskuetan jarraituko zuen eta, Kasparovek irabazten bazuen, Karpovek hurrengo urtean berriz jokatzeko aukera izan zezakeen. 22 urte zituenean, Kasparovek titulua eskuratu zuen, 13-11 markadorean. Munduko txapeldun gazteenaren errekorra ere hautsi zuen, 20 urtez Mijaíl Talen eskuetan egon ondoren, 23 urterekin lortutako garaipena zela-eta. Maisu lana kontsideratu izan da partida hura.

1986an, Londres eta San Petersburgon izan ziren bueltako jokaldiak, 12na partida hiri bakoitzean. 12,5-11,5 irabazi zuen Kasparovek, baina arazoak izan ziren tartean eta maixuak Yevgeni Vladímirov entrenatzailea despeditu zuen, mesfidantzaz.

1987an, Sevillan jokatutako Mundu Txapelketan berriro izan ziren aurrez aurre. 12-12 geratu zen markadorea eta Kasparovek mantendu zuen titulua.

Bosgarren aldi bat izan zen bi maixuen artean, 1990ean New York eta Lyonen artean banatutako 12na partida. Berriz ere, Kasparovek irabazi zuen, 12,5-11,5.

[aldatu] FIDErekin haustura

Munduko txapeldun, Kasparov FIDErekin liskarretan hasi zen, 20 urte lehenago Bobby Fischer izan zen bezala. 1986an, Maisu Handien Elkartea sortu zuen, xakelariak ordezkatzen zituen eta FIDEk baino gehiago eskaintzen zuen erakunde bat. Kasparov izan zen liderra. Arrakasta handiena elite jokalariek jokatuko zuten Munduko Koparako 6 torneoen antolaketa izan zen.

1993an Munduko Txapelketako finalerako finantziazioa espero zena baino txikiagoa izan zen eta Kasparovek Nigel Short finalistaren aurkako partida FIDEren jurisdikziotik kanpo jokatzea erabaki zuen. Horretarako Xakearen Asoziazio Profesionala (PCA) sortu zuen. Kasparov eta Short FIDEtik kanporatuak izan ziren eta PCAk antolatutako match-a Kasparovek irabazi zuen. 2007an eskainitako elkarrizketa batean, Kasparovek FIDErekin haustea bere karreran eginiko errorerik handiena zela aitortu zuen, xakean zauri handi bat ireki baitzen.

FIDEk antolatutako partida, berriz, Karpovek irabazi zuen, 12½ - 8½.

Hortik aurrera, 13 urtez iraun zuen zisma ireki zen xakean eta bi munduko txapeldun zeuden. 1995ean, izan zen Kasparoven sarean antolatutako azken Mundu Txapelketa, Intelen patrozinioa bukatu baitzitzaion orduan.

[aldatu] Tituluaren galera

Kasparov eta Kramnik

2000n, Kasparov-Kramnik partida izan zen. Kramnik Kasparoven ikasle izandakoa zen eta bere ekipoan lan egindakoa 1995ean. Partida irabazi zuen 8,5-6,5 eta, 15 urtetan lehenengoz, Kasparovek ez zuen inongo mundu titulurik eskuratu.

Titulua galdu ondoren, garaipen batzuk lortu zituen torneo esanguratsuetan eta munduko txapeldunen aurretik mantendu zen. Kramniken aurka aritzeko prestatu zen. 2005eko urtarrilean, Kasparovek FIFAk partida antolatzeko zain egoteaz aspertu zela adierazi zuen eta bertan behera utzi zituen Munduko txapelketa lortzeko ahaleginak.

[aldatu] Xakea utzi

2005eko martxoaren 10ean, Ciudad de Linareseko Nazioarteko Xake Torneoa garaituta zuen 9.ez eta xakea uztera zihoala iragarri zuen. Bere frustrazioa adierazi zuen eta munduko tituluak batu nahia.

Erretiratu ondoren, 2006ko abuztuaren 22an, Kasparovek Lichthofeko Xake Torneoa jokatu zuen. Anatoli Karpovekin enpatatu zuen, 4.5/6.

Irailaren 21 eta 25en artean, Kasparov eta Karpov berriro izan ziren aurrez aurre. Oraingo honetan, Valentzian jokatu zituzten 12 partidak eta Kasparovek irabazi zuen 9-3.

[aldatu] Ezkontzak eta seme-alabak

Kasparov hirutan ezkondu zen eta hauek izan ziren bere emazteak:

  • Masha, alaba bat emango ziona.
  • Julia, 2005ean dibortziatu zirenerako seme bat izan zuena.
  • Daria, beste seme bat emango ziona.

[aldatu] Politika

80.eko urteetan hasi zen Kasparov politikan sartzen. 1984an, Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistan sartu zen eta 1987an Komsomoleko Komite Zentralerako hautatu zuten.

1990ean, alderdia utzi zuen eta Errusiako Alderdi Demokrata sortzen lagundu zuen.

1993ko ekainean, Errusiako Batasuna koalizioa lortzen saiatu zen eta 1996an, Boris Yeltsin hautatzeko kanpainan parte hartu zuen.

2005ean xaketik erretiratu ondoren, politikan bete-bete sartu zen eta Batasun Zibileko Frontea sortu zuen, Errusian demokrazia berrezartzea helburu zuen mugimendu sozial bat. Vladimir Putin Errusiako presidentziatik derrokatzeko ahaleginetan ibili zen, demokrazia ezarri nahian.

2005eko apirilaren 10ean, Kasparo] Moskun zegoen ekitaldi promozional batean eta sinatu berri zuen xake taularekin kolpatu zuten buruan.

  • Mirestu zintudan xakelari zinenean, baina gorroto zaitut politikan-esan omen zion erasotzaileak.

Tankera horretako eraso gehiago ere izan ditu Kasparovek.

2007ko martxoaren 3an, Kasparov San Petersburgoko Ezadostasunaren Martxa antolatzen lagundu zuen eta martxoaren 24koa ere bai, beti gobernuaren aurka. Apirilaren 14an, Moskuko poliziak preso hartu zuen manifestaldi baten buruan zebilenean. 10 ordu atxilo pasa ondoren, askatu zuten.

2007ko urrian, Kasparovek Errusiako presidentziara aurkezteko asmoa iragarri zuen, Beste Errusia izeneko koalizioaren kandidato izango zelarik.

2007ko azaroaren 24an, Kasparov eta Putinen beste aurkari batzuk atxilo hartu zituzten Moskun emandako Beste Errusiaren mitin batean. 5 egun eman zituen kartzelan eta 29an atera zen.

2007ko abenduaren 12an, Kasparovek presidentziarako kandidatura erretiratu zuela iragarri zuen, 500 bat jarraitzaile bildu ahal izateko legeak agintzen zuen lekua lortzeko ezinaz. Epeak amaitu ziren eta bat baino toki txiki gehiagotan biltzeko proposamenak bertan behera geratu ziren.

[aldatu] Errekorrak

Kasparov 2002an
  • Munduko lehena izan da denbora luzeenean.
  • ELO handiena izan du era jarraian 1986tik 2005eraino. Salbuespen bakarra Kramnikek berdindu zuenean izan da, 1996an. 1993an FIDEkin hautsi zuenean zerrendatik bidali bazuten ere, PCAn izan zen buru denbora horretan. Erretiratu zenean, lehena izaten jarraitzen zuen, 2812. 2006an, geldi daudenen zerrendara pasatu da.
  • Chessmetricsen kalkuluen arabera, Kasparovek munduko puntuazio handiena lortu zuen era jarraian 1985eko otsailetik 2004ko urriraino.
  • 1990ean, Kasparovek 2800 puntuko barrera gainditu zuen eta Bobby Fischerren 2785 puntutako errekor zaharra hautsi zuen eta oraindik mantentzen du. 1999ko uztaileko FIDEko zerrendan, Kasparovek 2851 puntu lortu zituen, sekula lortu den puntuaziorik altuena.

[aldatu] Olinpiadak

Kasparovek 8 Xake Olinpiada jokatu zituen. 4 aldiz izan zen SESBen ordezkari eta beste 4 Errusiaren ordezkari.

1980an, 17 urte zituelarik, Sobietar Batasuna edo Errusiaren ordezkari gazteena izan zen, 1992an Kramnikek kenduko zion titulua.

  • La Valletta (1980), SESBeko 2. erreserba, 9.5/12 (+8 =3 -1), urrea ekipoka, brontzea taulan.
  • Luzerna (1982), 2. taula SESBen, 8.5/11 (+6 =5 -0), urrea ekipoka, brontzea taulan.
  • Dubai (1986), SESBeko 1. taula, 8.5/11 (+7 =3 -1), urrea ekipoka, urrea taulan, urrea performancean.
  • Tesalonika (1988), SESBeko 1. taula, 8.5/10 (+7 =3 -0), urrea ekipoka, urrea taulan, urrea performancean.
  • Manila (1992), Errusiako 1. taula, 8.5/10 (+7 =3 -0), urrea ekipoka, urrea taulan, zilarra performancean.
  • Mosku (1994), Errusiako 1. taula, 6.5/10 (+4 =5 -1), urrea ekipoka.
  • Erevan (1996), Errusiako 1. taula, 7/9 (+5 =4 -0), urrea ekipoka, urrea taulan, zilarra performancean.
  • Bled (2002), Errusian 1. taula, 7.5/9 (+6 =3 -0), urrea ekipoka, urrea taulan.

[aldatu] Liburuak

Kasparovek xakeari buruzko liburu asko idatzi ditu.

20 urte besterik ez zituenean, biografia bat argitaratu zuen, Mugarik gabeko erronka. Behin baino gehiagotan eguneratu duen liburua da.

1980an, partida komentatuak argitaratu zituen: Gari Kasparov: Bizitza, Partidak, Karrera.

1982an, Batsford Chess Openings idatzi zuen Raymond Keene britainiarrarekin batera eta salmenta handiko liburua izan zen.

Aleksandr Nikitin entrenatzailearekin ere idatzi zuen liburu parea 80ko hamarkadan Batsford argitaletxerako.

Kasparovek asko lagundu zuen, era berean, Xakeko Sarreren Entziklopedia egiteko lanetan.

2007an, Bizitzak Xakea nola imitatzen duen idatzi zuen, xakea eta negozio munduaren arteko paralelismoak aztertuz.

2008an, Kasparovek Bobby Fischerrentzako nekrologika argitaratu zuen.

  • Maiz galdetu didate ea Bobby Fischer aurkitu dudan edo haren aurka aritu naizen. Ez. Ez dut inoiz izan aukera hori. Berak beti ikusi nau lapurtu eta engainatu zuen xake erakunde gaizkilearen kide, baina nik sentitzen dut gure kirol honengatik egin duenagatik eskerrak eman ezin izana.

2003an, 5 liburuz osatutako lanaren lehena irten zen: Gary Kasparov: Nire aitzindari handiak. Xakeko Munduko Txapeldunei buruzko liburu sorta bat da.

  • Bertan Steinitz, Lasker, Capablanca, Alekhine, Euwe, Botvinnik, Smyslov, Tal, Petrosian, Spaski, Reshevsky, Najdorf, Larsen, Fischer, Karpov eta Korchnoi agertzen dira. Kritika asko jaso bazituen ere, Xakeko Federazio Britainiarrak Urteko Liburua Saria eman zion 2003an.
  • Bigarren aleak Max Euwe, Mijaíl Botvínnik, Vasili Smyslov eta Mijaíl Tal hartu zituen eta 2003aren bukaeran argitaratu zuten.
  • 3.ak Tigran Petrosian eta Borís Spaski bildu zituen eta 2004aren hasieran agertu zen.
  • 2004ko abenduan, Kasparovek 4. alea atera zuen Samuel Reshevsky, Miguel Najdorf eta Bent Larsenekin, baina Bobby Fischer zen gehiena landu zuena.
  • 5. alea 2006an atera zen eta Anatoli Karpov eta Víktor Korchnóiren arteko karrerak agertzen zituen.

Nire aitzindari handiak argitaratu ondoren, Gari Kasparov Xake Modernoaz lanean hasi zen eta honek ere 5 liburu izango zituen.

  • 70eko iraultza: 2007ko martxoan argitaratu zuen eta Fischer eta Karpovek hasitako garaiko sarreren prestaketaren garrantziaz ari da.
  • Bigarren liburua Kasparov vs Karpov 1975-1985 izan zen. 2008ko irailean atera zen eta 1984 eta 1985eko Munduko Txapelketaz ari da, partidak sakontasunez aztertuz eta xakez kanpoko mila xehetasun emanez.

[aldatu] Ordenagailuen aurkako partidak

[aldatu] Deep Thought, 1989

Kasparovek erraz irabazi zion Deep Thought konputagailuari, 2-0, bi partidako match batean.

[aldatu] Deep Blue, 1996

Deep Blue

1996ko otsailean, IBMren Deep Blue konputagailuak Kasparov garaitu zuen lehen partidan, baina maixua ondo errekuperatu zen eta erraz irabazi zuen match hura. Deep Bluek 200 milioi posizio segundoko kalkula zezakeen, baina ez zuen maixua garaitzerik lortu.

[aldatu] Deep Blue, 1997

1997ko maiatzean, Deep Blueren bertsio berri batek Kasparov garaitu zuen 3½-2½ 6 partidako match batean. 5 partiden ondoren, matcha enpatatuta zihoan, baina Kasparovek 6. partida galdu zuen. Konputagailu batek lehiaketa batean munduko txapelduna garaitzen zuen lehen aldia zen. Dokumentala ere egin zuen Vikram Jayantik 2003an: Game Over: Kasparov and the Machine. Kasparovek akats handi bat egin zuen 6. partidaren hasieran; nekatuta omen zegoen eta disgustuan IBMkoekin: ez zioten Deep Blueren azken partidetako erregistroak ikusten utzi eta bereak, berriz, ondo ikertuta zituen makinak eta bere taldeko adituek.

Galdu ondoren, Kasparovek esan zuen batzuetan, makinaz gain, giza-jokalariak ere izan zirela tartean —bereziki bigarren partidan, non ordenagailuak Kasparoven bi peoi jateari uko egin zion—, baina IBMk dena ukatu zuen. Kasparovek makinaren logen kopiak eskatu zituen, baina IBMek, gero interneten argitaratu bazituen ere, ukatu egin zizkion. Kasparovek, era berean, errebantxa eskatu zuen, baina IBMek ezezkoa eman zion eta Deep Blue erretiratu egin zuen.

Kasparovek match hura proiektu zientifiko bat balitz bezala aurkeztu ziotela esan zuen, baina berehala ikusi zen IBMren helburua bera garaitzea besterik ez zela. Aipatutako dokumentalean esaten da IBMren akzioak % 15 igo zirela Deep Bluek Gasparoven aurkako norgehiagoka irabazi eta ondorengo egunean.

[aldatu] Deep Junior, 2003

2003ko urtarrilean, Deep Juniorren aurkako 6 partidako match berri batean hartu zuen parte. Milioi bat dolarreko saria zegoen. Konputagailuaren motorrak 3 milioi posizio ebaluatzen zituen segundoko. Bana irabazi eta 3 berdindu ondoren, dena azken partidan erabakitzeke geratu zen. Telebistan 200-300 milioi pertsonek ikusi omen zuten. Berdintasunean bukatu zen eta, urtero egiteko asmoa bazen ere, match hura ez zen gehiago errepikatu.

[aldatu] X3D Fritz, 2003

2003ko azaroan, X3D Fritz ordenagailu programaren aurkako 4 partidetako match batean hartu zuen parte. Hau ere enpate izan zen eta Kasparovek 175.000 dolar jaso zituen urrezko trofeoa ere eskuratuz.

Commons-logo.svg
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak:
Gari Kasparov
Tresna pertsonalak
Izen-tarteak

Aldaerak
Ekintzak
Nabigazioa
Inprimatu/esportatu
Tresnak
Beste hizkuntzak