George Moore
George Augustus Moore (Moore Hall, Mayoko konderria, Irlanda, 1852 - Londres, Ingalaterra, 1933) ingelesezko idazlea izan zen. Moorerekin Irlandako literaturak pizkunde berria izan zuen.
Bizitza [aldatu]
Birminghamgo Oscott Collegen egin zituen ikasketak. Londresen eta Parisen margolaritza-ikasketak egin zituen. Garai hartakoa da Confessions of A Young Man (1888, Gizon gazte baten aitormenak) eleberria. Londresen kazetari eta arte-kritikari izan zen.
Hasieran estetizismoari jarraitu bazion ere, ondoren naturalismoaren eragin nabarmena izan zuen. Joera hori oinarri zuela bi eleberri idatzi zituen: The Mummer´s Wife (1885, Komediantearen emaztea) eta Esther Waters (1894), Mooreren lan nagusia.
Ondoren, Irlandako giroa oinarri hartuta, hiru eleberri idatzi zituen: Ave (1911), Salve (1912) eta Vale (1914), Hail and Farewell (Diosala eta agurra) liburuan bilduak. Oso idazkera landua eta arnasa handikoa du.
Moorerenak dira, halaber: The Untilled Field (1903, Izenik gabeko eremua); The Lake (1905, Aintzira); The Brook Kerith (1916); eta Eloise and Abelard (1921).
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.