Giacomo Di Chirico

Wikipedia, Entziklopedia askea
Giacomo Di Chirico

Bizitza
JaiotzaVenosa1844ko urtarrilaren 27a
Herrialdea Italiako Erresuma  (1861eko martxoaren 17a -  1883ko abenduaren 26a)
HeriotzaNapoli1883ko abenduaren 26a (39 urte)
Hezkuntza
HeziketaAccademia di Belle Arti di Napoli (en) Itzuli
Jarduerak
Jarduerakmargolaria
Lantokia(k)Italia
Jasotako sariak

Giacomo Ernesto Eduardo Di Chirico Venosa hirian, Basilicata eskualdean, 1844ko urtarrilaren 27an jaiotako italiar margolaria izan zen. 1883ko abenduaren 26an zendu zen Fleurent di Capodichino izeneko Napoliko erietxe psikiatriko batean, 39 urterekin, erreumak eragindako zoroaldiaren ondorioz. Bere lana dela eta, Domenico Morelli eta Filippo Palizzirekin batera, XIX. mendeko italiar margolari garrantzitsuenetarikotzat hartzen da, Viktor Emanuel II.a Italiako erregearen eskutik "Italiako Koroaren Ordenako Zaldun" titulua jaso zuelarik.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arotzen familia batean jaiotako anaia gazteena zen, Luis eta Catarina Savinoren semea, eta 3 urte zituela, aita hil egin zitzaion. Gertakari honek familia pobrezian murgildu zuen, eta ondorioz, Giacomok ikasketak Giuseppe Gianturco apaizak emandako laguntzari esker egin zituen, umeentzako eskola pribatu batean.

Familia mantentzen laguntzeko bizartegi batean lanean hasi zen, eta lanean ari zen bitartean, bere anaia Nicolaren eskutik (eskultorea berau) ikasi zituen arteari buruzko oinarrizko gauzak. Garai hartan bere bezeroei erretratuak egiten hasi zen, eta hauek izandako arrakasta ikusita, margolari profesional izatea erabaki zuen. Gauzak horrela, Venosako udalak Napoliko Arte Ederren Errege Institutuan ikasteko diru-laguntza eman zion. Bertan Tommaso de Vivo izan zuen pintura irakasle, eta Francesco de Sanctis literatura irakasle. Ikasten ari zela, pintura historikoan espezializatzea erabaki zuen.

Ikasketak amaitu eta gero, Erromara alde egin zuen, eta 1868 eta 1871 artean bertan bizi izan zen, eta bere artea hobetu zuen. 1871an, orduan, Napolira bueltatu zen, bertan bere estudioa ireki eta Domenico Morelli eta Filippo Palizziren lagun bihurtu zen. Bere obrari begira, garai hontan bere gaiak aldatu zituen, eta inguruko eskualdeko paisaiak eta gertaerak margozten hasi zen.

Buoso da DueraQuinto Orazio FlaccoCorteggiamento eta Donna lucana bezalako maisulanak margotu zituen. Sposalizio in Basilicata izeneko margolana bere onenetarikoa da, Parisen 1877an, Vienan 1879an, eta Munichen 1882 aurkeztua izan zelarik. Bere margolanak Adolph Goupil merkatari frantziarraren eskutik saltzen zituen.

Napoliko Arteen Akademiako ohorezko maisu izendatua izan zen 1877 eta 1878 artean, garai honetan Pietro Scoppetta izan zuen ikasle gisa. Abuztu horretan Maiorin egon zen eta bere emazte izango zen Emilia D´Amato ezagutu zuen, zeinarekin Maria izeneko alaba izatera helduko zen.

Bere ibilbide artistikoak arrakastatsua izaten jarraitu bazuen ere, 1882an bere eritasunaren sintomak agertzen hasi ziren, hala nola, insomnioa, kakexia eta maniak; eta urte bat geroago Napolin hil egin zen 39 urterekin.

Galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Giacomo Di Chirico Aldatu lotura Wikidatan