Giovanni da Pian del Carpini

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Giovanni da Pian del Carpiniren ibilbide Asian, bidea urdinez

Giovanni da Pian del Carpini (Pian del Carpini, Umbria, Italia, 1182 - Antivari, 1252) frantziskotar apaiza izan zen, San Frantzisko Asiskoaren dizipulua. Germaniako eta Espainiako nagusi, eta Antivariko artzapezpiku izan zen.

Mongolek Europari egindako eraso handiaren ondoren (Liegnitzeko gudua, 1241eko apirilaren 9a), Inozentzio IV.a aita santuak mongolen khanarengana bidali zuen, ordezkari gisa, ahal izanez gero bakea lortzera, eta bide batez haien indarra, jokaera, eta bestelako informazioa biltzera. 1245eko Pazko egunean irtenik, Batu Khanengana, Mongolen Inperioko mendebaldeko buruzagiarengana, iritsi zen, Volga ibaiaren ondoan. Hark Karakoruma, mongoliarren inperioko hiriburura, bidali zuen. Asia erdialde osoa igarota, Güyük Khanen, Ögodei Khanen ondorengoaren koroatzera iritsi zen. Pian del Carpinik ez zuen lortu khanaren asmoak aldatzerik. Bi urteko bidaia eginik, Asiari buruzko garrantzi handiko lan bat idatzi zuen, bidaia hartan oinarrituta: Historia Mongalorum quos nos tartaros apellamus (Guk tartaro deitzen ditugun mongolen historia). Mongolen bizimoduaren, ohituren eta historiaren berri emateaz gainera, Asiako beste hainbat herriren deskribapena ere egin zuen, Erdi Aroan kristauen aldetik egin zen zehatzena. Geografiari dagokionez zenbait akats zituen, baina zenbait urte geroago, Gilermo Rubrouckekoak zuzendu zituen. Pian del Carpiniren liburuak, edo haren laburpen batek, eragin handia izan zuen Europan, Errenazimentura arte.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]