Giorgio Armani

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Giorgio Armaniren erretratua.

Giorgio Armani (Piacenza, Italia, 1934ko uztailaren 11) italiar moda-diseinatzailea da. Moda-egileen artean maisutzat jo izan da, eta bere diseinuetan dotoretasuna, kalitatea eta praktikotasuna bateratu ditu.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Medikuntza-ikasketak utzi eta argazkiak egiten hasi zen, eta gero, Milango erostetxe handi baten erakusleiho eta erosketen arduradun izan zen. 1961-1971 bitartean Nino Cerruttirentzat lan egin zuen, gizonen jantziak diseinatzen dituen enpresa garrantzitsu batean. Azkenik bere enpresa sortu zuen, eta 1975ean erakutsi zituen lehen aldiz bere diseinuak. Irudia estilizatzen duten jaka informalak eta zabalak ziren Armaniren diseinuaren adierazgarriak.

Bere estiloa gizonezkoentzat pentsatua baldin bazen ere, oso harrera ona izan zuen emakumeen artean ere, eta, beraz, emakume-jantziak ere diseinatzen hasi zen. 1980ko hamarraldian atal berri bat sortu zuen bere diseinuak prêt-à-porter (seriean, neurririk hartu gabe) egiteko, merkeago eta jende gehiagok erosteko moduan. Urte horretan bertan Richard Gereren jantziak diseinatu zituen American Gigolo (1980) filmerako. Horrez gainera, bere ehunak diseinatzen hasi zen, eta 1982an bere izena duen perfume-sorta bat atera zuen. Mende amaierako Chanel deitu izan zaio, joskintza tradizionalean kirol-jantzien gaiak txertatu dituelako.

2009an Armanik hurrengo dendak zituen munduko 37 herrialdeetan zehar: 60 Giorgio Armani boutique, 11 Collezioni, 122 Emporio Armani, 94 A/X Armani exchange, 13 Armani Junior, eta Giorgio Armani Accessori bat. 2011. urtean, Forbes aldizkariak arrakasta handieneko italiar diseinatzailetzat jo zuen, bere ondasuna 7.000.000.000 dolarretan balioztatuz.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Giorgio Armani Aldatu lotura Wikidatan