Garrett Birkhoff

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Garrett Birkhoff.

Garrett Birkhoff (Princeton, New Jersey, AEB, 1911 - Water Mill, New York, AEB, 1996) estatubatuar matematikaria izan zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenengo ikasketak etxean egin zituen. Eskolan ibili ondoren, fisika matematikoa ikasten hasi zen. Kelloggen, Kembleren, Morse eta Whitneyren hainbat ikastarotara joan zen, eta ekuazio diferentzialak, mekanika analitikoa, Lebesgueren integrazioa eta topologia ikasi zituen, besteak beste.

Harvarden graduatu zen 1932an, eta beka baten laguntzaz, Cambridgeko Unibertsitatera joan zen. Han, Philip Hall irakaslearekin lan egin zuen, eta bien artean «On the order of groups of automorphisms» (1936, «Automorfismoen taldeen ordenari buruz») artikulua argitaratu zuten.

1933an Munichera joan zen, talde-teorian ikerketa egitera. 1933tik 1936ra bitartean, Harvarden egon zen irakasle. Urte horietan, bi liburu garrantzitsu landu zituen: lehenengoa, Lattice Theory, 1940ean argitaratu zen eta bigarrena, A Survey of Modern Algebra (1941, Aljebra modernoaren ikerketa bat), MacLanerekin batera idatzi zuen.

Bigarren Mundu Gerran, Morse eta von Neumannekin batera, matematika aplikatuari ekin zion, berriz ere. Gero, gerra zela-eta, balistika eta jaurtigai lehergarriak ikertu zituen. Lan horiek guztiak Hydrodynamics (1950) eta Jets, Wakes and Cavities (1957) liburuetan argitaratu zituen.

Von Neumannen eraginez, konputagailuak ere aztertu zituen, eta 1969an Matematika Huts eta Aplikatuetako irakasle hautatu zuten Harvarden. Postu horretan egon zen, 1981ean erretiratu zen arte.

Thomas Barteerekin batera, beste liburu bat ere argitaratu zuen, eragin handia izan zuena: Modern Applied Algebra (1970, Aljebra aplikatu modernoa). Kodeen teoria aztertzen da bertan.

Bere lanari esker, Birkhoffek ohore ugari jaso zuen: Zientzietako Akademia Nazionaleko eta Ameriketako Arte eta Zientzietako Akademiako kide hautatu zuten, besteak beste.


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]