Giza antigeno leukozitario

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Giza antigeno leukozitarioak (HLA laburtuta, ingelesetik "Human leukocyte antigen") gizakiaren zelula mintzetan dagoen antigeno-multzoa da, ehunen zeluletan zein odoleko leukozitoetan agertzen dena. Berezkoa eta kanpokoa bereizten laguntzen dio immunitate-sistemari, eta T linfozitoei laguntzen die erantzun immunea garatzen.

Ehunen zeluletan dauden antigeno hauek zeregin oso garrantzitsua jokatzen dute ehun edo organo transplanteetan, errefusaren erantzuleak baitira. Izan ere, transplante batek arrakasta izan dezan ezinbestekoa da emailearen eta hartzailearen HLA sistema ahalik eta berdinenak izatea, hots, zelulen mintzetan dauden antigenoek ezberdintasun gutxi izatea. Zenbait transplantetan (hezur-muinarena, esaterako) garrantzi handikoa da egon beharreko antzekotasun hori, eta transplantea burutu aurretik HLAren bateragarritasun-ikerketa egiten da.


HLA motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zenbait HLA antigeno agertzen dira irudi honetan.
Irudi honetan guraso bakoitzarengandik ondorengoek nola heredatzen dituzten HLA antigenoak irudikatzen da.


HLA antigenoak bi kate dituzten glukoproteinak dira. HLAren bi molekula mota daude: I motakoak eta II motakoak. I motako molekulak nukleodun zelula guztien gainazalean daude, eta II motakoak B linfozitoetan eta makrofagoetan.

I motako antigenoak HLA-A, HLA-B eta HLA-C dira, eta II motakoak HLA-DP, HLA-DQ eta HLA-DR. Azpimota bakoitzak antigeno ezberdinak ditu: adibidez, HLA-Bk 500 antigeno inguru ditu (HLA-B5, HLA-B7, HLA-B8, HLA-B27, etab.), gizabanako batek horietako bi izanik (bata, aitarengandik jasota eta bestea amarengandik). Era berean, HLA-Ak 300 antigeno inguru eduki dezake. Hori dela eta, HLA antigenoen balizko 10.000 konbinazio baino gehiago daude, konbinazio bakoitzak berezko formula antigenikoa osatuz (adibidez: HLA-A3 eta HLA-A10, HLA-B5 eta HLA-B27, HLA-Cw1 eta HLA-Cw5, HLA-DP1 eta HLA-DP3, etab.). Aniztasun handi honek transplanteen errefusa azaltzen du, oso zaila baita formula antigeniko bera duten zelulak topatzea bi ehun desberdinetan (biki monozigotikoen kasuan izan ezik). Horregatik, organoen transplanteetan ehunetan dauden HLA antigenoek anti-HLA antigorputzen ekoizpena eragiten dute organoaren hartzailearengan.


Funtzioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

HLA molekulen funtzioa kanpoko antigenoekin konbinatzean datza, konplexu bat sortuz, T linfozitoek ezagutu eta erasotzen dutena. Hots, HLA antigenoek antigeno arrotzak aurkezten dizkiete T linfozitoei. HLA molekulen ezean, T linfozitoek ez dituzte antigeno arrotzak ezagutzen.


Genetika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

HLA molekulak kodetzen dituzten geneak histokonpatibilitate-konplexu nagusi (MHC, ingelesetik "major histocompatibility complex") izeneko gene-konplexu batean kokatzen dira. Gizakiengan, konplexu honi HLA sistema deritzo, izena oso egokia ez izan arren (zelula mintzetan dauden antigenoekin nahastu daitekeelako). MHC edo HLA sistema gizakiaren 6. kromosoman dago, bere beso motzean, eta bere DNAk 3,6 Mpb ditu. HLA antigenoen aniztasuna oso handia denez, antigeno horiek kodetzen dituzten geneak ere asko dira. Hori dela eta, HLA sistema polimorfikoa da oso (ez dago gizakian HLA sistema bezain polimorfikoa den sistema genetikorik).

Gaixotasun autoimmuneak pairatzen dituzten gaixo askok hainbat alelo berezi dituzte bere HLA sistema genetikoan. Esaterako, espondilitis ankilopoietikoa duten gaixoen %95-k HLA-B27 positiboak dira, antigeno hori eta bere genea kodetzen duenaren frekuentzia %10 baino gutxiagokoa izanik populazio gehienetan. HLA-DR3 eta HLA-DR4 antigenoak eta geneak 1. motako diabetea eta artritis erreumatoidea duten gaixoengan ugariagoak dira, era berean. Sjögrenen sindromea, lupus eritematosoa, gaixotasun zeliakoa eta miastenis gravis HLA sistemaren alelo bereziak dituzten beste gaitz autoimmuneak dira.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]