Giza Eskubideen Europako Auzitegia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren egoitza, Estrasburgon

Giza Eskubideen Europako Auzitegia[1] (frantsesez Cour européenne des droits de l’homme), Estrasburgoko Auzitegia ere deitua, giza eskubideak babesteko erakunde bat da, Europako Kontseiluak 1959an sortua. 1998ko azaroaren 1etik, Estrasburgon du egoitza, Richard Rogers arkitektoak diseinatutako eraikin batean.

Haren eginkizuna da zaintzea Giza Eskubideen Europako Hitzarmena bete dadin. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak eskumena du Europako Kontseiluko estatu kide baten aurka aurkeztutako errekurtsoak ebazteko, baldin eta estatu horrek aipatutako hitzarmena eta haren protokolo osagarriak berretsi ondoren haietan aitortzen diren eskubideak eta askatasunak errespetatzen ez baditu.

1950ean Giza Eskubideen Europako Hitzarmena izenpetu zuten herrialdeek gobernuen zapalketa-ekintzak eragozteko sortutako auzitegia. Bigarren Mundu Gerraren ondorengo urteetan, Alemaniako erregimen nazionalsozialistak egindako sarraskien ondoren batez ere, Europako agintari gehienak bat etorri ziren nazioarteko erakunderen bat antolatu beharraz, herritarrek beren estatuetan hartzen zuten tratua gainbegiratzeko. Gerra-krimenengatik Nürenbergen egin ziren epaiketetan argi geratu zen nazioarteko auzitegiaren ideia egingarria zela. Hala, estatuek herritarren izenean beste nazio batzuk salatu ahal izango zituzten organismo bat eratzea erabaki zen. Egun, hitzarmen hura izenpetu zuten ia herrialde guztiek auzitara zuzenean jotzeko eskubidea utzi diete herritarrei, eta epaitzen diren auzi gehienak herritarrek beren gobernuen kontra jarritakoak dira.

Hitzarmenak Europar Batasunak baino kide gehiago ditu, eta Batasuneko kide guztiek izenpetu dute. Auzitegia herrialde izenpetzaile bakoitzeko epaile banaz osatuta dago, eta Frantziako Estrasburgoko hirian du egoitza. Hitzarmenak oinarrizko eskubideak babesten ditu, hala nola adierazpen-eskubidea, bilera egiteko eskubidea, erlijio-eskubidea, etxearen eta familiaren bortxaezintasuna, eta zuzentasunez epaitua izateko eskubidea. Eskubide bakoitza termino orokorretan adierazita dago, eta salbuespen batzuk ditu: adibidez, gobernuek adierazpen-eskubidea murriztea onartzen da, gizabanakoen entzutea edo ohiturak babesteko.

Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren estatu sinatzaileak

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak adierazitako doktrinaren arabera, gobernu nazional bakoitzak "irizpen-tarte" bat du oinarrizko eskubideak defendatzeko, hartu beharreko neurriak zehazteko eta salbuespenak erabakitzeko. Gobernuek lege-kontu bakoitzari dagozkion interesak orekatzeko betebeharra dute: adierazpen-eskubidea eta adierazpen eskubidea erabiltzen ari direnek inoren izena ez zikintzeko eskubidea berriro ere. Izan ere, auzitegian plazaratzen diren gai askok konplexutasun handiko gai moralak dakartzate berekin, eta auzitegiaren iritzian hobe da erabaki horiek gobernu demokratikoen esku uztea. Hala, estatuek legez dagozkien funtzioak gainditzen dituztenean edo eskubide horiek behar bezala babesteko gai ez direnean bakarrik hartzen du parte auzitegiak.

Organismo horren lanaren parte handi bat auzi jakin baten aurrean gobernuak duen jarrera "irizpen-tarte" horretan sartzen den ala ez erabakitzea da. Neurritasun-politika hori gorabehera, auzitegia gai eztabaidagarrietan nahasten da sarritan, gobernu baten kontra jotzen duenean batez ere. 1995ean, adibidez, auzitegiak erabaki zuen Erresuma Batuko gobernuak bere irizpen-tartea gainditu zuela eta arriskuan jarri zuela terrorismoaren aurka jotzeko dagoen legezko auzibidea, Gibraltarren IRAko hiru kide atxilotzeko agindu eta hirurak hil zirenean.

Auzitegiak Giza Eskubideen Europako Batzordearen laguntza jasotzen du; auziek auzitegiraino iritsi beharko luketen erabakitzen du batzorde horrek, adibidez. Izan ere, askotan, herrialdeetako auzitegiek auzilarien kontrako erabakia hartzen dutenean, auzilariek oinarrizko eskubideak urratu direla argudiatzen dute, beren herrialdeko auzitegien erabakia deuseztatzeko asmo hutsez, baina hori ez da Europako Auzitegiaren zeregina.

Erreferentziak

  1. Euskalterm
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Giza Eskubideen Europako Auzitegia Aldatu lotura Wikidatan