Gazako zerrenda

Koordenatuak: 31°27′N 34°24′E / 31.45°N 34.4°E / 31.45; 34.4
Wikipedia, Entziklopedia askea
Txantiloi:Herrialde info Palestina, Arabiar Errepublika Batua, Israeli-occupied territories, Palestinako Aginte Nazionala, occupation of the Gaza Strip by the United Arab Republic
Administrazioa
HiriburuaGaza
GobernuburuaMahmoud Abbas
Geografia
Koordenatuak31°27′N 34°24′E / 31.45°N 34.4°E / 31.45; 34.4
Azalera365 km²
MugakideakEgipto eta Israel
Punturik altuenaAbu Auda (en) Itzuli
Demografia
Biztanleria2.098.389 (2023)
−128.155 (2023)
Dentsitatea5.749,01 bizt/km²
Ordu eremuaUTC+02:00 eta UTC+03:00
Artikulu hau Palestinako lur eremuari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Gaza (argipena)».

Gazako zerrenda[1] (arabieraz: قطاع غزة‎qiṭāʿ ġaza, hebreeraz: רצועת עזה‎) Palestinako hego-mendebaldean dagoen lur zerrenda da, Palestinako lurralde okupatuak[2] delakoa eratzen duten bi lurralde unitateetako bat (bestea Zisjordania da, Ekialdeko Jerusalem barne). Gazako lurralde unitateko hiriburua Gaza hiria da.

2005eko udan, abuztuaren 22an, Israelek Gazako zerrendaren okupazioari amaiera eman zion 38 urteko okupazioaren ostean, Ariel Sharonen gobernuak bultzatutako deskonexio planarekin. Bertatik aterarazi zituen armada eta kolonoak, eta asentamentu guztiak eraitsi zituen. Denera 21 asentamentu desegin zituzten Gazan eta lau Zisjordanian, bertan bizitzen zeuden israeldarren gogoz kontra.[3]

Israelek kudeatzen ditu Gazako sarbide guztiak, baita Zisjordaniakoak ere, harresi eta kontrol puntuetan. 2008aren bukaeran eta 2009aren hasieran, Israelen eraso bortitza jasan zuen.

Lurra eta natur baliabideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sinai penintsulatik Israelgo Mediterraneo itsasertzeko lautadaraino hedatzen den lurralde estua da. Gaza Palestinako hego-mendebaldean kokatuta dago (31º 25' Iparraldera eta 34º 20' Ekialdera). Itsasertza 40 km luze da, Egiptorekiko muga 11 km, eta Israelekikoa 51 km. 11 km luze den muga du Egiptorekin, baina hori Israelek kontrolatu zuen 2005eko abuztu arte. Mugako gune bakarra Rafah hirian dago.

Zabalera 6 km eta 14 km artekoa da. Lerroaren eremu handiena laua eta hondartsua da; dunak kostaldetik hedatzen dira, hegoaldean batez ere. Euriak ugariagoak dira iparraldean hegoaldean baino: urteko 400 eta 150 mm artekoak dira. Lurrak oso eremu emankor gutxi du: lurraren % 13 bakarrik da lantzeko egokia. Gaza hiriak portu txiki bat du, eta ontziek itsasertzean egiten dute arrantzan.

Hiririk garrantzitsuena Gaza bera da. Beste hiri batzuk Rafah, Khan Yunis eta Jabalia dira.

Orotara, 360 kilometro koadro ditu, eta horietatik % 0 ura da.

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1995eko datu ofizialen arabera, 750.000 biztanle zituen, baina kopuru zehatza ez dago jakiterik, desberdintasunak ageri baitira Israelek, Nazio Batuek, palestinarrek edo beste erakunde batzuek egindako kalkuluetan. Dentsitatea 2.083 biztanle km2 da.

Gazako biztanleen % 52 hirietan bizi da. Bizilekuaren legezko egoeraren arabera, hiru taldetan bereizten dira biztanleak: Gazakoak bertakoak, behin betiko bizitzen bertan jarri diren iheslariak eta iheslari esparruetako biztanleak. Bertakoak % 40 bakarrik dira, baina indar eta eragin handia dute ekonomian eta politikan. Bestalde, kokaleku bakartuetan bizi diren 4.500 judu kolono inguru dago. Talde txiki hori izan ezik, Gazako beste biztanle guztiak palestinar arabiarrak dira; gehienak musulman sunniak, eta gainerakoak, kristauak.

2002. urtean 1.225.911 biztanle zituen. Horietatik 8.000 baino gehiago kolonoak ziren. Horrenbestez, kilometro koadroko 3.400 biztanle baino gehiago ziren. Munduko lurralde guztien artean biztanle dentsitate handienetarikoa du. Gainera, biztanle kopurua urtero % 4 gehitu da. 2023an (Palestinian Central Bureau os Statistics), Zerrendak 2,2 milioi biztanle zituen eta, horietatik, 1,6 milioi errefuxiatuak ziren, NBEk eman definizioaren arabera.[4][oh 1]

Banaketa politiko-administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Palestinako Aginte Nazionalak Gazako zerrenda de jure gobernatu arren, de facto autogobernaturiko eremu bat da. Aginte Nazionalak dituen 16 gobernazioetatik 5 zerrendan daude. Udalerriak Gaza, Rafah, Khan Yunis, Jabalia, Bani Suheila, Deir al-Balah, Beit Hanoun eta Beit Lahia dira.

Gazako gobernazioak
Izena Biztanleria
(2007)
[5]Azalera (km2)
Iparraldeko Gazako gobernazioa 290.843 61
Gazako gobernazioa 524.001 70
Deir el-Balahko gobernazioa 216.494 56
Khan Yunisko gobernazioa 290.399 108
Rafahko gobernazioa 177.632 65
Guztira 1.499.369 360

2014ko irailaren 1ean, Palestinako Aginte Nazionalak eta Hamasek hilabeteetako gatazka amaitu eta mugimendu islamistak Gazan zituen funtzionarioei soldatak ordaintzeko akordio bat lortu zuten. Ekainean hasi zen bi aldeen arteko gatazka, PANek Gazan zituen funtzionarioek soldatak jaso eta Hamasekoak esku-hutsik utzi zituztenean. Musa Abu Marzuq Hamaseko goi funtzionarioak jakinarazi zuen abuztuaren 31ean bi aldeek akordioa lortu zutela, eta irailaren 2an ordainduko zizkietela soldatak Hamaseko funtzionarioei. Palestinako agintaritzako goi funtzionario batek, ordea, Israelek PANen izenean biltzen dituen zergetatik 45 milioi euro atxiki zituela adierazi zuen, atzeratutako zorren ordain gisa. Hilean 150 milioi inguruko gastua zuen PANek soldatetan, eta 90 milioi Israelek haren izenean bildutako zergetatik ordaintzen zituen[6].

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekonomiak Israelen mende jarraitzen du; hura da merkataritzako bere bazkide nagusia, eta Gazako biztanleen ia erdiak han dute lanbidea. Tradizioari jarraituz, emakumeak etxean edo Gazako bertako eskulan industrietan aritzen dira lanean. Etxera diru sarrerak gizonek eta seme zaharrenek eramaten dituzte. Gehienek, % 36k, zerbitzuetan egiten dute lan; eraikuntzan % 33k, nekazaritzan % 20k, eta beste industria jarduera batzuetan % 10k. Lanpostu horien % 40 Israelen dago baina politika arazoek askotan eragozten diete palestinarrei lanera joan ahal izatea.

Horrek gabezia handiak eragin dizkie palestinarrei, nazio produktu gordinaren % 35 Israelen lortutako irabazietatik baitatorkie. Bertan enplegua sortzeko eta bizi kalitatea hobetzeko (etxebizitza berriak eraikitzea, hondakin urak tratatzeko sistemak sortzea…) nazioarteko enpresa pribatuen egitasmoak oraindik ez dira burutu. Gaza eta Israelen arteko mugan industriak eraikitzeko egitasmoak ere badira, baina horrek ez die egoera berehala hobetuko. Europarako zitrikoen esportazioa handitu egin da, baina ur eskasia eta lantzeko lurren urritasuna direla-eta, bertako nekazaritza ez da nahikoa biztanleria mantentzeko.

Gobernua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Trantsizioko politika egoera bizi dute Gazan, boterea Israelgo gobernutik Palestinako Agintaritzara (PA) iragan zen. Teknikoki Israelen mende zeuden Gaza oraindik, mugak, segurtasuna eta kanpo arazoak Israelek gobernatzen baitzituen. Praktikan, ordea, palestinarren eguneroko bizia Palestinaren Askapenerako Erakundearen (PAE) esku zegoen, Jassir Arafat presidentea buru izan zutela, eta Palestinako Agintaritzaren administraziopean. Gobernu funtzioak PAEk zuzentzen ditu beraz. Honek 1993an, palestinar eta israeldarren arteko bake prozesuaren baitan, Gaza eta Jerikoko itunak sinatu zirenean, Tunisiatik Gaza hirira aldatu zuen bere kuartel nagusia.

Palestinako Agintaritza behin–behineko gobernua egon zen, Arafatek eta berak izendatutako kontseilu batek osatua. Beren esku zeuden osasuna, garraiobideak, hezkuntza eta ekonomia. 1996ko hauteskundeen ondoren Palestinako Parlamentua eratu zen, baina, hala ere, oraindik ez zuten lortu lurraldearen autonomia prozesua azkartzea. Kontuan izan behar zen gainera, Israelekiko edozein akordioren aurka daudela Hamas eta Yihad, Gazako talde islamiar fundamentalistak. PAk zuen beste arazoetako bat Israelen mende zeuden juduen kokaguneena izan zen, gerora kokaguneak kendu baziren ere.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historian zehar, herri eta kultura ugarik hartu izan dute Palestina beren mendean. 1948ko maiatzean sionistek Israelgo estatua aldarrikatu, eta hurrengo egunean arabiar eta israeldarren arteko gerra hasi zenean, egiptoarrak Palestina hegoaldetik sartu ziren. Gerra amaitzean, Gaza egiptoarren mende geratu zen, Zisjordania Jordaniaren esku, eta Palestinako gainerako lurraldea Israelek hartu zuen. Ondorioz, palestinar askok Gazara ihes egin zuen.

Biztanleria oso azkar hazi zen beraz, eta garai hartako ekonomiaren garapen eskasa eta palestinar gehienak langile ez gaituak zirela kontuan hartuta, iheslari esparruak eraiki behar izan zituzten. 1956an, Egiptok Suezko ubidea itxi nahi ziolako, Israelek Gaza okupatu zuen Britainia Handiaren eta Frantziaren laguntzarekin. Egiptok Gaza utzi behar izan zuen nazioarteko presioen ondorioz.

1967an, Sei Eguneko Gerraren ondorioz, Israelek Zisjordania, Sinaiko penintsula eta Golan ere okupatu zituen. 1979an, Egiptoren eta Israelen arteko bake akordioaren ondorioz hasi ziren lurralde horiek nolabaiteko autonomia berreskuratzen. 1987an, lurralde okupatuetan Intifada izeneko herri altxamenduari hasiera eman zitzaion. 1991. urtean israeldar, palestinar eta siriarren artean hasitako Ekialde Erdikoko Bake Konferentziaren ondorioz, 1993an Israelek autonomia osoa onartu zuen Gazarako. Beraz, Israelgo armada lurralde okupatuetatik atera zen, eta Arafat 25 urteko erbestearen ondoren Gazara itzuli ahal izan zen.

Israelek Gazari ezarritako blokeoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Gazako zerrenda zorrotz blokeatu du Israelek, Hamas taldeak —2006ko hauteskundeetan irabazi eta, hainbat borrokaldi bortitzetan Fatahko indarrak menperatu ostean— 2007an boterea eskuratu zuenez geroztik. Israelgo Gobernuak dio helburu hauek dituela blokeoak: Hamas ahultzea, Hamasek Israelgo herrien aurka egiten dituen kohete erasoak amaiaraztea, eta Hamasek atxilotua duen Gilad Shalit israeldar soldadua askatzea.[7] Israelgo funtzionarioek ukatu egiten dute Gazan krisi humanitarioa dagoenik.[8] Gainera, Israelgo Gobernuak Gazan inolako hornidura gabeziarik ez dagoela dio behin eta berriz,[7][9] eta horren frogatzat lehen ministroaren bulegoak Gazako luxuzko jatetxeetako menuak banatu dizkie hedabideei.[10]

Nazioarteko Amnistiak adierazi du blokeoa ez doala Hamasko militanteen aurka soilik, baizik eta Gazako biztanle guztien aurkako «zigor kolektiboa» dela (eta, beraz, Israel argi eta garbi nazioarteko zuzenbidea urratzen ari dela), eta «krisi humanitarioa» eragin duela.[11] Nazio Batuen Erakundeko funtzionarioek egoera «lazgarria», «gero eta okerragoa» eta «Erdi Aroko setioa» dela adierazi dute.[7]

Indar okupatzailea denez, nazioarteko zuzenbideak dio Israelen betebeharra dela Gazako biztanle guztien ongizatea bermatzea eta biztanle guztien giza eskubideak betearaztea. Adibidez, osasunerako eskubidea, hezkuntzarako eskubidea, lanerako eskubidea eta bizi maila egokia izateko eskubidea. Azken horren barruan sartuta daude elikatzeko eskubidea eta etxebizitza egokia izateko eskubidea.[12]

Bada, horri dagokionez, Espainiako Nazioarteko Amnistiako zuzendari Esteban Beltránek adierazi du blokeoak eta 2008/2009ko Gazako bonbardaketak egoera eta ondorio hauek ekarri dituztela:[12]

  • Israelek Gazako biztanle guztiak zigortzen ditu, mugatu egiten baititu sartzen diren elikagaiak, sendagaiak, hezkuntzako materialak eta eraikuntzako materialak. Horren eraginak bereziki nabari dira Gazako 1,5 milioi biztanleetatik kalteberenak direnen artean: haurren, zaharren eta gaixoen artean, alegia. Egoera horrek erabateko krisi humanitarioa eragin du, eta Israelgo Gobernua da horren arduradun.
  • 2008/2009ko Gazako bonbardaketaren eraginez, lehendik zetorren krisi humanitario hori hondamendi bihurtu zen. Israelen erasoek 1.380 palestinar hil eta eraikin eta azpiegitura zibil ugari suntsitu zituen, besteak beste ospitaleak, eskolak, eta urez nahiz argindarrez hornitzeko sistemak. Palestinarren etxeak milaka deuseztatu edo larriki kaltetu zituzten. Kalte horietatik guztietatik, materialak direnak ere ezin izan dira konpondu, blokeoaren eraginez.
  • 2008/2009ko bonbardaketan, Gazako 641 eskoletatik 280k izan zituzten kalteak, eta 18 suntsituta geratu ziren. 2009/2010 ikasturtea hastean, Gazako ikasle askok ikaslibururik gabe ikasi behar izan zuten; bien bitartean, Israelek atxikita zituen eskolako materialez betetako kamioiak, Kerem Shalomgo muga pasabidean. Gazako biztanleen erdiak baino gehiago 18 urtez beherakoak dira, eta bonbardaketaren eta Israelek egindako boikotaren eraginez horien hezkuntzak izan duen etenaldiak kalte handia dakar.
  • Ospitaleetan, esan bezala, kalte handia eragin dute bonbardaketak eta blokeoak. Israelgo agintariek behin eta berriz Gazan sartzeko baimena ukatu diete Osasunerako Mundu Erakundeak mediku laguntzarekin bidalitako kamioiei, inolako azalpenik eman gabe. Osasunaren Mundu Erakundearen datuen arabera, 2009an 28 paziente hil ziren, mediku tratamendua jasotzearren Gazatik irteteko baimenaren zain zeudela. Horietatik 14, Erezko pasabidea erabiliz Israelera joateko zain zeuden.
  • Langabezia abiada bizian hazten ari da Gazan. Izan ere, negozioek apenas iraun dezaketen, blokeoaren ondorioz. 2009ko abenduan, Nazio Batuen Erakundeak jakinarazi zuen langabezia tasa % 40tik gorakoa zela.
  • Blokeoa Gazako biztanleen bizitzako ia alderdi guztiak itotzen ari da. Gazako biztanleak gero eta bakartuago daude, eta gero eta sufrimendu handiagoa dute. Langabezia masiboaren, muturreko pobreziaren, elikagaietako segurtasun ezaren eta eskasiak elikagaietan dakarren prezio igoeraren eraginez, Gazako bost biztanletatik lau jadanik nazioarteko giza laguntzaren mende bizi dira.

Blokeoak eragindako kalte horiek guztiek protesta ugari piztu dute nazioartean, hala nola Askatasunaren ontzidia.

Sakontzeko, irakurri: «Hegi Babesgarria operazioa (2014)»

2014ko azaroaren 6an, Al-Fatahen interesen aurka hamabost bonba lehertu zituzten, tartean, Jassir Arafat buruzagi historikoaren heriotzaren hamargarren urteurreneko ekitaldirako prestatutako oholtzaren aurka. Palestinako Aginte Nazionaleko lehen ministroak bertan behera utzi zuen Gazara azaroaren 8an egitekoa zuen bidaia. Hamasek ukatu egin zuen egin zuenik[13].

Azaroaren 27an jakin zenez, Egiptok Rafaheko muga irekiko zuen bi egunez, jihadistek Sinain 31 militar hiltzeagatik hilabete batez itxita egon ondoren. Hala ere, oraindik ez zen iritsi Gaza berreraikitzen hasteko materiala[14].

Azaroaren 28an, eraikuntzarako materialaren zain zeuden oraindik eta horregatik, 30.000 palestinar baino gehiago aterpeetan zeuden. NBEk larrialdi egoera ezarri zuen euriteengatik[15].

2015eko urtarrilaren 10ean, jada lau lagun ziren Gazan hotzagatik hildakoak[16].

Urtarrilaren 27an, Gazari laguntzeko programa bertan behera gelditu zen diru faltagatik[17].

2021eko maiatzean berriro piztu zen gatazka Gazako zerrendan.

2023ko urrian berriro ere guda latz bat jazan zuen Gazak 2023ko Israel-Palestina gatazkaren barneko gudaren barnean.

Hezkuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2010ean, Gazako gazteen % 1 baino gutxiago zen analfabetoa. UNRWAk emandako datuen arabera, 640 eskola daude Gazan: gobernuak kudeatutako 383, UNRWAk kudeatutako 221 eta 36 ikastetxe pribatu. Guztira, 441.452 ikasle daude.

2012an bost unibertsitate zeuden Gazako zerrendan, eta zortzi eskola zeuden eraikitzeko bidean. 2018an bederatzi unibertsitate zeuden.

1998an, Gaza hirian Zientzia Aplikatuko eta Teknologiako Eskola ireki zen. 2003an bere egoitza aldatu zuen. 2006an, Gazako Eskola Politeknikoa sortu zen Gaza hegoaldean, eta urtebete geroago unibertsitate-tituluak igortzeko baimena jaso zuen. 2010ean 6.000 ikasle, zortzi sail eta 40 ikasketa-programa baino gehiago zituen unibertsitateak.

Osasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gazako biztanleria orokorrean oso gaztea denez, heriotza-tasa munduko baxuenetarikoa da: % 0,315 urtero. Umeen heriotza-tasa munduko 105. handiena da: jaiotzen diren 1.000 umeko 16,55 hiltzen dira. Gizakien pobrezia-tasari dagokionez, Gazako zerrenda munduan 24. postuan dago.

Johns Hopkins unibertistate estatubatuarrak eta Zisjordaniako A-Quds unibertsitateak 2002 amaieran egindako ikerketa-lan baten arabera, palestinarrek dieta-gabezi larriak dituzte. 6 urtetik 59 hilabetera arteko umeen % 17,5k malnutrizio kronikoa pairatzen zuela ikusi zuten; horretaz gainera, ugaltze-adinean zeuden emakumeen % 53k eta umeen % 44k anemia zeukaten. Gazako etxeen % 70k ez du nahikoa janari lortzen, eta Nazio Batuen Erakundeak 2014an 800.000 pertsonari baino gehiagori eskaintzen zion laguntza.

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. "1946ko ekainean eta 1948ko maiatzean, Palestinan bizi ohi ziren pertsonak [eta beren ondorengoak] eta beren etxeak galdu zutenak".

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Euskaltzaindia. Ekialde Hurbileko eta Ipar Afrikako toponimia. .
  2. Nazio Batuen Erakundeak darabilen terminoa da Palestinako lurralde okupatuak. Halaxe ageri da, adibidez, Segurtasun Kontseiluaren 242. ebazpenean
  3. https://www.argia.eus/efemerideen-kanala/gazatik-atera-zen-israel-38-urteko-okupazioaren-ostean
  4. «Bárbaros y civilizados» Monde Diplomatique, en español 337.
  5. Biztanleria 2007an
  6. «Soldatak Hamasek Gazan dauzkan funtzionarioentzat», Berria, 2014-09-02
  7. a b c Guide: Gaza under blockade. Israelek Gazari ezarritako blokeoaz BBC albiste erakundeak egin duen web ataria.
  8. Adrian Michaels (2010-06-02): «Gaza aid flotilla attack: Israel is always shooting... and fast losing friends», Telegraph.co.uk webguneko artikulua, 2010-06-07an hartua.
  9. Atzerri Arazoetako Israelgo Ministerioa (2010-06-05): «Increased humanitarian aid to Gaza after IDF operation», Atzerri Arazoetako Israelgo Ministerioaren webgunetik hartua, 2010-06-07an.
  10. Gideon Levy (2010-05-30): «Gaza flotilla drives Israel into a sea of stupidity», Haaretz, 2010-06-07an hartua.
  11. Nazioarteko Amnistia (2010-06-01): «Suffocating Gaza: the Israeli blockade's effects on Palestinians», Nazioarteko Amnistiaren webgunetik 2010-06-07an hartua.
  12. a b Esteban Beltrán (2010-06-01): «El asfixiante bloqueo de Gaza», El País.
  13. Mikel Rodriguez, «PANek Hamasi leporatu dizkio Gazan Al-Fatahen aurka izandako erasoak», Berria, 2014-11-08
  14. Ane Irazabal, «Gazatarrak, Egiptoren eskuetan», Berria, 2014-11-28
  15. Ane Irazabal, «Berriz ere hasi ezinik», Berria, 2014-11-29
  16. Jada lau lagun hil dira Gazan hotzagatik. Berria 2015eko urtarrilaren 10a.
  17. «Gazari laguntzeko programa eten egin dute, diru faltagatik», Berria, 2015-01-28

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]