Gioconda

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Gioconda edo Mona Lisa
Mona Lisa, by Leonardo da Vinci, from C2RMF retouched.jpg
Egilea Leonardo da Vinci
Kokalekua Louvre museoa
Materiala olioa makalean
Neurriak 77 × 53 × cm.

Gioconda, zeina Mona Lisa izenez ere ezaguna baita, Leonardo da Vinci toskanarraren margolan bat da, XVI. mendearen hasierakoa. Leonardoren margolan garrantzitsuenetatik azkenekoa da.

Zalantzarik gabe, artearen historia osoko margolanik ospetsuenetako bat da, eta ezin konta ahala aipamen egin izan dira berari buruz. Margotu zenetik, inspirazio-iturri izan da askotariko lanetarako, hala nola margolanak, eskulturak eta nobelak, bai eta zurrumurru eta faltsifikazioetarako ere. Margolanaren sona areagotu egin zen lapurtu zutenean, 1911ko abuztuaren 21ean.

Makal zurezko xafla baten gainean margoturiko olio-pintura da, eta behatzaileentzat harrigarri samarra gertatzen da, bere tamaina nahiko txikiarengatik (77 x 53 cm).

Frantziako Estatuaren jabetzakoa da, eta gaur egun Parisko Louvreko museoan dago erakusgai.

Nor zen Gioconda?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azalpen tradizionalaren arabera, Lisa Gherardini zen; hots, Francesco del Giocondo izeneko Florentziako zeta-merkatari aberatsaren emaztea. Merkatari horrek 1503an Leonardo da Vinciri bere emaztearen erretratua egin zezala eskatu zion, beren etxe berrian jarri eta izan zuten bigarren semearen jaiotza ospatzeko.

Horrenbestez, “Gioconda” izena senarraren abizenaren eratorpen bat da. Adierazi beharrekoa da, bestalde, italieraz “gioconda” hitzak “alai” esan nahi duela. Herrialde anglosaxoniarretan erabiliagoa da “Mona Lisa” izendapena. Izen horren jatorria italierazko “ma donna” da; alegia, “ene andrea”. Espresio horrek bilakaera bat jasan du, “ma donna”tik “madonna”ra, eta hortik “mona” laburdurara. Beraz, “mona” da norbaiti deitzeko era adeitsu bat, ingelesezko “my lady”, gaztelaniazko “mi señora” edo frantsesezko "madame" esapideen parekoa.

Irudiaren deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ukaezina da Giocondak pizten duen ikus-mina

Lisa, emakume gaztea, 1503an 24 urte inguru baitzeuzkan, aulki batean eserita agertzen da, terraza batean (edo, zehazkiago, loggia bat: etxe baten fatxadan irekitako balkoi baten tankerako galeria edo korridore bat, kanpoalderantz irekia,eta zutabez eutsitako arkupe-itxurako espazioa eratzen duena; gehienbat Italian erabilitako elementu arkitektonikoa da). Haren atzealdean paisaia aski ezezagun eta ez oso abegitsu bat zabaltzen da, ametsetakoa bezalakoa, giza presentziaren bi adierazle bakarrik erakusten dituena: bidea eta zubi bat. Aulkiaren eskutokia margolanaren planoarekiko paralelo dago. Emakumearen aurpegia eta bere ezkerralderanzko begirada margolanaren behatzaileari zuzenduta daude (oso ezohikoa garai hartako margolanen artean).

Giocondak masail beteak eta kopeta zabala dauzka. Aipagarria da ez bekainik ez betilerik ez izatea, eta horretarako azalpen ezberdinak proposatu izan dira: batek dio Leonardok azken ukitu gisa margotu zituela jadanik lehorra zegoen pinturaren gainean, eta handik urte askora margolana lehenbizikoz garbitu zenean, disolbagai desegokia erabiltzeagatik bekainak ezabatu egin zituztela. Beste azalpen baten arabera, Leonardok ez zion inoiz bekain eta betilerik margotu, espresioa anbiguoago uztearren, edo, agian, obra amaitzera inoiz ez iristeagatik ere. Esan izan da, halaber, Giocondaren garaiko emakumeen artean ohikoa zela ile horiek depilatzea, itsusitzat jotzen omen baitziren.

Aho itxiaren ezkerraldeko ertzak irribarre bat iradokitzen du.

Ezkerreko eskuak aulkiaren ezkerreko eskutokiari heltzen dio, eta eskuineko eskuaren behatz lirainak dotoretasunez bermatuta daude ezkerreko eskuaren gainean.

Ilearen gainean mantelina edo buru-oihal fin bat jarrita dauka, eta ezkerreko sorbaldaren gainean kapa bati eusten dio.

Emakumea bizkarra zuzen-zuzen duela dago eserita, besoak antxumatuta, bere baitan bilduta dagoen norbaiten jarrera erakutsiz. Horrez gain, aulkiaren eskutokiak ere Giocondaren eta behatzailearen artean halako bereizketa bat ezartzen duen elementu gisa funtzionatzen du. Emakumearen begirada, ordea, behatzailearengan finkatuta dago, komunikazio isil horretarako gonbita luzatuko balio bezala.

Mona Lisaren aurpegia, lepoa, bularra eta eskuak argitasun beraren distirarekin nabarmentzen dira. Argituriko aurpegiak bere inguruan elementu askoz ere ilunagoak dituenez, (ilea, buruko oihala, itzalak) indar are handiagoz erakartzen du behatzailearen begirada. Era horretan, efektu bitxi bat sortzen da: emakume misteriotsu horrenganantz erakarriak sentitzen gara, baina harengandik distantzia jakin bat gordetzera behartuta gaude.

Ezaugarri garrantzitsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Begiradaren xehetasuna.
Ahoaren xehetasuna.
Eskuen xehetasuna.

Ernst Gombrich artearen historialariak dioen bezala, Giocondak egiazki bizirik dagoela dirudi: izaki bizidun bat izango balitz bezalaxe, guk begiratzen diogun bakoitzean itxura ezberdin bat antzematen diogu: batzuetan, nolabaiteko iseka-keinu bat sumatzen diogu; beste batzuetan, ordea, halako goibeltasun-kutsua.

Gombrichek dioenez, Leonardok efektu hori lortzen du sfumato deritzon teknikaren bitartez. Teknika horren ideia nagusia da margolariak margolana hein batean behatzailearen irudimenaren baitan laga behar duela. Alegia, zer edo zer guztiz zehaztu gabe utzi behar du, behatzaileak gainontzekoa asma dezan. Horregatik, zenbait forma lausoturik utziko ditu, itzalguneekin nahasten diren arte: hain zuzen ere, ahoaren ertzak eta begien ertzak lausotzen ditu, horiek baitira aurpegi baten espresioan eragin handiena dutenak. Horregatik ez dugu inoiz erabateko ziurtasunez ondorioztatzen zein aldartez ari zaigun egiazki begiratzen Gioconda.

Badago beste ezaugarri bat Giocondaren espresioaren ulerbide-aniztasuna areagotzen duena: atzealdeko paisaia. Arretaz begiratuz gero, ikus daiteke paisaia hori erdibituta agertzen dela, eskuinaldeko paisaiaren horizontea askoz ere altuago baitago ezkerraldekoa baino. Bi paisaiek bat egingo luketeneko puntua Giocondaren buruak estaltzen du. Horren ondoriozko efektua zera da, gure begirada ezkerraldera zuzentzen dugunean, emakumeak altuago dirudiela eskuinaldera begiratzen dugunean baino. Eta horrekin batera, emakumearen aurpegiera ere modu ezberdinean ikusten dugu, Gombrichek ohartarazten duenez.

Margolanaren joan-etorriak eta gorabeherak historian zehar[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Margolana bukatu ondoren, Leonardok Erromara eraman zuen, eta gero Frantziara, eta hantxe egon zen, Leonardo hil arte. Gauza jakina da Frantziako errege Frantzisko I.ak eskuratu zuela margolana, baina ez dago argi ea hori 1517an izan zen (alegia, Leonardo hil baino lehen), ala Leonardoren heriotzaren ondoren, 1519an. Erregea zendu eta gero, obra Fontainebleaura eraman zuten, gero Parisera eta, azkenik, Versaillesko jauregira, Luis XIV.aren bildumara. Frantziako Iraultzarekin, Louvre Museora iritsi zen. Alabaina, Napoleon Bonapartek handik eraman eta bere logelan zintzilikatu zuen. Napoleon deserriratua izan ondoren, Gioconda berriro Louvrera eraman zuten.

Lapurretaren ondoren museoko horman gelditu zen hutsunea.

Lapurreta[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1911ko abuztuaren 21ean, Vincenzo Peruggia izeneko 31 urteko gazte italiar batek margolana lapurtu zuen. Peruggia Louvreko langilea izandakoa zen, eta irekiera-ordu arruntetan museoan sartu eta armairu batean ezkutatu zen. Margolanari markoa kendu eta, arroparen azpian ezkutaturik, besapean zeramala irten zen, museoak bere ateak itxi ondoren. Lapurreta hura izugarrizko eskandalua izan zen Louvrerentzat, eta XX. mendeko arte-lapurretarik larriena dela esan izan da. Museoa aste oso batez itxita egon zen, lapurretari buruzko ikerketa erraztearren. Gobernuak Louvreko zuzendaria kargutik bota zuen, eta gertakariak hiru aste iraun zuen egunkarien titularretan. Herritar asko eta asko berariaz joan ziren Louvrera, beren begiekin ikustera margolanak utzitako hutsunea, eta saltzaile ibiltari ugari Giocondaren postalak eta irudiak saltzen hasi ziren Louvreren aurrean.

Susmoak Guillaume Apollinaire poeta frantsesarengana bideratu ziren, hark behin esan baitzuen Louvreko museoa erre egin beharko luketela. Atxilotu eta kartzelara eraman zuten. Pablo Picassori ere galdeketak egin zizkioten, baina bai bata bai bestea aske utzi zituzten, azkenik.

Giocondak utzitako hutsunea betetzeko, Rafaelek margoturiko Baldassare Castiglione margolana ipini zuten, Giocondaren eragin nabarmena agertzen duen irudi bat, hain zuzen ere. 1913an, Gioconda ez zen jadanik Louvreko obren katalogoan azaltzen.

Ustez, Vincenzo Peruggiak Italiara, “sorterrira”, eraman nahi zuen Gioconda. Bere etxean Gioconda bi urtez ezkutatuta eduki ondoren, azkenik atxilotua izan zen, margolana Florentziako Galleria degli Uffizi museoko zuzendariari saltzeko ahaleginetan zebilenean. Margolana berreskuratu ondoren, Italiako zenbait tokitan erakusgai ipini zuten, eta gero Louvrera eraman zuten berriro ere. Peruggiak Italiako zenbait sektoreren goraipamena izan zuen, abertzaletasun-ekintza gisa hartua izan zenarengatik, eta hilabete gutxi batzuk bakarrik igaro zituen espetxean.

Bigarren Mundu Gerran, margolana berriro ere Louvretik eraman zuten; lehenbizi, Amboiseko gaztelura, gero Loc-Dieu abade-etxera eta geroago Montauban-eko Ingres museora.

1956an, margolanaren azpialdeak kalte larriak izan zituen, pertsona batek azidoz zipriztindu zuenean. Urte bereko abenduaren 30ean, margolanari harri bat jaurtiki zioten, eta horren ondorioz pigmentu-izpi bat galdu zuen ezkerreko ukalondo-aldean, geroago konpondu bazuten ere.

Tournée-ak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Margolanaren harrera-ekitaldia, 1963ko urtarrilaren 8an. Argazkian, Kennedy presidentea eta bere emaztea, André Malraux eta L.B. Johnson, besteak beste.

1961ean, AEBetako presidente John F. Kennedyk eta bere emazte Jacquelinek bisita egin zioten Charles de Gaulle-ri, amerikarren eta frantsesen arteko harremanak hobetzeko asmoz. De Gaullek onartu egin zuen Gioconda Estatu Batuetan erakustera eramateko proposamena, margolanaren arduradunak ados egon ez baziren ere. Horrela, ba, margolana Le Havreko porturaino eraman zen, motor-gidarien segizio batek babestuta, eta SS France luxuzko transatlantikoan garraiatu zuten Estatu Batuetaraino, propio egokituriko lehen klaseko kabina batean, uretan hondoratu ezineko kutxa berezi batean gordeta.

1963ko urtarrilaren 8an, margolanari harrera egin zitzaion Washington-eko National Gallery of Art museoan prestaturiko festa-ekitaldi batean. Washingtonez gain, New Yorkeko Metropolitan Museum of Art-ean ere ikusgai egon zen Gioconda. The New Yorker aldizkariak eginiko kalkuluen arabera, margolanak izan zituen 1,6 milioi bisitarietako bakoitzak, batez beste, lau segundoz ikusi ahal izan zuen margolana, horretarako ilaran ordu askoz itxaroten egon ondoren.

Hamar urte geroago, 1973an, Gioconda Japoniara eraman zuten, orduan ere margolanaren zaintzaileak bisitarekin ados egon ez ziren arren. Tokiotik, margolana Moskura eraman zuten, Sobiet Batasunarekiko harremanak samurtzeko xedez.

Gaur egun, Louvre museoan dago ikusgai Gioconda: 2005era arte, Areto Arrosan; urte hartan, Estatuen Aretora lekualdatua izan zen. Museoan zehar jarritako errotulu batzuek bisitariei Gioconda dagoen tokiraino iristeko biderik motzena erakusten diete.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Gioconda Aldatu lotura Wikidatan