Gernika (margolana)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau Pablo Picassoren margolanari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Gernika (argipena)».

Txantiloi:Margolan infotaula

Gernika Pablo Picassoren margolan famatu bat da, 1937ko maiatzetik ekainera bitartean margotua, 1937ko apirilaren 26an Espainiako Gerra Zibilean izandako Gernikako bonbardaketa irudikatzen duena. Margolana 3,5 metro garai eta 7,8 metro zabal den oihal baten gainean olio pinturaz margotuta dago. Espainiako Errepublikako Gobernuak agindu zion lana, 1937ko Parisko Nazioarteko erakustetarako. 1939an Espainian Franco jeneralaren diktadura ezarri zen. Picassoren koadroa New Yorkeko Arte Modernoko Museora joan zen, baina Pablok adierazi zuen Gernika Espainiara bueltatuko zela, berriz ere herrialde demokratiko bihurtzen zenean. 1981ean Espainiara iritsi zen. Retiro parkean egon eta gero, Reina Sofia Museora eraman zuten. XX. mendeko artelanik eta ikono garrantzitsuenetarikoa bihurtu da, gerrateek gizakiei eragiten dieten oinaze izugarrien eta bakearen sinboloa.

Margolanaren deskribapena

Gernika margolana oihal gainean egindako oliozko pintura da, 3,5 metro garai eta 7,8 metro zabal dituena.[1]. Gernika izenburua izan arren, Gernikako bonbardaketari buruzko erreferentzia zehatzik ez du ageri. Beraz, margolan sinbolikoa da, eta ez narraziozkoa. Beltzez eta zuriz margotuta dago, baina gris sorta zabala erabilitzen du.

Koadroan bederatzi sinbolo daude irudikatuta: sei gizaki eta hiru animalia ( zezena, zaldia eta usoa). Ezkerretik eskuinerazko norabidean, honako hauek dira pertsonaiak [2]

  • Zezena: Irudian ezkerrean agertzen da, gorputz iluna eta burua zuria. Zezenak, Picassoren sinbolismoan, “basakeria eta iluntasuna” adierazi nahi ditu. Hau ere, Picassoren beste margolanetan ikus dezakegu; adibidez, Minotauromaquia (1953). Artistaren autorretratu bat dela esaten dute.[3]
  • Ama seme hilarekin: Zezenaren azpian kokatuta, babestuta balego bezala, aurpegia zerura begira. Bere mihia zorrotza da. Besoetan semea dauka hilik. Honen eredu ikonografikoa “Pietá” dela esaten dute krikitoek[4]. Juan Larrearen arabera ama-semeen taldeak Madrilgo hiria sinbolizatzen du.
  • Usoa: Zaldia eta zezenaren artean kokatuta dago, ez da ondo ikusten. Hegala jaitsita dauka. Hala eta guztiz ere, bakearekin erlazionatzen da.
  • Soldadua: Egia esanda, buru, beso eta aztarnak ikusten dira. Esku bat zabalik dauka eta bestean ezpata eta lore bat dauzka, itxaropen izpi bat bezala interpreta litekeena.
  • Bonbila: Irudi honek intriga esnatzen du. Koadroaren erdian kokatzen da eta kritikoek bonba sinboloarekin erlazionatzen dute, beste teoria bat zientzia eta elektronika aurrerapenekin lotzea da.
  • Zaldia: Konposizioaren erdian. Bere gorputza eskumara begira dago, baina buruak ezkerraldera begiratzen du, zezenak bezala. Bere burua eta lepoa grisa dira, bular eta hanka zuriak, eta gainerako gorputza trazu txikiz estalita dago.
  • Emakumea belauniko: Beste bertsio bat; emakumea zaurituta dago eta zaldiarengana doa deskantsatzeko.
  • Emakumea kriseiluarekin: Gela argiztatu egiten du. Errepublikako alegoria bezala interpreta daiteke.
  • Sutan dagoen etxea. Picassok espresibitate gehiago lortzen du pertsonaien xehetasunak azpimarratuz lerro soilen bitartez.
  • Gizona erreguka. Gizon bat agertzen zaigu zerura begira abioiei erregutzen bonbardaketa bukatzeko. Pertsonaia hau Goyaren margolan batean inspiratzen da, Maiatzaren hiruko fusilamenduak.
  • Gezi zeiharra. Zaldiaren ipurmasailen azpian kokatuta. Hildakoaren arima ren sinboloa izan daiteke, gorantz doala, botere gaztoen gainetik.

Historia

Picasso eta Espainiako Bigarren Errepublika

1931ko apirilaren 14an Espainiako Bigarren Errepublika ezarri zenean, Picassok bazeraman zenbait urte Frantzian bizitzen. Hasieran Errepublikak ez zuen interesik erakutsi egilearen lanagatik. Picassok, bere aldetik ez zuen erakutsi hurbilketarik erregimen berriarenganako.

1933an Arte Ederretako zuzendari Ricardo Oruetak Picassoren lanak Madrilen erakusteko ideia izan zuen, baina Parisen Espainiako enbaxadore zen Salvador de Madariaga idazleak haren proiektua alde batera utzi zuen, margolariaren jarrera baldarra zela eta. Baziren batzuk Espainian Picassoren lanak defendatzen zituztenak: haien artean Manuel Abril zegoen, bere obraren bitartez De la naturaleza al espíritu (1934)[5]. 1936an Picassoari buruzko erakusketa burutu zen Bartzelonako Esteva salan, ADLAN elkartearen bitartez. Geroago, erakusketa Madrilera eta Bilbora joan zen .[6]


Espainiako Gerra Zibila hasita, 1936ko uztailean, Arte Ederren zuzendari Josep Renauk Picasso izendatu zuen Pradoko Museoaren ohorezko zuzendari [6]. Artistak baietza eman zuen baina ez zen inoiz bere karguaren jabe egin. Errepublikak, bere aldetik, autorearen ospe internazionala bere alde nahi zuen. [6]

Enkargua

1937ko hasieran, Boëtie kaleko bere etxean, Picassok Espainiako ordezkaritza batzordearen bisita jaso zuen; haien artean, Josep Renau, Luis Lacasa, Juan Larrea, Max Aub eta Jose Bergamin [7] aurkitzen ziren. Haien helburua Parisko Esposizio Internazionalean haren parte-hartzea lortzea zen. Hasieran, margolaria uzkur agertu zen. Espainiako gobernuaren enkargu printzipala 11x4 metroko mural bat izan zen. Baina enkargu hori hilabete asko atzeratu zen, Picassoren egoera pertsonal konplexuagatik.

Oroitarria Gernika margotu zuen etxean, 7 Rue des Grands Augustins (75006 París).

Nazioarteko erakusketan Espainiak zuen pabilioiaren arkitekto Josep Lluís Serten esanetan:[8]

« Picassori ordaindu zitzaizkion, gainerako artistei bezala, margoak, oihalak, euskarriak, markoak eta garraioa. Lana ia opari bat izan zen, artistak egindako dohaintza, guztiak Errepublikaren alde ari zirelako. »

Hala ere, Picassok 150.000 franko gehiago jaso zituen Espainiako Errepublikarengandik. [9]. 1937ko maiatzaren 28an Max Aubek Luis Araquistain enbaxadoreari bidalitako nota batek ordainketa egiaztatzen du. Nota honetan adierazten da autoreak diruari uko egin nahi ziola. Batzuen ustez, emandako dirua sinbolikoa izan zen, bere gastuak ordaintzeko: Nolanahi ere, diru-kopurua handia izan zen. Urteak pasa ondoren, ordainagiri hori baliatu zuen Espainiako gobernuak koadroaren jabetza erreklamatzeko.

Sortze-lana

Nazioarteko erakusketaren inaugurazioa oso hurbil egon arren, apirilaren 18 eta 19ko zirriborroek adierazten zuten Picassok oraindik ez zuela aurkitu inspiraziorik bere obra egiteko. El taller: el pintor y su modelo izeneko zirriborroek forma errektangularrak soilik itxuratzen dituzte koadroan. Zirriborro horietan besoa luzatuta daukan margolaria agertzen da: horrek badu antza azken koadroan besoan kriseilu bat daraman emakumearekin. Hala eta guztiz ere, zirriborro hauetan ez dira agertzen etorkizuneko koadroaren elementu ikonografikoak. Zirriborroetan aipamen politiko bat ere agertzen da: igitaia eta mailua. Baina sinbolo hori ez da ageri oraingo Gernika margolanean. [10]

Apirilaren 26an hegazkin alemaniarrek eta italiarrek Gernika bonbardatu zuten, hau izan zen zibilen lehenengo bonbardaketa Europan . Bonbardaketaren berria apirilaren 28an argitaratu zen L'Humanité egunkarian. Picassok egunkari hori irakurtzen zuen, baina agian, berak ezagutuko zuen berria egunkarian argitaratu baino lehen, bere lagun espainiarrengandik. Maiatzaren 1ean egin zituen Picassok Gernikaren lehenengo zirriborroak. Obraren sortze-lana dokumentatuta dago zirriborroei eta Dora Maarren argazkiei esker. Van Hasenbergen ustez[11], material honek guztiak osatzen du “adibide dokumentatuena artearen historian zehar”. Lehenengo zirriborroan agertzen dira Gernikako pertsonaia nagusiak: zezena, emakumea argiarekin, zaldia eta gudaria zoruan etzanda. Bigarren zirriborroan ere, maiatzaren 1ean egindakoan, zaldi hegaldun txiki bat agertzen zen zezenaren gainean, baina irudi hori ez da ageri oraingo Gernika margolanean. Picassok maiatzaren 8ko zirriborroan margotu zuen emakume baten irudia bere semea hilda besoetan.

Gernika Gernikara

Picasso maiatzaren 11n hasi zen zuzenean oihal gainean lan egiten. Oihala ia ez zen sartzen estudioan, oso handia zelako. Horregatik eta mihisea horma batean itsatsi behar izan zuelako, artistak pintura industriala erabili zuen bere obra egiteko. Picassok Dora Maarri eskatu zion zazpi argazki ateratzea mihiseari[12][13] Argazkiek erakusten dute mihisea estadio desberdinetan. Argazkiei esker adituek adierazi dute obra sei fasetan landu zela. Valeriano Bozalek azaldu zuen konposaketaren lehen hiru faseetan zentzu narratiboa gailentzen zela. Obran ez dago objektu bertikal asko; beraz, ezerk ez du eragozten obraren zentzu horizontalaren interpretazioa: Zezenaren irudia eskumatik ezkerrera zabaltzen zen.

Bozalen ustez laugarren fasean elementu berriak zeuden. Alde batetik, zezenaren gorputzaa, burua eskuman zegoen, eta orain ezkerrean dago; hortaz, gorputza guztiz oker dago. Bestetik, Picassok mihisearen zentroan zaldiaren irudia jarri zuen. Hurrengo faseetan, Picasso gudariaren eta eskuinean zegoen emakumearen irudietan zentratu zen. Picassok pentsatu zuen collage-elementuak sartzea bere obran, baina azkenean, baztertu egin zuen aukera hori. Azken faseetan, Picassok trazu batzuk egin zituen zaldiaren irudian eta marra bertikalak amaren gonan. Zoruan lauki-sare bat ere egin zuen. Amaitzeko lanpara margotu zuen. Artistak 1937ko apirilaren 4an, Gernika margolana amaitutzat jo zuen. José Luis Alcaine zinemagileak Cameraman aldizkarian idatzi zuen artikulu bat dioenez, koadroa guztiz inspiratuta dago Adiós a las armas filmaren eszena espresionista batean.

Hauek dira Alcainen hitzak [14]: 1937an Picassok bere obra margotu zuenean, Adiós a las armas oraindik karteldegian zegoen: beraz, argi dago Picassok ikusi zuela filma; gainera zuzendariaren laguna zen eta garai horretan zinema errealitatea ezagutzeko bide indartsua zen.

Parisko nazioarteko erakusketa

Ekainaren 1937an Gernika margolana Espainako pabiloira mugitu zen, alabaina instalazioa uztailaren 12ra arte ez zen ireki jendearentzat. Espainiako pabiloiaren diseinua Josep Lluis Sertena eta Luis Lacasarena da. Pabiloian ikusgai izan ziren, besteak beste, Julio Gonzálezen, Joan Miróren eta Alberto Sánchezen obrak. Han erakutsi zen Picassoren Emakume burua margolana ere. Gernika pabiloiaren atarian zegoen, Merkurioren iturriaren eskulturaren alboan.

Margolanaren bidaiak

1938an, Paul Rossenbergek erakusketa bat antolatu zuen Picassoren obrekin. Erakusketaren helburu nagusia Gernika erakustea zen. 1938an, margolana Oslon, Kopenhagen, Stockholmen eta Göteborgen erakutsi zuten. Irailean, margolana Ingalaterrara bidali zuten; halaxe, 1938tik 1939ra arte jendaurrean izan zen Leedsen, Liverpoolen, Manchesterren eta Londresen. Arrakasta handia izan zuen, bereziki Londresko Whitechapel galerian; hala ere, garrantzitsuena izan zen Gernikaren bidez Bretainia Handian ezagutu zirela Espainiako Errepublikaren aurka matxinatutako faxistek egindako triskantzak eta sarraskiak. Gaur egun, margolana Reina Sofía museoan dago ikusgai.

Eusko Jaurlaritzak behin baino gehiagotan eskatu du margolana Euskal Herrira ekartzea, eta Guggenheim Bilbao Museora eramatea proposatu du, baina Espainiako Gobernuak ez du orain arte horretarako baimenik eman.

Notak eta erreferentziak

  1. De la Puente, p. 164
  2. Montijano Cañellas, Marc (2004)
  3. De la Puente, p. 110.
  4. Russell, p. 28.
  5. De la Puente, p. 49.
  6. a b c Arias Serrano, Laura (2000):“La guerra civil española como catalizador del pensamiento político de Picasso, Miró y Dalí”. Consultado el 24/01/2009.
  7. Van Hensbergen, p. 44.
  8. Vicent, Manuel: "Josep Lluis Sert, en el voladizo de hormigón", El País, 31 de octubre de 1981.
  9. [1]
  10. "Pablo Picasso. Historia del Guernica", en Historiadelarte.us. Consultado el 7/02/2009.
  11. Van Hensbergen, p. 65.
  12. De la Puente, p. 82.
  13. Las fotografías de Dora Maar se publicaron en 1937 en un número monográfico que la revista Cahiers d'Art dedicó al cuadro, junto con textos de Zervos, Jean Cassou, Georges Durthuit, Pierre Mabille, Paul Éluard, Michel Leiris, José Bergamín y Juan Larrea. Cfr. De la Puente, p. 82.
  14. Cf. Elsa Fernández-Santos, "Nuevas teorías sobre un icono del siglo XX Un enigma cinematográfico tras el Guernica de Picasso" en El País, 9-IX-2011, http://www.elpais.com/articulo/cultura/enigma/cinematografico/Guernica/Picasso/elpepicul/20110909elpepicul_1/Tes consultado el 9 de septiembre de 2011, 11:50

Bibliografia

Ikus, gainera

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Gernika (margolana) Aldatu lotura Wikidatan