Gentrifikazio

Wikipedia, Entziklopedia askea

Gentrifikazioa langileen mailako eta diru-sarrera gutxiko auzoetan diru gehiago duten pertsonek higiezinak erosten dituztenean gertatzen den desplazamendu soziokulturala da. Gentrifikazioaren ondorioz, batez besteko diru-sarrera igo egiten da eta familien batez besteko kide-kopurua jaitsi egiten da, eta lehendik auzoan bizi ziren lagun txiroagoek ezin diote alokairuen, etxebizitzen prezioen eta zergen garestitzeari eutsi eta alde egin behar izaten dute. Modu horretan moldatutako auzoetan negozio eta denda berriak irekitzen dira, eta honek oraindik diru gehiagoko jende gehiago erakartzen du eta bertakoen irisgarritasuna are gehiago jaisten du.

Kasu batzuetan, administrazio publikoak auzo narriatuen egoera hobetzeko asmoz sortzen dituen egitasmoen ondorioz, mota honetako prozesuak gerta daitezke. Azpiegitura berrien eraikuntza sustatzen da, etxebizitza zaharkituen eraberritzerako diru-laguntzak eskaintzen dira, eta denda berriak kokatzeko laguntzak ematen dira, eta honek jabegoen prezioa igotzen du.

Adibideak Euskal Herrian

Bilbo Zaharrean zaharberritutako etxea.
Sakontzeko, irakurri: «Bilbo efektua»

Bilboko Bilbo Zaharra auzunean gentrifikazio-prozesua gertatu zen XXI. mendearen hasieran, baldintza txarretan zeuden eraikinak bota ostean bertan bizi ziren familia asko Miribilla auzora eraman zituztenean, babes ofizialeko etxebizitzetara.[1]

Gasteizko Alde zaharrean zaharberritutako etxeak.

Gasteizen ere, Alde Zaharrean administrazio publikotik sustatzen ari diren zaharberritze-prozesuen ondorioz, gentrifikazio-prozesuak gerta daitezkeela dio GEO Vitoria-Gasteiz txostenak.[2]

Erreferentziak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Gentrifikazio Aldatu lotura Wikidatan
  1. Etxezarreta Etxarri, Aitziber. EAEko etxebizitza-politika garapen iraunkorraren argitan UZTARO 67, 5-19 (estekaren data: 2011-02-20)
  2. Iraunkortasunaren Behatokia. Vitoria-Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegia. GEO Vitoria-Gasteiz, Ingurumenaren eta iraunkortasunaren diagnostiko-txostena, 117-118 orr. (estekaren data: 2011-02-20)