Glia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Oligodendrozitoa

Glia zelulak, sarri neuroglia edo glia soilik deituak, nerbio-sistemako zelula ez-neuronalak dira, egitura eutsi, neuronak elikatu, homeostasia mantendu, mielina sortu eta babesa ematen dutenak. Giza garunean neuronak baino 10 aldiz ugariagoak dira.

Honetaz gain, garapenean parte hartzen dute, neurona gazteak kokapen egokira gidatuz; axoi eta dendriten haziera kontrolatzen dute haziera-faktorea askatuz. Ezagutu berri da sinapsietan parte hartzen dutela neurotransmisoreak ezabatuz; egitura presinaptikoan eragina dutela ATP bezalako faktoreen bidez, eta neurotransmisoreak sortzeko gaitasuna dutela. Azken ikerketen arabera glia eta neuronek lehen uste baino antza handiagoa dute.

Glia motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Astrozitoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nerbio-sisteman zelula ugarienak, izar itxura ematen dieten luzakin ugari dituzte. Neurona eta odol-kapilarren tartean daude eta odol-korrontetik neuronetara zeharkatzen duten osagaiak filtratzen dituzte. Sistema honi langa hematoentzefalikoa deritzo, eta nerbio ehuna odoleko zenbait gaietatik babesteko helburua du. Honetaz gain, espazio sinaptikoan askatzen diren neurotransmisoreak ezabatzen dituzte, behin sinapsia gertatu ondoren.

Oligodendrozitoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zelula honek Nerbio-sistema zentraleko neuronen axoiak mielinizatzen ditu. Zelula mintza hainbat lekutan luzatu eta inguruko axoi zati baten inguruan biltzen da, mielina-zorroa osatuz. Mielinadun axoi batek (badira ere mielina gabekoak) oligodendrozito ezberdinen mielina-zorroak jasotzen ditu, eta estaldura koipetsu honen helburua axoian zehar doan akzio-potentziala azkarrago eta eraginkorragoa izatea da.

Schwannen zelulak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oligodendrozitoak bezala, baina Nerbio-sistema periferikoan dauden axoiak mielinizatzen dituzte. Schwannen zelula bakoitzak axoi bakarra mielinizatzen du, eta nerbioa (axoia bera) mozten denean, hau berregiten laguntzen du. Nerbioa garbi hausten bada, axoia deskonposatu egiten da, beharrezko gaiak zelula gorputzetik jasotzen baititu, eta neuronak axoi berria luzatu behar du. Schwannen zelulek desagertutako axoiaren bidea gordetzen dute, nerbio berria garatu arte.

Mikroglia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tamaina txikiko zelulak dira eta forma ezberdinak dituzte. Nerbio-Sisteman dauden zelula kopuruaren %15 inguru mota honetakoak dira. Babes funtzioa dute (makrofagoak), zelula hondakinak eta abar fagozitatuz. Zelula mota hauek odoleko globulu zuriak omen ziren jatorriz. Mugikorrak dira eta ezbeharra gertatzen denean bidertzeko gaitasuna dute.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Glia Aldatu lotura Wikidatan