Geruza fisikoa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Geruza fisikoa OSI ereduko geruza fisikoa konputagailu eta sarearen arteko konexio fisikoaz arduratzen da, bitartekoen (kablea, zuntza edo haririk gabekoa), bitartekoaren ezaugarrien (kategoria, konektoreak...), eta transmisioaren ezaugarriaren (kodifikazioa, tentsio mailak, intentsitatea, modulazioa,...) nondik norakoak zehaztuz.

Esaldi biribil batean esanda laburbilduz, bit-fluxua transmititzeko ezaugarri mekanikoak, fisikoak, elektrikoak eta konexio fisikoak aktibatzeko, desaktibatzeko eta mantentzeko prozedurak definitzen ditu.

Erabiltzen den bitartekotik informazioa bit moduan; osagai ezberdinen propietate fisikoez zein elektrikoez; transmisio abiaduraz eta noranzko bakarrekoa edo bikoa izateaz arduratzen da. Era berean, konexio eta terminalen ezaugarri mekanikoak eta seinale elektriko eta elektromagnetikoak kontutan hartu behar ditu.

Lotura geruzatik datorren datu trama bat bitarteko fisikoarentzat egokia den seinale bihurtu behar du. Seinale honen pultsuak elektrikoak (kablez) edo elektromagnetikoak izan daitezke. Elektromagnetikoak badira, eta uhin luzera eta maiztasunaren arabera, optikoak, mikrouhinak edo irratia izan daitezke. Hartzailearen ikuspegitik ikusita, jasotzen dituen seinaleak datu bitar trama bihurtu behar ditu, lotura geruzari emateko.

Funtzio nagusiak honakoak dira:

  • Komunikazioa garraiatuko duen bitarteko fisikoen ezaugarriak definitzea: pare bihurrituak, RS232 estandarra, ardazkidea, airea, zuntz optikoa,...
  • Bitarteko fisiko horietan burutuko den datuen transmisioaren ezaugarri material (osagaiak eta konektore mekanikoak) eta elektrikoak (tentsio mailak) definitzea.
  • Interfazearen ezaugarri funtzionalak definitzea (lotura fisikoaren ezarpena, mantenua eta azkapena).
  • Bitarteko fisikotik bit-en fluxua transmititzea.
  • Seinale elektriko eta elektromagnetikoak maneiatzea.
  • Interfazeko kable, konektore eta osagaiak transmisio bitartekoarekiko erlazionatzea, loki baten poloak edo RJ45 pareen funtzioak definituz.
  • Konexioa bermatzea.

Seinalea kodetzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maila fisikoak trama (transmisio sinkronoan bit sekuentzia trinkoa) bitarra jasotzen du, seinale elektromagnetiko bihurtu behar duena, transmisio bitartekoan pairatu lezakeen degradazioa hartzaileak egarri ez dezan.

Kasurik arruntena digitala da, zuntz optikoan bezala, argi pultsuak transmititzen dituelako. Bitartekoa digitala ez denean, seinalea kodetu behar da. Sinpleena tentsio pultsuen bitartez kodetzea da, adibidez, 5 Volt “1” denean eta 0 Volt “0” denean. Beste bitarteko batzuk korrontea dagoen ala ez dagoenaren arabera kodetzen dira. Orokortuz, kodetze modu hauek oso sinpleak dira eta ez dute bitartekoaren ahalmena ustiatzen. Bitartekoari fruitu gehiago ateratzeko modulazio teknika konplexuagoak erabiltzen dira, eta bitartekoaren araberakoak izaten dira.

Kasurik konplexuenak WiFi estandarretan ematen dira, non modulazio teknikak oso korapilatsuak diren.

Topologia eta bitarteko konpartituak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Geruza fisikoan egiten den konexio motak eragin dezake lotura geruzan. Bitarteko bat konpartitzen duten ekipo kopuruaren arabera, bi aukera daude:

  • Puntutik puntura
  • Puntu anitzeko konexioak

Horrela, zuntz optikoak ez ditu hain errez puntu anitzeko konexioak ahalbidetzen, eta haririk gabeko konexioak definizioz dira puntu anitzekoak. Eraztun topologian, adibidez, makina asko konektatu daitezke puntuz puntuko konexioetatik abiatuta. Nodoek bitartekora duten atzipenaren kontrola lotura geruzaren ardura da.

Geruza fisikoko hardwarea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sare bat diseinatzeko orduan, badaude maila fisikoan funtzionatzen duten elementuak, errepikagailuak, alegia. Berezko funtzioa seinalea anplifikatzea da, nahiz eta birsortu dezaketen ere. Ethernet sareetan (erabilienak) hub-ak erabiltzen dira, eta hauen bidez sareko ekipoak elkar konektatzen dira. Switch-ak lotura mailako kontzentratzaileak dira.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]