George Gabriel Stokes
George Gabriel Stokes irlandar matematikaria eta fisikaria izan zen (Bornat Skreen, 1819 - Cambridge, 1903). Cambridgeko Unibertsitatean matematika irakasle izan zen 1849an. Fluido likatsuen jokaeraz azterketak egin zituen, eta gai likatsuen legea adierazi zuen. Matematikan, bektoreen analisian oinarritutako teorema bat ezarri zuen. 1842tik 1843ra bitartean, konprimatu ezinezko fluidoen mugimendu egonkorraz egin zituen azterketak, mugitzen ari diren fluidoen igurzketaz, eta solido elastikoen orekaz eta mugimenduaz. Fluoreszentzia ikertu zuen (hitz hori berak asmatua da), argi ultramorea erabiliz, eta kuartzoa, argi ultramorearen eraginpean, gardena zela frogatu zuen. Eterraz ere azterketak egin zituen, eta argizariaren antzekoa zela esan zuen, baina, aldi berean, indar egonkor motel batek jariakor bihur zezakeela. Geodesia zientziaren (Lurraren neurriaren eta formaren, eta grabitate-eremuaren azterketa) aitzindari izan zen. Londresko Royal Societyko kidea, idazkaria eta lehendakaria izan zen 1851tik aurrera.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.