Giambologna

Wikipedia, Entziklopedia askea
"Sabinen bahitzea".

Giambologna, jaiotza-izenez Jean Boulogne (Douai, Flandria, gaur egun Frantzia, 1529 - Florentzia, gaur egun Italia, 1608ko abuztuaren 13a) flandriar jatorriko italiar eskultorea izan zen.

Biografia

Anberesen ikasi ondoren, Erroman izan zen (1555-1557), eta Florentzian hartu zuen bizilekua, Frantzisko Mediciren babespean. Bolonian ere lan egin zuen Pio IV.arentzat ("Neptunoren iturria", 1563-1567).

Flandriako naturalismoa, eskultura helenistikoa eta Florentziako manierismoa dira bere lanen oinarriak, eta estilo oparo bat sortu zuen. Irudi biluzi ederrak egin zituen ("Petraiako Venus", 1567), eta formalismo dotorekoak ("Boboli jardinetako Venus", 1570). Mugimendua bilatu zuen bere irudietan ("Merkurio" , "Sabinen bahitzea"). Apainketa-lan bikainak egin zituen lorategietarako ("Apenino", Pratolino parkea), eta elizetan ere lan egin zuen ("San Antoninoren kapera", Florentziako San Marko, 1581-1589). "Kosme I.aren zaldizko estatua" delakoa (1587-1594) klasikoagoa da. Europako eskulturan, bereziki Versailleskoan, eragin handia izan zuen.

Erreferentziak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Giambologna Aldatu lotura Wikidatan