Gazte Topagunea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Etxarri Aranatzen 2006an egin zen Gazte Topaguneko akanpalekua.
Gazte Topagunea Elorrio 2023

Gazte Topagunea urtero Aberri Egunaren inguruan Euskal Herrian egiten den gazte ezkertiar eta abertzaleen bilkura bat da. Aste Santuko azken egunetan ospatzen den ekitaldietan hitzaldi eta bestelakoez gain, kontzertuek izaten dute erakargarritasun handia. Hasieran Jarraik deitu zuen, Etxarri-Aranatzen, 1994an. Hurrengo urteetan horrela ere izan zen, harik eta 2000. urtean Gazteriakekin batera Kanbon deitu eta bertan Haika erakundea sortu zen arte. Hurrengo urteetan talde hauen ilegalizazioarekin batera gazte mugimenduko kide ezberdinek deitu zuten. Dena da ETAren garaia amaituta, Ernaik antolatu ditu topagune hauek. 2023. urtea baino lehen, bi urtetik behin ospatzen ziren.

Edizioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1998 - Oiartzun[aldatu | aldatu iturburu kodea]

“Euskal Herriko oihartzuna, gazteok independentzia!” lemapean antolatu zuen Jarraik 1998ko Gazte Topagunea, hirugarren edizioa. Aurreko deialdien arrakasta ikusita, eskaintza zabaltzeko apustua adierazten du Jarraik, mobilizazioan euskal gazteriaren erantzuna ere zabalduko delakoan. Bertaratuko zirenentzat prestatutako eskuorrian nabarmentzen zenez: “Gazte Topaguneak eztanda bat irudikatu nahi du. Bizi dugun egoera latzaren ezabatzea ekarriko duen eztanda, inposatu zaigun errealitatea suntsitu nahi duen eztanda. Baina era berean askatasunarena, herri honen subirano bizitzeko daukan ilusioaren eztanda, elkartasunarena, eta herri honek dauzkan pontentzialitate guztien gauzatzea. Independentziaren eztanda. Oiartzunen kokatuta dagoen lehergailu honek bere metralla guztia herrietara zuzenduta dauka”.

Topagunearen helburuak adierazteaz gain “sumisioa eta menpekotasuna” besterik eskaintzen ez duten sistemari, hots, Frantziar eta Espainiar estatuei egiten zien erreferentzia, beraien ustetan euskal gazteriaren etsaiak zirenak argi definituz. Hala, Topagunea Euskal Herriak “jasaten” duen gatazkaren erdian kokatzen zuten. Horren aurrean, Euskal Herria murgilduta zegoen eraikuntza prozesuaren baitan antolatzera eta borrokatzera deitzen zituzten gazteak. Bai maila politikoan, sozialean, ekonomikoan edo kulturalean sortu beharreko eredu propioetan, herri euskaldun eta bere buruaren jabe bezala bizitzeko minimoak borrokatu, Estatuen mugen gainetik.

1998ko udaberriko testuinguruan Lizarra Garaziko negoziaketetarako mahaia eratuta legoke.

Euskal preso politikoen aldeko borroka ere pil pilean zegoen, gainera, hilabete gutxi batzuk baitira Guardia Zibilak ETAk Ortega Lara bahituta zeukaneko zuloa aurkitu zuenetik, eta ondorengo Miguel Angel Blancoren hilketatik. Gertaera hauei adierazpen zuzenik ez, baina kontestuan kokatu zuen Jarraik Topagunearen zentzua: zentzu hori zeukan: Euskal Herriaren proiektua gazte begietatik ikusi eta erakustea zen.

Nazioarteko testuinguruan eta Lizarra Garaziko mahaiaren eraketan eragina izan zuen gertakari zentral bat, IRAren armagabetzea izan zen. Horrekin lotuz, Oiartzungo Topagunean Jarrai eta Sinn Féineko gazteen arteko mahai inguru bat ageri da. Egitarauari dagokionean, edizio gehienetan bezala hitzaldi, eztabaida, ekimen kultural eta kirol jarduerak ageri ziren, mobilizazioez gain.

Kirolak garrantzia handia hartzu zuela dirudi, euskal selekzioari buruzko hitzaldiaz gain, eskalada, herri kirolak, herri omenaldiak eta hiru mendi martxa ageri dira, horietako bat eusko gudariak omentzeko. Mendiak eta kirolzaletasunak euskal nortasunaren baitan duen garrantziaren erakusle litzateke.

Hitzaldien gaiak, oro har, ENAMekin lotura zuzena dutenak dira: gazteok eta Herri Batasuna, gazte mugimenduaren bilakaera, euskal nortasuna eta sinbologia, euskal kultura, presoen borroka e.a. Ildo nagusia hor kokatzen dela ulertuz. Horrez gain, hiru ekimen aldarrikatzaile nabarmentzen dira: presoen aldeko enkartelada, prentsaurreko masiboa eta ekitaldi politiko zentrala.

Egitarauaren baitan kokatu ez arren, adierazgarria da eskuorriaren baitan ageri diren ikur aldarrikatzaile bakarrak, bat maparen baitan dagoen ikurrina bat dela (aldarrikatzailea kontsidera badaiteke) eta bestea, egitarauan ageri den seilu bat “ZENTSURA POLITIKOAREN AURKA. Independentziaren alde” adierazten duena. Horrez gain, gerturatzen direnei herria eta natura zaintzeko eta euskaraz bizitzeko gonbitea egiten zaie.

2000 - Kanbo[aldatu | aldatu iturburu kodea]

“Euskal gazte herria, ikusi, amestu eta asmatu... independentzia!” lemapean, laugarren edizio hau propositu jakin batekin dator, Euskal Herri osoko gazteriaren erreferentzia izateko jaioko den Gazte Antolakundea aurkeztea. Eta nabari da helburu nagusi horren araberakoa da programazioaren izatea.

Oiartzungoak ez bezala, antolatzaileen logoak modu argian ageri dira eskuorrian: hurrengo Gazte Antolakundearri bide emateko Jarrai eta Gazteriak disolbatzera doaz: "Euskal Herria aukera paregabe baten aurrean aurkitzen den honetan, Gazteriak eta Jarrai erakundeak apustu berri bati ekitera goaz. Jakin badakigu eta gure herriaren eraikuntzari begira, bi erakundeok egin diezaiokegun ekarpenik garrantzitsuena, Euskal Herriko herrialde ezberdinetako gazteak bere baitan bilduko dituen Gazte Erakunde Nazionalari ateak irekitzea dela. (...) Euskal Herriko gazte erakundea sortzera goaz, euskal herri berri eta gorriaren egunsentia ortzian marraztuko duen erakundea izatera goaz."

Ekitaldi politikoa baliatuko dute Haikaren jaiotzarako, Topaguneko momenturik garrantzitsuena dela adierazten dute, mobilizazioaren momentu gorena. Izena eta logoa oraindik ageri ez badira ere Haikaren oinarriak definitzen dituzte: "Gazte erakundea. Euskal Herri oso(eta)koa. Independentista. Iraultzailea. Euskalduna. Internazionalista. Euskal Herriko gazte erakundea sortzera goaz, euskal herri berri eta gorriaren egunsentia ortzean marraztuko duen erakundea izatera goaz."

Gazteriak eta Jarraiko militanteak eta zerbait gehiago izateaz gain, Haikaren funtzionamendua ez ei zegoen definituta. Gerora, Amaiur prozesua jarriko du martxan Haikak, baina gogoetarako eta eztabaidarako tarte berezitu bat agertzen da egitarauan. "Euskal gazte herria iragana, oraina eta geroa hausnartuz eta asmatuz" lelopean, arlokako eztabaidak ageri direlarik: herrietako gazte antolakuntza, gazte sorkuntza literarioa, antzerkigintza, gazteria eta natura, gizarte eredua eta lurralde Topagunez topagune, antolakuntza, hezkuntza ereduak, gazte komunikazioa, gazte mugimendu feminista, eta etxebizitzaren problematika. Horrez gain, egitarau aldetik eskaintza pixkana zabaltzen doala dirudi. Globalizazio prozesuak, kulturaren inguruko gogoetak, eta lehendabiziko aldiz nazioarteko gune bat bereiziz, non, askapen prozesu ezberdinetako gonbidatuak egongo diren: Kurdistan, Timor, Irlanda

Ekitaldi aldarrikatzaileek ere txoko berezitu bat dute programan, bertan harrera ekitaldia, "euskal herria bat da! Mugarik ez, independentziaz", Euskal Nortasun agiria, eusko gudari eta preso politikoei omenaldia eta manifestazioa, eta Euskal Herri osoko gazte erakunde berriari agurra eta oroit harria jasotzen dira. Eskaintza kultural aldetik zabala da egitaraua, gazteen azokak eta esperientzien guneak ere finkatu dituzte mapan eta egitarauan. Horrez gain, berrikuntza moduan, Jarrairen webgunean egunez egun pasatzen denaren berri emateko asmoa adierazten dute.

2002 - Elorrio[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Martxoaren 29tik apirilaren 1era egin zen lehenengo aldiz Bizkaian. Edizio honen leloa "Guk iraultzaz independentzia" izan zen. Lehenengo aldia izan zen ere egun osoko egitarau bat aurkeztu zela, hitzaldi eta tailer ugarirekin. Segi antolakundea existitzen zen lehenengo Gazte Topagunea izan zen eta aurreko urtean egin zen Haikaldiarekin alderatua oso izaera ezberdina izan zuen. Kontzertu handien artean RIP, Berri Txarrak eta Sepultura egon ziren.

Elorrioko Topagunea, besteak beste, Berri Txarrak musika taldeak okasiorako egin zuen Bisai Berriak abestiagatik pasa da historiara, gazte mugimenduaren iraganeko zubi eta geroaren irudi bihurtuz Elorrio."Pentsatu, egin eta izan. Guk iraultzaz independentzia" lemapean milaka lagun elkartu ziren Elorrion, Gazte Topagunearen 5. edizioan.

Gazteen "esplotazio" egoeraren aurrean egoerari alternatibak eskainiko dizkion "proiektu politiko integrala" gorpuztea hil ala bizikotzat finkatzen da eskuorrian. Bide horretan kokatuz Topagunea: "pausuz pausu, urratsez urrats Euskal Herria eraikitzen ari garen eta konpromezu hori hartua dugun orok bere txokoa izango du Gazte Topagunean. (...) Euskal Herri Berria sortuko dugu: bere buruaren jabe, euskaraz bizi, pentsatu eta mintzatuko dena, justizia sozialean, askatasunean eta demokrazian oinarritutakoa". Topagunez topagune, euskal gazte mugimendu independentistaren bilakaera

Kontuan hartzekoa da euskal gazte mugimendua ilegalizazio aroan sartua dagoela. Kanbon aurkezpena egin ondoren, urte bete baino lehen legez kanporatu zuen Grande Marlaska epaileak Haika. Handik gutxira aurkeztu zuten Segi ere, hilabete gutxiren barruan legez kanporatua da. Errepresioaren mehatxua lehenagotik ezaguna bazen ere, mobilizazio eredu hau, Gazte Antolakunde legalik gabe gauzatzen aurrena izango da. Testuinguru horretan, egitarauan iraultza eta iraultzailetasuna ditugu azpimarratzeko, baita segurtasunari buruzko hitzaldiak ere. Horrez gain, drogen afera ere nabarmentzekoa da, hitzaldi batean baino gehiagotan egoteaz gain, eskuorriak trapitxeroen aurkako mezu argia baitu: "txakurrek trapitxeroak kolaborazio polizialerako erabiltzen dituzte. Trapitxeroak Topagunetik KANPORA!"

Hitzaldiei, tailerrei eta eskaintza kulturalari dagokionean, aberastasuna badago. Gainera, hiru mobilizazio, behintzat finkatzen dira: gudariei omenaldia, "independentzia eta sozialismoa" lemapean manifestazioa eta ekitaldi politikoa. Antolatzaileen ikurrik ez da markatzen, baina Topagunearen laguntzaile gisa ageri Gara.

2004 - Itsasondo[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2004ko Topaguneko akanpalekua.

Itsasondon apirilaren 9tik 12ra burutu zen Topagunea. Eurite handiak egin zituen eta lurra zehar lokaztuta zegoen. Horrek asko jaitsiarazi zuen herrian bizi izan zen giroa. Hala ere apustua egin zuten urte horretan zerbitzu gehigarriak eskaintzearren, hala nola komun hobeak eta jantokia. Internetako konexioa egon zen eta Gaztesareak lehenengo aldiz eman zuen zuzenean han gertatzen zenaren berri.

Lehenengo eguneko kontzertuan Lor, Kauta, Betagarri eta Parabellumek jo zuten. Bigarren egunean Fermin Muguruza, Su Ta Gar eta Soziedad Alkoholikak jo zuten, aurreko hilabetetan jasan zuten kriminalizazioa salatu asmoz. Hirugarren egunean Berri Txarrak, Kokein, Banda Bassotti eta O'Funk'Illok jo zuten.

Topagune honen ardatz nagusitzat independentzia, iraultzailetasuna zein balore iraultzaileak eta bizi eredu askatzaileen filosofia orokorra markatzen dituzte antolatzaileek. Hala, "Gu gera herria, egin dezagun bidea" lemapean gazte mugimenduaren, Jarrairen sorreraz ari direla ulertzen da, 25. urteurrena ospatu asmo dute.

Bozeramaileek Gara (2004-03-21) egunkariari adierazi ziotenez: "Gazte herria egin nahi dugu. Kontsumismotik urrunduko den aisiaz gozatu, gorputz estereotipoak alboratu, harreman aske eta naturalak bultzatu, sexu askatasuna gauzatu; balore eta bizi eredu alternatiboen apologia egin nahi dugu. Gazte Topagunea gure antolatzeko eta borrokatzeko grinaren Topagunez topagune, euskal gazte mugimendu independentistaren bilakaera erakustaldia da, eta egungo zapalkuntza egoera honetan, hori ez da ahuntzaren gauerdiko eztula!" Helburu horiek islatzen dira egitarauko hitzaldi eta eztabaiden gaietan, kapitalismoaz, gazte borroka ezberdinez, kontsumoaren kontrabotereaz, espazio liberatuen defentsaz, komunikazioaz, eta egoera politikoaz arituko direlarik, besteak beste. 25 urtetako gazte borrokari ere egingo zaio erreferentzia, "memoria astintzen. 25 urte borrokan, ta segi aurrera" izenburupean. Lehenbiziko aldiz "emakumea eta feminismoa iraultza eta askapen mugimenduetan", nazioarteko ordezkarien mahai ingurua antolatzen da, nahiz ziurtzat eman ezin, feminismoari egiten zaion lehen keinua izan daiteke hau.

Aldarrikapenerako ekimenen artean gudariei omenaldia eta gazte ekitaldia azpimarratu daitezke. Edizio honetan ikus daitekeen berrikuntza bat, besteetan errepikatuko ez dena, ate irekien jardunaldiena da, heldu zein gazteek topaguneaz goza dezaten. Laguntzaileen artean, aurreko edizioan ageri zen Gara-z gain, Gazte Sarea eta Xirika ageri dira, eta azken honek Topagunean bere proiektuaren aurkezpena egingo du.

2006 - Etxarri-Aranatz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2006ko Topaguneko harrera ekitaldia.

12 urte ondoren berriro itzuli zen Etxarri-Aranatzera Gazte Topagunea. Apirilaren 14tik 17ra bitarte egin zen. Bertan kontzertuez gain hitzaldi ugari egon ziren. Herrian akanpalekua, akeita gunea, azoka bat, gaztetxe gunea, herri eskola, herri gunea, jantokia, karpa erraldoi bat eta kultur etxea atondu ziren ekimenak egin ahal izateko. Hitzaldiak eskaini zituztenen artean Joseba Permach, Ainhoa Etxaide, Jagoba Zulueta, Floren Aoiz, eta Justo de la Cueva egon ziren besteak-beste.

Kontzertuetan lehenengo egunean Obrint Pas eta Ken 7k jo zuten karpa handian eta Banda Batxoki eta Anger Gaztetxe Gunean. Bigarren egunean Berri Txarrak, Koma, Etsaiak eta Izatek jo zuten karpan eta Ari eta Mix6tk Gaztetxe Gunean. Hirugarren egunean herrian zehar MusikHerria diskoetxeko kide diren Erail, Gailur, Irauli, Al Karajo, Raperos de Emaus, Komando Itinerante, Mossin Nagant, Odolaz Blai, Sophrosyne, Maz Mon Kis, Txinaski eta Ipurtzulo taldeek jo zuten. Karpan Mouss et Hakim, Macaco, Kuraia eta Def Con Dosek jo zuten.

Azken egunean Anje Duhaldek jo zuen Gaztetxe gunean.

12 urteren ondoren, 2006.nean berriro itzuli zen Etxarri-Aranatzera Gazte Topagunea. “Tipi tapa, independentzian TOPA!” izan zen urte artako leloa eta Kuraia musika taldeak egin zuen edizioaren abestia "oroitzapenak, kolpeak eta laztanak" izenekoa. "Estatu zapaltzaileen errepresio gordinaren" gainetik, bakoitzak bere eremuan euskal gazteek burutzen duten lana azpimarratzen da eskuorrian, guztiak independentzia beharraren aterkipean bilduz: "Topagunearen lau egunek egindako lanaren eta zentzu horretan gazteon indarraren erakusle izango dira, baina baita, jaia eta borrokaren alaitasuna lau egunetako Topagunez topagune, euskal gazte mugimendu independentistaren bilakaera ezaugarri bihurtuko dira. Etxarri, estatu zapaltzaileen errepresio gordinenaren gainetik, eremu askea bihurtuko dugu, espazio liberatua, Askea eta Askatzailea. (...)Euskal Herriaren eraikuntza, gazte espazion eraikuntza konpromisoarekin eta era autogestionatuan gauzatzen dugu, auzolanaz gauzatzen dugu. Modu berean egingo dugu Gazte Topagunea. Euskal Herriko gazte mordoaren parte hartzearekin. Gu guztiok egiten dugun ekarpenarekin osatuko dugu Gazte Topagunea´06. Topa egiteko eremu askea izango da Gazte Topagunea, mugen gainetik TOPA egingo dugu gazteok Etxarrin. "

Errepresioaren mugen gainetik "TOPA" egin eta antolatzeko deia luzatzen dio beraz, antolakuntzak Topaguneko parte hartzaileei. Egitarauak ez du beste edizioekiko ezberdintasun nabaririk ageri, hitzaldi eta eztabaiden artean askotariko alorrak aurki genitzake, gehienak ENAMen ingurukoak lirateke (euskal sozialismoa, euskal sindikalismoa, Euskal Herria eraikiz, bihar Euskal Herria, borrokaz aske biziz, Euskal Herriko emakumeen eskubide karta, Euskal Herrian bizi, nazio plana...). Dena den, autogestioa, prekarietatea eta eraldaketa soziala, koordinazioa eta auzolana bezalako izenburuak ere badaude.

Mobilizazio edo ekimenei dagokionean presoen aldeko ekitaldia eta ekitaldi politikoa aipatzen dira. Eskaintza kulturala zabala da beste behin, tailer eta ikastaroen artean bideoak egitea, web orriak diseinatzea eta kriptografia bezalako arloak daude, teknologiaren aroan murgiltzen ari den heinean, komunikazio estrategiak ere eztabaidagai direlarik. Aipatzekoa da, lehen aldiz Gazte Topaguneko irudiekin bideo bat plazaratuko duela Segik, Kaiolatik AT-en eta geroago sarean publikatuko dena.

2008 - Lezo[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2008an martxoaren 21etik 24era egin zen Lezon (Gipuzkoa), eguraldi txarrak markatuta, euria, haizetea eta are elurra izan baitzen bertan. Edizio honen leloa "Etorkizuna, independentzia!" izan zen.

Aurreko edizioetan bezala, hitzaldiak, tailerrak eta kontzertuak izan ziren, ekitaldiak herrian zehar antolaturiko gune desberdinetan banatuz: Gaztetxe Gunea, Akeita Gunea, Musika Gunea (karpa handi eta txiki banarekin), Herri Gunea, Eskola Gorria eta Kamaradak Txokoa. Musikari dagokionez, Hesian, Ken 7, Latzen, Anestesia, Koma, Sorkun & The Vicepresidentes, Etsaiak eta Des-Kontrol taldeak aritu ziren, besteak beste. Hitzaldiei dagokienez, aipatzekoa izan zen Michel Collon militante alterglobalizatzailearen parte hartzea. Tailerrei dagokienez, informatikari, sexualitateari nahiz emakumezkoentzako pornoari (Gils who like porno ekimena) buruzkoak izan ziren.

Halaber, Kamaradak sare internazionalistarekin batera, munduko hainbat mugimendutako kideak parte hartu zuten Topagunean, hitzaldiak emanez edo bestelakoetan. Horien artean Venezuelako Gazte Bolivartarren taldekoak, eta Palestina, Kurdistan, Alemania, Irlanda, Katalan Herriak, Andaluzia nahiz Sardiniako gazte talde desberdinetako kideak, beste batzuen artean.

Topaguneak iraun zuen egunetan XGT izeneko egunkaria banatu zen, interneten jarraipen berezia egiteko web orri bat prestatu zen eta Irauli Uhinak izeneko irratsaioa emititu, Topaguneari loturiko albisteak hedatuz.

Topagune honen testuinguruan, garai gogorrak bizi zituen euskal gazte mugimenduak, legez kanporatzeaz harago, 2007. urtean erakunde terrorista izendatu baitzuen Espainiako sistema judizialak Segi Gazte Antolakundea. Haatik, Segiko kide izateak 6 urte espetxe zigorra ekar zezakeen. Egoeraren aurrean, Topagunearen antolatzaileak, horrela erantzun zuen: "Aurpegia estalita kolpatzen gaituzten zakur amorratuen herrian hezitako gazteria gara, tortura eta espetxearen gau ilunaren mehatxuak jateko arriskua duen gazteria. Ilusio garaiak euren ilunabarrera iritsi direla erakutsi nahi digutelako Parisen, Madrilen, Iruñean eta Gasteizen gotortzen diren korbatadunek. (...) Eta eurek legearen, konstituzioaren eta Libertè, Ègalite, Fraternitèren eta kasik, Jaungoikoaren izenean hitz egiten duten bitartean kalean bizitzera kondenatzen gaituzte, aurpegia estalita dutenen mehatxupean; hitz egitea ere ukatu nahi digute “hablar” eta “parlier” egitea nahi baitute, gure herriari eta izanari uko egin diezaiogun; eurek gure herria zulatuz diruaren paradisura eramango dituen tren azkarrak eraikitzen dituzten bitartean, herriak bizi dadin beharrezkoa duen hezkuntza sistema boloniar saltsan egosten duten bitartean."

Konfrontazio hori lehen aldiz Gazte Topagunera joateko deialdia eginez grabaturiko spotean ere ageria zen, non Espainiar Konstituzioa eta Frantziar Oilasko figurak parodiatzen zituzten euskal gazteriak garaitu beharreko etsaitzat markatuz. Bertan Urkullu Espainiaren konplize gisa ere markatzen dute, spotean antolaturiko gazteriak bi figurak gainditzen ditu. Hori bera islatzen da Topaguneko eskuorrian, aldarrikapen eta lanabes ezberdinak eskuetan dituztela (okupazio bandera, presoen aldarria, ikasleen arkatza, gitarra, adreilua, aurpegiko estalkia, matxinadaren sardexka...) prest dagoen gazteri baten sinbolizatzen zen. Gainera, bide propioa egiteko beharra azpimarratzen zuten "etorkizuna independentzia" lemapean, guaz mintzo direnean emakumeez, gazteez eta herritarrez mintzo direlarik: "Emakumeok, gazteok, herritarrok €uroaren zeinuaren menpeko subjektu abstraktu garen gauera ekarri gaituzte, etsiko dugulakoan, bizitzari eta herriari bizkar emango diogunaren uste erdi ustelean. Baina ilunabar horretan Independentzia hizki larriz idaztea erabaki dugu; Gaztetxea, Herri Eskola, Kontrainfomazioa, Parekidetasuna eta Eskubideak idaztea erabaki dugun moduan. Asmatu dugu hamaika aldiz gauaren ilunean argiz idazten genuela INDEPENDENTZIA Euskal Herriko zeruan, iluntasunean ikusi egiten baitugu, argitasunean sinesten dugulako. Eta orain, ametsak amestu ordez betetzea erabaki dugu, etorkizunak izen bakarra duelako: INDEPENDENTZIA!"

Egitarauan, dena den, hitzaldi eta eztabaidetan behintzat, independentziari edo proiektu politikoari buruzko gaiak ez ziren gehiegi ageri "herri honen erronka berriak" litzateke alor horretatik gertuen kokatutako hitzaldia. Ekitaldi politikoaren edo bestelako ekimenen inolako berririk baina Segiren historia batzen duen bideoan, edizio horretako ekitaldiren bateko irudiak ageri dira.

2010 eta 2011[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi urtez behin Topaguneak antolatzeko dinamikaren haria eten egin zen urte hauetan zehar, baina udaberriak ez ziren gazte mobilizaziorik gabe geratu. 2008ko udazkenean egin Zutik Euskal Herria adierazpenaren ondoren, ezker abertzalea estrategia aldaketarako hausnarketa prozesu batean murgilduta zegoen. Hala ere, Estatu estrategiak bere horretan mantentzen ziren, errepresioaren jo puntutzat gazteria harturik, besteak beste. 2009. urtean Amaiur - Garazi arteko Gazte Martxa aurrera ateratzea lortu bazen ere, urte bereko azaroan, Zestoan burutu asmo ziren gazte mugimenduaren topaketen bezperatan, Segiren aurkako operazio polizialean 36 kide atxilotu, torturatu eta espetxeratu zituzten, beste lauk ihes egitea lortu zutelarik.

Gazteriaren kriminalizazioaren eraginez jardun politikoak klandestinoa behar zuen izan. Behin baino gehiagotan salatu izan dutenez (Tximeletak: etengabeko metamorfosia), klandestinitateak eta errepresioaren mehatxuak erabat oztopatzen zuen aktibitate normalizatua, gazteria defentsiba eta erantzun markoetan egotera behartuz. Zerbait eraikitzea oso zail bihurtuz.

Testuinguru honetan, non estrategia aldaketaren baitan indar metaketaz hausnartzen ari den ezker abertzalea, eta gazte mugimendu independentista kriminalizatuta dagoen, antolatu zuten GaztEHerria mobilizazio jaialdia. Gazte Herriak ideia zabalago bati erantzun asmo bazion ere (Gazteriaren Adierazpena, gerora Bruselara eramango zena), egun osoko ekimen batek hartu zuen zentralitatea, 2010eko apirilaren 2an izango zen Durangon. Ekimen hau eta Gazteriaren Adierazpenak, baina, indar metaketaren ideia horri ere erantzun asmo zion, ENAMen eremua zabaldu asmoz edo, lehen aldiz Gazte Abertzaleekin (Eusko Alkartasuna alderdiaren gazte antolakundea) elkarlanean atera zen aurrera: "Abagune politiko garrantzitsuan gaude. Euskal Herriko eragile politiko eta sozial ezberdinek Aberri Egunaren testuinguruan indarrak bildu eta independentziaren alde lanean jarduteko konpromiso irmoa hartu dute. Eta gazteok, mugimendu horretan badugu zer esana eta zer egina, noski. Herri honen oraina eta etorkizuna gara, eta beraz guri ere badagokigu independentziaren aldeko uholdean gazte olatu ahalik eta indartsuena sortzea.Hain zuzen ere horixe da GaztEHerria, independentzia Euskal Herriaren biziraupenerako aukera bakartzat ikusten dugun gazteon bilgunea. “Ez den herrialdearen kartografoak” izango gara, Sarrik zioen eran. GaztEHerria independentziaren alde lan egin nahi duen gazte ezkertiar ezberdinen topagunea da. GaztEHerria independentzia tresnatzat hartuz herri honek behar duen aldaketarako gazteon ekarpena da.. " (Gazte Abertzaleak web orritik)

Egun horretako egitarauan, baina kontzertuek hartzen dute itxuraz protagonismo gehien. Independentziaren aldeko gazteentzat egindako jaialdia litzateke, "bizi dezagun herria, eraiki independentzia" lemapean, ospetsu egin den Esne Beltzaren Sortzen abestiaz lagunduta.

Mobilizazio hori aurrera ateratzea lortu ondoren, urte bereko urrian beste operazio polizial handi bat egon zen Segiren kontra, beste behin, antolaketaren egitura ia guztiz deseginaz. 2011. urtean, beste formatu, bateko ekimena antolatuko da Soraluzen, gazte Matxinsalto eguna.

Matxinsaltoko bozeramaileek Gara egunkariari emandako elkarrizketa batean (2011-04-07) adierazten dutenez gazteriak behar batzuk dituela uste dute:"aspaldidanik gazte mugimenduan hausnarketa bat irekita dago eta ikusten duguna da zailtasunak eta beharrak ditugula gure ideiak aurrera eramateko. Hausnarketa on bat egiteko garaia heldu dela uste dugu".

Matxinsalto egunarekin hitz joko bat egin nahi izan zuten, matxinatu eta salto egin "gazteok, matxinatu gaitezen eta salto egin dezagun hemendik etorkizun hobeago batera, edo gure iritzia eta lana kontuan hartuak izango diren etorkizun batera". Egitarauak, beraz, asmo horri erantzungo dio, eskaintza kulturalaz gain, mobilizazioaren helburua hausnarketak burutzea denez, eztabaida gune ezberdinetan antolatu zituztelarik tailerrak: harremanak eta sexualitatea, komunikazioa, kultura, hezkuntza, nekazaritza, sozio ekonomia eta aisialdia. Bozeramaileen hitzetan klabeak koherentzia, autogestioa, auzolana eta txikitasunetik lan egitea lirateke.

2013 - Urduña[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gazte Danbada, Martxoak 29,30,31etik Apirilak 1era.

Fase berrian barneratuta, Segiren desegitearen ondoren martxan jarritako ZukGua prozesuaren fruitu izan zen 2013ko martxoan ezagutzera emandako Ernai gazte antolakundea. Hilabeteren barruan, bere jardunari hasiera indartsua eman asmoz antolatuko zuten lehen ekimen nagusia, Gazte Topagune eraberritua, Gazte Danbada izenarekin gauzatuko zen Urduñan. Funtsa berdintsua izango da: hainbat egunetako gazte kanpaldia, non eremu ezberdinetako alorrak uztartuz gazteria protagonista izango den, gazteek eta gazteentzako antolatutako mobilizazio handi batean. Dena den, saiatuko da edukiz zein formaz, hainbat eremutan berritzailea izaten. Eskuorriari erreparatzean hainbat ezberdintasun nabarmentzen dira. Hasteko, babesle moduan Topatu.info eta Naiz ageri dira, laguntzaile moduan berriz, Info 7, Gara, Musika zuzenean eta Berria; horrez gain, Urduñako Udalaren logoa ere ikus genezake eskuorrian, nolabaiteko babes instituzionalaren adierazle. Topatu-ko kideek gainera, ekimenetako irudiekin bideo ezberdinak grabatu eta sareratuko dituzte, tartean egunez egungo jarraipen berezia, umorea eduki politikoekin uztartuz. Bigarrenik, orain arteko eskuorritan ez bezala, hainbat oharren artean eraso sexista, homofobo edota arrazisten salaketarako telefonoaren berri ematen da, ekimenean halako jarrerak onartuko ez direla azpimarratuz. Horrez gain, zaborraren sailkapenerako irizpideak luzatzen zaizkie parte hartzaileei "atez ate askoz hobe" leloarekin, nahiz eta jendea kanpindendetan egon. Atez ateko zabor bilketaren sistemak Gipuzkoan sorturiko zalapartarekin, eta errauskailuaren aurka sorturiko Zero Zabor mugimenduarekin harremandu daiteke adierazpen hau. Errespetua ere eskatzen da, herriarekiko, herritarrekiko, lanean ari direnekiko, eta pazientzia itxarotea egokitzen den momentuetarako. Errebeldiarako ohiko deien aurrean, pazientzia eskatzeak badu zeresanik, errespetuaren eta tolerantziaren mezuek, gazterian ere isla izan dutenaren seinale.

Ernairen logoa modu zentralean agertzeaz gain, helburu hauek atxikitzen dizkiote ekimenari: "Gazte Danbadak auzolana du oinarri eta Ernairen izaera islatzeaz gain, gazteontzat baliagarriak izango diren tresna sortzeko tartea eskainiko digu: formakuntzan sakonduz, baliabideak sortuz, eztabaidatuz, etab. Horregatik guztiagatik, Gazte Danbada jaialdi huts izatetik harago, gazte iraultzaile bezala hezteko espazioa izango da. Lau egunetan zehar jaia eta borroka uztartzea posible dela erakutsiko dugu." Helburu horiek egitarauan islatzen direla esan behar da, hitzaldi eta eztabaidetako gaiak zabaltzen doaz: borroka ideologikoa, internazionalismoa, zero zabor, lomce, jai eredua, elikadura subirautza, gazte problematika, Ezker Abertzalea, EPPK, ipar Euskal Herria eta beste hainbat gai izango dira hizpide. Horrez gain, militantzia ereduen eta bestelako identitateen gaineko hausnarketa bideak ere irekitzeko borondatea ere ikusten da: heteroarauari, pantojismoari edo maskulinitateari buruzkoak eta "zapalkuntza ugari, askabide a(u)nitz" bezalako tailerren bidez.

Ekimen edo mobilizazioei dagokionean, gudariei omenaldia eta ekitaldi nagusia identifikatzen dira egitarauan. Gazte Danbada burutzen ari zen egunetan, baina, Xabier Lopez Peña "Thierry", orduan euskal preso politikoa zena hil zen espetxean. Heriotza guztiz naturala izan ez zenaren susmopean, familiak heriotza "politikoa" izan zela salatu zuen, eta Gazte Danbadan manifestaldi bat antolatu zen erantzun modura. Gerora, manifestaldiaren eta ekitaldi politikoaren harira, Ernaiko 6 kide, Topatuko kazetari bat eta Periko Solabarria Ezker Abertzaleko militante historikoa inputatu zituen espainiar justiziak, "ETAri gorazarre" egin zietelakoan.

2014 - Altsasu[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2014, saiakera berri bat, ALTSASU Ernairen jaiotza ekitaldia egin eta lehen hilabetean antolatu zuten lehen Gazte Danbada, bigarrena, baina, bi urte geroago izan ordez, hiru urte geroago etorri da. Izan ere, 2014. urteko udaberrirako, gazte topaketen formatu berri bat saiatu zuen Ernaik, oraingoan jaio berri zen Aitzina ipar Euskal Herriko gazte antolakundearekin elkarlanean. Gazte Burutakzio topaketak Altsasun izan ziren eta dimentsio txikiago batez, baina Ernai eta Aitzinaren bidez gazte mugimendura batu ziren belaunaldi berriei, harremanak egin eta formakuntzako bidea emateko helburuz antolatu ziren. Antolatzaileen arabera "Sistemari nola aurre egin lantzeko topaketak izango dira, eta borroka praktiken inguruko formazio teoriko zein praktikoa jasotzeko aukera eskainiko da ". (Gara 2014-03-07) Topaketak irekiak izango dira, baina parte hartzeko aurrez erregistratu beharko da. Izan ere, formatu berri honetan aurrez finkaturiko bide-orriaren eta programa irekiaren arteko konbinazio bat probatuko da. Hala, erregistratzean nork gehien lantzea interesatuko litzaizkiokeen gaien arabera kolore bat hautatu behar du, topaketetan zehar ordu batzuk, koloreen baitan egindako taldeek okupatuko dituzte, formazio dinamikak talde horrekin aurrera eramango direlarik. Taldeko dinamiken ostean, egitarau zabala legoke, parte hartzaileek nahi duten aukerak egingo dituztelarik.

Koloreak, eta oro har, formazio edo tailerrak gai desberdinen inguruan antolatuko dira: desobedientzia, desnormalizazioa, sormena, komunikazio gerrilla, kanpo proiekzioa eta taldeen mikro politikak. Topaketak aurreikusi baino egun bat beranduago hasi ziren, Nafar gobernuaren mehatxupean. Itxuraz, Nafarroako Foru Erkidegoan hiru egunez gaindiko kanpaldiak egitea debekatzen duen legediren bat indarrean zegoen. Sarean eta parte hartzaileen artean egon ziren desobedientziarako eskaerak eskaera, antolatzaileek, kasu honetan Burutakzio topaketak egun bat beranduago hastea erabaki zuten. Dena den, parte hartzaileek iradokitzen dutenez, balorazioa oso baikorra da, eta beharrezkotzat dituzte halako jardunak. Kasu honetan ere, Topatu.info-k egunez egun jarraipen berezia egingo die topaketei.

2016 - Laudio[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ernai eta Aitzinak elkarlanean, Laudion antolatu dute azken edizioa. Hala adierazten dute eskuorrian: "Laudion elkartuko gara bestelako herri eredu baten aldeko borroka hauspotzeko. "Esna harrapa gaitzala" lemapean, aisialdia eta borroka uztartuko dituen planteamendua garatuko dugu lau egunez. Esna harrapa gaitzala, egon gaitezen esna. Oraina garelako, biharkoa guk nahi dugun bezalakoa izateko, esna! Egun gazteok bizi dugun egoera prekarioan, esna egotea ezinbestekoa baita. Esna egoteak bere horretan adi egotea esan nahi du, prest. Prest ito nahi gaituen zurrunbilotik atera eta gure bide propioa egiteko, ekiteko. Iraultza gure baitan hasten da, horregatik da ezinbesteko esna egotea. Burujabetzaren bidean urratsak ematen jarraitzeko, gazteok elkartu eta gure ekarpena egiteko, Gazte Danbada!" Ito nahi dituen sistemaren aurrean esna eta adi egoteko deia egiten diote beraz, antolatzaileek gazteriari. Eskuorriaren formatuak lehen Gazte

Danbadakoaren esentzia mantentzen du, eta berrikuntzen artean bi nabarmendu ditzakegu. Batetik, elikadura burujabetzara bidean bertako produktuen alde egindako apostua "akeita gunean egongo diren edari guztiak ekologikoak eta inguruko ekoizleenak izango dira. Jantokian ere, bertako eta garaiko produktuek osatutako platerak izango ditugu" ildo horretatik, bertako garagardo ekoizleen azoka eta nekazari eta artisau gazteen azokak ere azpimarratzen dira. Bestetik, "Oholtza gainean bakerik ez" ekimena, musika talde gazteek Danbadan beren lekua izan dezaten, estilo ezberdinetako euskal musika taldeei oihartzuna emateko helburuarekin.

Babesleen artean Naiz, Laudioko Udala eta Topatu.eus ageri dira, laguntzaileen artean berriz Gara, Info 7, Kot, Hamaika telebista eta aiaraldea.eus. Edizio honen jarraipena ere Topatu.eus-ekoek hartzen dute beren gain, baina komunikazio lana beste formatu batean gauzatzen dute kasu honetan, "DanbaTB" izenez ordu eta erdiko telebista saio batean. Bertan, Laudioko ekimen ezberdinetako irudiez eta bertaratutakoei eginiko elkarrizketez gain, antolatzaileek garrantzia eman nahi izan dieten gaiak lantzen dituzte: elikadura burujabetza nekazari gazteen bidez, Danbadak duen atzetiko lana eta antolakuntza, autogestioa, gazte prekarietatea lantzeko sortu berri den lantaldeari elkarrizketa, gazte boteari buruz Ernaiko bi kiderekin 15 minututako elkarrizketa eta ekitaldi nagusian jorratutako puntuak, besteak beste. Topaturen aurreko jarraipenek izandako arrakastaren ondoren, telebista saioa transmisiorako bide egokitzat hartu, eta gazte mugimenduaren filosofian eta eduki ezberdinetan sakontzeko asmoz egin da. Horrez gain, telebista saiotik aparte, baina plato berdina aprobetxatuz, Irati Sienra Ernaiko kideak, espetxetik atera berri den Arnaldo Otegiri lehen elkarrizketa egiten dio, hori bera ere sarean zintzilikatuz.

Gazteen artean, eta oro har Euskal Herrian pil pilean dauden gaiek badute islada Laudioko mobilizazioaren egitarauan. Feminismoak indar berezia hartu duela nabarmentzen da, hitzaldi eta mahai inguruen artean: burujabetza feminista, emakumeak sozialismoan, marxismoa Vs feminismoa eta borrokatik barrura begira (hiru belaunalditako emakume militanteen begiradak) ikus ditzakegu, besteak beste; baina horrez gain, eskaintza kulturalean eta tailerretan ere begirada feminista nabari dezakegu: bazterreko dantzariak euskal kulturaz hausnartuz, burdin hariak eta plastikozko goilarak (maitasun lubrikatua, poesia emanaldia), Ez da kasualitatea bertso saio musikatu feminista, erractus erreziltaldi feminista, nor naiz ni performance-a...

Mobilizazio edo ekimenen artean ere badu bere isla horrek, ekintza feminista bat aurreikusten baita. Horrez gain, Hartu Trena presoen aldeko ekimena, Herria Testigu lore eskaintza, ekitaldi nagusia eta aberri eguneko ekitaldia nabarmendu ditzakegu.

Pil pilean dauden gaiei jarraiki, aurtengo Gazte Danbadan gazte prekarietatea eta borroka moldeak, Euskal Herriaren burujabetza prozesua, burujabetza eta independentzia Eskoziar, Greziar eta Herrialde Katalanetako gonbidatuekin, edota Koop 57 eta ekonomia sozial eraldatzailea bezalako alorrak azpimarratuko genituzke. Baita, azken urtean nahiko polemikoa izan den amnistiaren, presoen eta estrategiaren inguruko gaiak ere.

2019 - Lemoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

‘Bulkada berrien garaia da!’ dinamika abiatu zuten Jarrairen 40. urteurrenaren harira, gazteriaren bulkadak, iraganekoak eta etorkizunekoak, orainera ekarri zituzten; eta batez ere oraineko borroka indartu zuten.

1994an Etxarri-Aranatzen kanpina jarri zutenak eta lehenengo aldiz Lemoan jarriko zutenak elkartu ziren herriz herri eta auzoz auzo egindako afari zein bazkarietan, eta guztiak ondoren Lemoan. Denek sumatzen zuten bulkada bat beraien baitan. Askapen mugimendu osoak sentitu zuen bere Lemoa, eta guztientzat eskaintza zabala zegoen.

ETA desegin berria zen, ezker independentismoa zabaltzen eta indarra hartzen ari zen, baina aldi berean eskuin muturra gero eta indartsuago zegoen. Borroka sozialek kaleak hartu zituzten, baina euskal herritarren eskubideen aurkako erasoak gero eta gehiago ziren; eta komunitateak elkarren beharra zuen, Lemoak indarberritzeko balio izan zuen.

Kale animazioa, hitzaldiak, ardo dastaketa, kontzertuak, haurrentzako eskaintza, Gazte Sortzaileen Plaza... Edizio hartako egitarauko taulan ez zegoen hutsunerik, guztientzat era guztietako eskaintza zegoen, eta egun osoan ibilitako jende andana eta sortutako giroa gogoratzekoak dira. Gazte antolakundeetatik igarotako asko elkartzeko aitzakia izan baitzen.

Ernaik eta Aitzinak batera antolatu zuten Topagunea, belaunaldi berriak borrokara batzeko baliatu nahi izan zuten, eta balio izan zuen, elkar ezagutu eta kide berriak bidera batzeko batez ere. Esperientziak eta ametsak elkar korapilatu zituen Lemoak, eta bulkada txiki eta handiak leherrarazi.

Urtez urte azalberritzen, moldatzen, mugitzen, hobetzen, muntatzen eta desmuntatzen joan den ekimena da topagunearena. Denetan lan bolondres nekaezina eta udalen prestutasuna ezinbestekoak izan dira. Elorriotik Elorriora igaro dira milaka txandalari, gutxienez zortzi udaletxe eta milaka herritar. Guztiek beren onena eman dute, askapenerako bide luzeko geltoki bakoitzean biziberritzeko eta uneaz gozatzeko parada sortuz[4].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]