Garraio aktibo

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Sodio-potasio ponparen eskema, garraio aktiboaren adibidea

Garraio aktiboa zelula mintzean gertatzen den garraio mota bat da, hainbat ioi eta substantziak kontzentrazio-gradientearen aurka mugitzen dituena. Gradientearen aurkako mugimendu horrek energia behar du.

Prozesu honi esker zelulak funtsezko elikagaiak lortzen ditu hauen kanpoko kontzentrazioa urria denean, bizidun prokariotoen kasuan berebiziko garrantzia duena. Garraio aktiboak energiaren beharra du (ATParen hidrolisitik edo protoi-gradiente batetik eskuratzen dena) eta baita proteina garraiatzaileak ere, sartu behar den substantzia zelula barnealdera eramaten dutenak.

Gluzidoak, aminoazidoak eta sodio eta potasio bezalako ioiak ohi dira garraio mota honetan lekualdatzen diren gaiak.

Proteina garraiatzaileak espezifikotasun handia dute. Horrek esan nahi du molekula mota bakar batek eraginda aritzen direla; beste batzuek, ordea, familia kimiko bereko molekulekiko afinitatea erakusten dute.

Garraio aktiboa hiru motakoa izan daiteke, proteina garraiatzaileen aritzeko moduaren arabera:


-uniporter: garraio mota honetan proteinek norabide bakar batean mugitzen dituzte loturiko molekulak.

-antiporter: proteinek molekula bat zelula mintzaren alde batera eta, aldi berean, beste substantzia bat aurkako norabidean garraiatzen dituztenean. Garraio mota honi kogarraioa ere esaten zaio.

-symporter: gai bat beste gairen batekin batera, protoi batekin (H+) sarritan, garraiatzen denean.

Iturri energetikoari dagokionez, garraio aktibo primarioaz edo oinarrizko garraio aktiboaz hitz egiten da erabilitako energia ATParen hidrolisitik datorrenean (ATParen hidrolisiak aktibatu egiten du proteina garraiatzailea). Garraio aktibo sekundarioan, aldiz, indar protoi-higiarazleak ematen du prozesuak behar duen energia.


Sodio-potasio ponpa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ponpa honek organismoaren zelula guztietan dihardu. Oinarrizko garraio aktiboaren adibidea da, uniporter motakoa: ponpak sodio ioia (Na+) zelulatik kanporatu, eta potasio ioiaren (K+) sarrera eragiten du, ioi horien gradientearen aurka. Proteina garraiatzaileek parte hartzen dute prozesuan, ATParen hidrolisiarekin aktibatzen direlarik.

Ponpak sartzen duen potasioa (K+) baino sodio gehiago (Na+) kanporatzen duenez, zelulak karga negatiboa hartzen du bere inguruarekiko. Neuronen kasuan, atseden egoeran, zelulen barnealdearen eta kanpoaldearen arteko ioien kontzentrazio ezberdinak mintz potentzial deritzona sortzen du (-70 mv ingurukoa). Potentziala negatiboa da mintzaren barnealdeak karga negatibo gehiago duelako kanpoaldeak baino.