Gepardo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gepardo
Iraute egoera

Kaltebera (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaMammalia
OrdenaCarnivora
FamiliaFelidae
GeneroaAcinonyx
Espeziea Acinonyx jubatus
Schreber, 1775
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Ernaldia92 egun
Koloreabeltz eta hori
Masa275 g (pisua jaiotzean)
arra: 40,2 kg (helduen pisua)
emea: 35 kg (helduen pisua)
Haginkadaren indarra119
Kumaldiaren tamaina2,1
Eguneko zikloaeguneko
Genomaren kokapenadnazoo.org…

Gepardoa (Acinonyx jubatus) felidoen familiako ugaztuna da, guztietan azkarrena. Bizilekua Afrikan du, baina ehiza dela eta, gero eta urriagoak dira.

Jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izena latinezko gattus pardus hitzetatik dator, katua eta leopardoa. Gepardoa, puma, lehoinabarra, karakalak eta katu urreztatuak familia berekoak ziren baina gepardoa duela 4 edo 5 miloi urte banandu zen.

Bizilekua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Animalia horien bizilekua txikituz joan da urteetan zehar. Amerikako iparraldean, haren oinatzak aurkitu dira eta Txina, Europa eta Indian, gepardo erraldoi baten hezurrak aurkitu dituzten arren, egun Afrikan bakarrik bizi da.

Ehiza eta elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gepardoak ez du gauez ehizatzen, egunez baizik (ikusmena bere zentzumenik garatuena izanik). Haren ehiztaldiak oso luzeak izaten dira, lehenengo harri edo mendate txiki batean igota beraien ehiza ikustatzen dute momentua heldu dela erabaki arte. Orduan, pixkanaka-pixkanaka hurbildu eta bat-batean korrika hasten dira ehizaren atzetik, 100 km/h baino handiagoko abiaduraz. Gazelak dira haren harrapakinik gogokoena. Egia esan, esan genezake gazela bizkorrak harrapatzeko edo ehizatzeko jaioa eta sortua dela morfologiaren eta doaien aldetik. Alegia, gepardoa da gazela espezie arinenak harrapatzeko gai den harrapari bakarra eta elikaduraren oinarri nagusia osatzen dute belarjale horiek. Haiez gain, ñu gazteak eta zebra-kumeak ere ehizatzen ditu noizbehinka. Harrapakina harrapatu bezain laster abiadura bizian jaten dute, beste harrapari indartsuagoek lapurtu aurretik.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gepardoak puntu beltzez osatutako azal eta ile horia du, lehoinabarren antzera, nahiz eta azken horiek orban zabalak eta handiagoak izan. Animalia argala da (felidorik argalena da), oso luzea da proportzioz eta hankaluze zein isatsluzea. Abiadurarako eginda dago: proportzioz, bihotzik handiena daukan katua da, baita sudur eta birika handienak dauzkana ere. Horrez gain, oso bizkarrezur luze eta malgua du. Hori dena abiadura bizian dabilen korrikalari aparta izateko moldaketa edo bilakaera ebolutiboa da. Beste felidoek ez bezala, gepardoak erpe sasibarneragarriak ditu, hots, ez dira guztiz barneragarriak eta, beraz, erpeen zati handi bat uneoro kanpoan daukate. Horrek korrikarako trakzio handiagoa sorrarazten dio.

Gepardoa lurzoruko animaliarik bizkorrena da, soilik hegazti azkarrenek gaindi dezakete haren abiadura punta. Kalkulatu den gepardorik azkarrenak 115 km/h-ko abiadura lortu zuen, nahiz eta animalion batez bestekoa 98-108 km/h izan. Hiru segundoan 0-tik 100 km/h-ra pasa daitezke eta korrika bizian doazenean, 7 metroko urrats luzeak ematen dituzte, ia-ia lurra ukitu gabe.

74-90 cm-ko altuera du sorbaldaraino; isatsa kontuan hartuta, inoiz 250 cm-ko luzera gainditzen du. Pisua 35-65 kg bitartekoa da, oro har, gehienak 50 kg-ra heltzen ez diren arren (arren batez besteko pisua 45 kg da; emeena, pixka bat txikiagoa).

Bizimodua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Normalean, gepardoak animalia bakartiak dira, hau da, ez dira taldeetan ibiltzen, baina denbora epe labur batez amak gaitzetsitako kumeak elkarrekin bizi izaten dira. Aurrerago, emeak taldetik joaten hasten dira libre dagoen lurralde batera, haien amak bezala bizitzeko. Ar gazteak, berriz, elkarrekin segitzen dute talde txikiak sortuz: haietako bakoitzean ar agintari bat dago eta beste guztiak haren menpekoak dira.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]