Giovanni Pico della Mirandola
Giovanni Pico della Mirandola (dʒoˈvanni ˈpiko della miˈrandola ahoskatua; Mirandolako gaztelua, Ferrarako dukerria, 1463 - Florentzia, 1494) italiar filosofoa eta pentsalaria izan zen. Zuzenbide kanonikoko ikasketak egin zituen Bolonian eta filosofiakoak Paduan. Florentzian jarri zen bizitzen, eta han Marsilio Ficino Errenazimentuko filosofo platoniko handia ezagutu zuen; arabiera, hebreera eta arameera ikasi zituen. Platonen filosofiaren jarraitzaile zen, eta bi obra garrantzitsu eman zituen argitara: Conlusiones philosophicae, cabalisticae et theologicae (Ondorio filosofikoak, kabalistikoak eta teologikoak) eta De hominis dignitate oratio (Gizonaren duintasunari buruzko hitzaldia), 1486. urtean biak. Pentsalari greko, hebrear, arabiar eta latinoetan oinarriturik idatzi zituen 900 tesiak eztabaidatzeko Europa guztiko pentsalariak bildu nahi izan zituen, baina ezinezkoa gertatu zitzaion Aita Santuak izendatutako batzorde batek heretikotzat jo baitzituen tesietariko batzuk. Frantzian izan ondoren (espetxean izan zen aldi labur batez) Florentziara itzuli zen eta 1492. urtean Alexandro VI.a Aita Santuak heresia haren salaketaz aske utzi zuen.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.