Gerardo Rueda

Wikipedia, Entziklopedia askea
EnzaiBot (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 17:36, 30 apirila 2015
ALmagro, Gerardo Rueda, 1987

Gerardo Rueda espainiar eskultorea izan zen (Madril, 1926 - 1996). Irudi kubistak kopiatuz eta paisaia soilak margotuz hasi zen margolaritzan lanean. 1955. urteaz gero abstrakzioari heldu zion, eta Europako diskurtsu espazialistari jarraituz, bolumena hartzen duten orbanez zipriztinduriko pintura monokromoak egin zituen. 1960an Before Picasso, after Miró erakusketan parte hartzeko aukeratu zuten (Guggenheim Museum, New York). 1963an Gustavo Tornerrekin batera Cuencako Arte Abstraktuaren Espainiar Museoaren sorreran parte hartu zuen. 1965etik aurrera, bere bidea eta estilo propioa nabarmenduz joan zen, bai bere koadroetan (markoak leiho modura agertzen dira) eta bai pospolo-kutxez egindako collageetan ere. 1960ko hamarraldian, burdina kromatuzko eskulturak osatu zituen, erliebe modura, bere horretan agertzen diren gauzakiak bertan txertatuz. Oro har, molde abstraktu eta arrazionalak erabili zituen, eta batzuetan Minimal Art edo Zero mugimenduaren kutsua antzematen zaio. Azken urteetan, izadi hilak eta collageak egin zituen, batez ere. Gerra ondoko espainiar margolaritzan garrantzi handiko lana egin zuen, Cuencako Museoa sortu eta aurrera atera zuten egileekin batera, hau da, informalismo larri eta gatazkatsuaren aurrean irtenbide lirikoa, joera klasizistakoa, baina aldi berean modernotasunari jarraitzen ziona, bultzatuz. Bere obrak munduko hainbat museotan barreiaturik daude.


Erreferentziak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Gerardo Rueda Aldatu lotura Wikidatan