Giacomo Puccini

Wikipedia, Entziklopedia askea
Giacomo Puccini
Giacomo Puccini
Datu pertsonalak
Izen osoa Giacomo Antonio Domenico Michele Secondo Maria Puccini
Jaio 1858ko abenduaren 22a
Lucca, (Toskana) (Italia)
Hil 1924ko azaroaren 29a
Brusela (Txantiloi:Belgika)
Giacomo Pucciniren Edgar
Giacomo Pucciniren Le Villi (preludio)
Giacomo Pucciniren La bohème - O soave fanciulla)

Giacomo Antonio Domenico Michele Secondo Maria Puccini (Lucca, Toskana, 1858ko abenduaren 22aBrusela, 1924ko azaroaren 29a) musikagile italiarra izan zen.

Opera landu zuen batik bat, tartean, La Bohème, Tosca eta Madama Butterfly eta munduko handietako bat da. Giuseppe Verdiren ondorengotzat hartzen dute adituek. Idatzi zuen lehen opera Le Villi (1884) izan zen eta lehen arrakasta Manon Lescaut (1893) lanak eman zion. Bere omenez, 1930etik Festival Puccini jaialdia antolatzen dute urtero Torre del Lago herrian, Luccatik gertu.

Biografia

Giacomo musikari familia batean jaio zen, Puccinitarrak belaunaldiz belaunaldi Luccako Duomo Katedraleko kamerako maisu izan baitziren. Bost urterekin aita galdu ondoren, Fortunato Magi osabarengana bidali zuten ikastera eta honek, ez zion gaitasun berezirik ikusi diziplinarik gabeko mutiko hari.

Denboraren joanean, organista izatea lortu zuen eta koru-maisu Luccan. Badirudi, 1876an, Verdiren Aida ikusi zuenean, etorri zitzaiola antzerki musikalean lan egiteko gogoa

Garai honi dagozkio bere lehen konposizioak: I figli d'Italia bella kantata (1877), Mottetto per San Paolino motetea (1877) eta Meza bat (1880).

1880an, pariente baten eta beka baten laguntzaz, Milaneko kontserbatorioan izena eman zuen Antonio Bazzini eta Amilcare Ponchiellirekin konposizioa ikasteko. Urte honetan, 21 urte zituenean, Meza bat konposatu zuen, bere familiak musika erlijiosoarekin izan zuen erlazioa markatuz. Messa deitu zion autoreak, baina Misa de Gloria izenez ezagutzen da.

Konserbatorioan ikasten ari zen bitartean, Puccinik Perdinando Fontanaren libreto bat lortu zuen eta, 1882an, opera bat egiteko lehiaketa batean hartu zuen parte. Ez zuen irabazi, baina, 1884an, Le Villi aurkeztu zenean Milaneko Teatro dal Vermen, Giulio Ricordiren arreta piztu zuen. Giulio musika editorea zen eta bigarren opera bat egiteko aukera eman zion, Milaneko Scala antzezlekuan estreinatzeko; 5 urtez aritu zen horretan, baina Edgarrek (1889) ez zuen arrakastarik izan eta ondorengo hamarkadetan aldaketa ugari jasan zituen sekula errepertorioan sartu gabe.

Bitartean, 1884an, Puccinik familia bat osatu zuen; Elvira Bonturirekin joan zen bizitzera eta honen alaba Foscarekin. 1886an, Antonio jaio zen (Tonio), Giacomoren seme bakarra izango zena.

1891tik aurrera, Puccinik Torre del Lagon pasatu zuen denbora gehiena, Luccatik 20 kilometrora eta Tirreniar itsasoa eta Massaciuccoli lakuaren artean dagoen herri txiki batean, Viareggioren azpiko aldean. Hasieran, maizter izan zen eta denbora asko ehizean pasatzen zuen eta, hala ere, Luccara askotan joan ohi zen. Baina 1900ean, lursail bat erosi zuen eta lakuaren ertzean etxe bat eraiki zuen. Hantxe bizi zen 1921 arte, lakuaren kutsadurak Viareggiora mugitzera behartu zuen arte.

Arrakasta

Giacomo Pucciniren Tosca

Edgarrek izan zuen arrakasta eskasaren ondoren, hirugarren opera bat egin zuen, Manon Lescaut. Opera honek oso harrera ona izan zuen, bizitzan zehar izan zuen handiena, agian. Gainera, Luigi Illica eta Giuseppe Giacosa libretistekin lankidetzan hasi zen. Geroago, Illica eta Giacosak Pucciniren hurrengo hiru operen libretoak idatzi zituzten, ezagunenak.

  • Lehenengoa, La Boheme (Henri Murgerren Scenes de la vie de Boheme nobelan oinarritua) izan zen eta bere operarik famatuena izan daiteke.
  • Hurrengo opera, Tosca, melodrama historikoa da.
  • Hirugarren opera Madama Butterfly da, David Belascoren drama batean oinarrituta dago eta Pucciniren lehenengo opera bitxi edo exotikoa da. Milaneko Scala antzezlekuan estreinatu zen 1904an eta porrota galanta izan zen, kritikoen lanagatik neurri handi batean. Zenbait aldaketa egin ziztzaizkion eta, gaur arte irauten duen arrakasta lortu zuen.

Illica eta Giacosarekin elkarlanean egon zen denbora oso eraginkorra izan zen eta asko ikasi zuen hauengandik. Luigik, dramagile eta kazetariak, argudioaren zirriborroa egiten zuen eta trama pixkanaka ateratzen joaten zen, Puccinirekin eztabaidatuz, testu osoa idatzi arte. Giuseppe, berriz, komedia egilea eta literaturako irakaslea zen eta bere lana zen testua bertso egitea, literatura eta musika zainduz.

Azken hitza, beti, Puccinik zuen eta horregatik deitzen zion Giulio Ricordik Dogo, taldean hartzen zuen nagusitasunagatik. Ricordik ere libretoak egiten hartzen zuen parte, irtenbideak iradokitzen, batzuetan bertsoak idazten eta, batez ere, libretisten eta musikoen bitarteko izaten Puccinik dramaren haria endredatzeko duen ohituraren eraginez sortutako eztabaidetan.

Krisia

Giacomo Pucciniren Madame Butterfly

1903tik aurrera Giacomoren urte zailenak etorri ziren. Urte honetan, musikariak auto istripu latza izan zuen eta larri zauriturik atera zuten. Luzaroan egon behar izan zuen sendatzen.

1906an, Giacosa hil zen eta lan taldeak astindu handia jasan zuen. Saiatu zen Illicarekin lanean jarraitzen, baina ezinezkoa izan zen.

1909an, zorigaitz berri bat gertatu zitzaion: bere 23 urteko añak, Doria Manfredik, bere buruaz beste egin zuen. Badirudi, Elviraren zeloek ez ziotela bizitzen uzten eta horregatik hartu zuen pozoia. Drama honek ez zion mesederik egin konpositore eta bere emaztearen arteko erlazioari.

1912an, Giulio Ricordi hil zen, Puccinirekin erabat loturik zegoen editorea. Giacomok bigarren aita kontsideratzen zuen.

Arlo artistikoan, gero eta gehiago gustatzen zitzaion exotismoa. Horrela jaio zen Madama Butterfly eta ondoren etorri ziren La fanciulla del West (1910) eta La rondine (1917).

Krisi garaian zegoen, lana asko geratu baitzen bukatu gabe, oso aurreratuta egon arren. XIX. mende bukaeran, saiatu zen behin baino gehiagotan, Gabriele D'Annunziorekin lan egiten, baina ez zuten elkarrekin lanik bukatu, agian, ez zirelako bata bestearekin oso ondo eramaten.

Il Trittico

Giacomo Pucciniren Manon Lescaut

1918an, New Yorken estreinatu zituzten 3 opera hauek, batera.

  • Gianni Schicchi segituan egingo da ospetsu.
  • Il tabarro, hasieran ez zuen arrakastarik izan, baina gero eta balio handiagoa eman zioten.
  • Suor Angelica, Giacomori gehien gustatzen zitzaiona.

Denak aldi berean antzezteko sortu baziren ere, gaur egun, beste konpositore batzuen obrekin aurkeztu ohi dira.

Turandot, bukatu gabeko opera

Giacomo Pucciniren Turandot

Azken opera, Turandot, amaitu gabe geratu zen, 1924ko azaroaren 29an, Puccini Bruselan hil baitzen. Eztarriko minbizia sendatzera joana zen hara eta tabakozale porrokatuak ezin izan zion biziari eutsi.

Turandoten azkeneko bi eszenak Franco Alfanok bukatu zituen eta Arturo Toscaninik gainbegiratu. Estreinaldiko gauean, Toscaninik berak orkesta gerarazi zuen, Puccinik konposizioa utzi zuen lekuan. Scalan estreinatu zutenean, berriz, Liu hiltzen denean eta koroak Liù, bontà perdona! Liù, docezza, dormi! Oblia! Liù! Poesía! abestu behar zuenean, Toscaninik, batuta utzi eta jiratu ondoren, hauxe esan zion publikoari: Hemen bukatzen da opera, une honetan hil baitzen maisua. Alfanok bukatu zuen bertsioa bigarren gauean aurkeztu zuten. 2001ean, Luciano Beriok amaiera berri bat sortu zuen, Pucciniren libretoetan eta zirriborroetan oinarrituz.

1926an aurkeztutako Carlo Gozziren elezaharrean oinarritua, Turandot giro fantastikoa duen Pucciniren lehen opera da: Txina ametsen eta Erosen erresuma da, agerpenek, mamuek, ahotsek eta soinuek hornitzen dute drama osoa.

Puccini, artista

Opera verista zen garai hartan indar handiena zuena, baina Puccini opera honetatik aldendu zen.

Zaila da Puccini nazioarteko operan kokatzea, eginiko etengabeko aurrerapen artistikoaren ondorioz, ez baitzen, garaiko konpositore asko bezala, berriztatzailea inondik ere.

Puccini musikazko antzezpenean atxiki zen, beti ere ikusleetan pentsatuz, ekitaldiak zainduz eta mundu osoan zehar jarraituz.

Hamabi opera sortu arren, mundu osoko antzezleku lirikoetako bildumetan agertzen dira. Obretan aldaketa asko, bizkortasuna, sintesia, sakontasun psikologikoa eta aurkikuntza eszeniko ugari aurki daitezke.

Ikuslea, nahiz eta opera bakoitzak beti zuen zati berriaren ondorioz nahasturik egon, azkenean bere alde jartzen ziren. Musika italiarrak, berriz, Puccini etsai eta susmagarritzat hartzen zuen. Italian bere musika ez zela, ez italiarra, ez errusiarra, ez alemaniarra eta ezta frantziarra ere. Hala ere, garai hartako Stravinski, Schoenberg, Ravel eta Webernek Pucciniren lana baloratu zuten.

Pucciniren meriturik handiena hizkuntzak eta kultura musikalak ikasteko eta trebetasunez laburtzeko zuen ahalmena da. Konpositorearen nortasun artistikoa ezagutzeko beharrezkoa da garai hartako kultura musikal ezberdinaetan miatzea.

Richard Wagnerren eragina

Milanera iritsi zenetik Richard Wagnerren jarraitzaileetako bat izan zen; bi konposizio sinfonikoek, Kontserbatorioko ariketak bezala aurkeztuak, Wagnerren lehenengo obren bereizgarriak dituzte: Lohengrin eta Tannhauser. 1883. urte hasieran, Parsifalen partitura lortu zuen Pietro Mascagni gelakidearekin batera.

1880ko obretan Wagnerren eragina nabarmentzen da. Manon Lescauten ondoren, Puccini teknika berezi bat ikertzen hasiko da leitmotiva erabiliz. Hala ere, Tosca sortu ondoren, batez ere, agertzen da nabarmen Wagnerren eragina.

Frantsesen eragina

Kolorea frantziar operatik hartu zuen, Bizet eta Massenetengandik batez ere. Giroaren berreraikuntza musikalak erliebe itxura hartzen du partitura guztietan: Turandoteko Txinakoa, Madama Butterflyko Japoniakoa, La fanciulla del Westeko Amerika mendebaldekoa, Manon Lescauteko Parisekoa, La Bohème, La Rondine eta Il Tabarro, Toscako Erromakoa, Gianni Schicciko Florentziakoa edo XVII. mendeko Suor Angelica komentukoa.

Pucciniren harmoniak frantziar musikaren elementuak hartzen ditu. Hala ere, ez da erraza eragin konkretu bat azaltzea, horrelako pasarteak Le Villin azaltzen baitira, Fauré eta Debussyren musikak ezezagunak zirenean Italian oraindik.

1890 aldera Debussyren musika interesatzen hasten zaio eta Nuevo Mundon erakutsiko du zaletasun hau.

Opera nagusiak

  • Le Villi, Milan (Dal Verme), 31-V-1884.
  • Le Villi (2. bertsioa), Turin (Regio), 26-XII-1884.
  • Edgar, Milan (Scala), 21-IV-1889.
  • Edgar (2. bertsioa), Lucca (Giglio), 5-IX-1891.
  • Edgar (3. bertsioa), Ferrara (Comunale), 28-I-1892.
  • Edgar(4. bertsioa), Buenos Aires (Ópera), 8-VII-1905.
  • Manon Lescaut, Turin (Regio), 1-II-1893.
  • La Bohème, Turin (Regio), 1-II-1896.
  • Tosca, Erroma (Constanzi), 14-I-1900.
  • Madama Butterfly, Milan (Scala), 17-II-1904.
  • Madama Butterfly (2. bertsioa), Brescia (Grande), 28-V-1904.
  • Madama Butterfly (3. bertsioa), Londres (Covent Garden), 10-VII-1905.
  • Madama Butterfly (4. bertsioa), Paris (Opéra-Comique), 28-XII-1906.
  • La fanciulla del West, New York (Metropolitan), 10-XII-19101910
  • La rondine, Montecarlo (Opéra), 27-III-1917.
  • Il Trittico: Il Tabarro, Suor Angelica eta Gianni Schicchi, New York (Metropolitan), 14-XII-1918.
  • Turandot (Puccinik bukatu gabe utzi eta Franco Alfanok bukatutakoa), Milan (Scala), 25-IV-1924

Beste lan batzuk

  • Organo eta pianorentzako piezak (1874-1878?)
  • A Te (1870 ingurukoa)
  • Preludio a orquesta en Mi menor (1876)
  • Mottetto per San Paolino (1877)
  • I figli d'Italia bella(1877)
  • Prime fantasie, (1879 (galduta)
  • Vexilla Regis 1874 eta 1880
  • Misa 1880
  • Adagio 1881-1882
  • Fuga en Re menor, 1881-1882 (?)
  • Fuga en Do menor 1881-1883)
  • Fuga en Sol mayor (1881-1883)
  • Fuga en Do mayor (1881-1883)
  • Fuga en Mi menor (1881-1883)
  • Fuga en Sol mayor (1881-1883)
  • Fuga en Sol mayor (1881-1883)
  • Cuarteto de cuerda en Re mayor (1881-1883)
  • Preludio sinfónico en La mayor, para orquesta (1882)
  • Ah! se potesse, (1882?, galduta)
  • Scherzo en La menor para cuerda (1882)
  • Seguitiam del reo le impronte (1882)
  • Fuga Reale para cuarteto de cuerda (1883)
  • Melanconia (1883?)
  • Salve Regina (1883?)
  • Storiella d'amore (1883?)
  • Ad una morta (1883?)
  • Adagetto (1881-1883)
  • Trío en Fa mayor (1881-1883)
  • Fuga en Sol menor (1883)
  • Mentía l'avviso (1883)
  • Capriccio Sinfonico (1883)
  • Scherzo (1883?)
  • Tre minuetti (1884)
  • Sole e amore (1888)
  • Crisantemi (1890)
  • Piccolo Valzer (1894)
  • Avanti Urania!(1896)
  • Inno a Diana(1897)
  • E l'uccellino (1899)
  • Scossa elettrica (1899?)
  • Terra e mare (1902)
  • Canto d'anime (1904)
  • Requiem (1905)
  • Ecce sacerdos magnus (1905)
  • Dios y Patria', himno escolar (Buenos Aires, 1905eko abuztuaren 3a)
  • Casa mia (1908)
  • Piccolo tango (1907-1910, berea ote?)
  • Foglio d'álbum (1907-1910, berea ote?)
  • Sogno d'or (1912)
  • Morire? (1917?)
  • Inno a Roma(Himno a Roma) (1919)

Puccini eta autoak

Oso gutxik dakite Puccini izan zela lehen lurrorotako auto italiarra egiten lagundu zuena. Autoak maite zituen eta erosi zuen lehena De Dion Bouton "5 CV" bat izan zen, 2001ean, Milaneko erakusketa batean ikusi zuena.

Ibilgailu hauekin Viareggio edo Forte dei Marmira joaten zen, azken honetan ematen baitzuen uda. Livornoko polizien arabera, nahiko azkar joan ohi zen autoz eta 1902an isuna jarri zioten. Gau batean, bi hilabete beranduago, karreteratik irten zen bere emaztearekin, semearekin eta mekaniko batekin zihoanean, baina ez zen oso larria izan.

Sizaire et Naudin bat erosi zuen 1905ean. Auto guztiak familiarekin ibiltzeko erabiltzen zituen, ez ehizara joateko.

Arrazoi horregatik, Puccinik lur zailetan ibiltzeko gai den auto bat eskatu zion Vincenzo Lanciari. Hortik hilabete gutxira, lurrorotako lehen auto italiarra kontsideratzen dena eman zioten, baina ez zen pozik geratu eta "Lancia Trikappa" bat eta "Lancia Lambda" bat erosi zituen.

Lehenengoarekin, 1922ko abuztuan Europatik bidaia luze bat egin zuen: Bi autoetan joan ziren lagunak. Ibilbidea honako hau zen: Cutigliano, Verona, Trento, Bolzano, Innsbruck, Munich, Ingolstadt, Nurenberg, Frankfort, Bonn, Kolonia, Amsterdam, Haga, Konstantza eta Italiara itzulera.

1924ko "Lambda" Pucciniren azken autoa izan zen. Auto honekin Pisako estaziora joan zen Bruselara trenez joateko. Hemen hil zen.

Pucciniren omenez

Konpositorea hil ondoren, erakustoki bat eraiki zen, non bere gorputza bertan aurkitzen den bere emaztearekin eta semearekin batera. Erakustoki hau bere bilobarena da gaur egun.

Ikus, gainera


Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Giacomo Puccini