Muxar gris

Wikipedia, Entziklopedia askea
Glis» orritik birbideratua)
Muxar gris
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaMammalia
OrdenaRodentia
FamiliaGliridae
GeneroaGlis
Espeziea Glis glis
(Linnaeus, 1766)
Banaketa mapa

Muxar grisa (Glis glis) gliridae familiako karraskari bat da, Erdialdeko eta Hegoaldeko Europan bizi dena.[1]

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karraskarien taldean sailkaturiko ugaztun txikia da muxar grisa. 13-20 cm luzeko gorputza izatera hel daiteke, eta 11-17 cm bitarteko buztan iletsua. Indibiduo txikienek 100 g inguruko pisua izan ohi dute, eta handienak, berriz, 200 g pisatzera hel daitezke. Hala ere, urtean zehar asko aldatzen da muxarren pisua; izan ere, urte-sasoiaren eta elikagai eskuragarritasunaren guztiz menpekoa da.

Itxura orokorrari dagokionean, eta lehen begiratuan katagorri arruntaren (Sciurus vulgaris) antz handia izan badezake ere, ilea leun eta gris kolorekoa du erabat alde dortsalean, baita isatsean ere. Alde bentrala, ostera, zurixka kolorekoa du eta begi inguruak soilik izan ohi dira bestelakoak, kolore beltzeko eraztunez inguratuak agertzen baitira. Begiak nabarmen bereizten dira animalia honen aurpegian, izan ere, kolore ezberdineko ileez inguraturik egoteaz gain, tamaina esanguratsukoak dira oso animaliaren gorpuzkera orokorrarekin alderatuz gero.

Aurreko zein atzeko soin-adarretan kuxin heze itsaskorrak aurkezten dituzte, zuhaitzetan gora igotzerako orduan oso baliagarriak suertatzen zaizkienak. Gainera, aurreko soin-adarreko lau atzaparrek (erpuruak izan ezik) eta atzeko soin-adarretako atzapar guztiek erpe labur eta kurbatuak dituzte. Hortzeriari dagokionean, 1013/1013 da muxar grisaren hortz-formula.

Emeek 6 ugatz-pare izaten dituzte: bi bularraldean, beste bi abdomenean eta azken biak izterrondo inguruan.

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espezie paleoartikoa da muxar grisa. Haren eremua mendebaldetik Europaraino heltzen da, zehazki Iberiar penintsularen iparralderaino; eta ekialdetik behinola Pertsia izan zen ingurutaraino (egun Iran) hedatzen da. Sardinia, Korsika, Sizilia, Kreta eta Korfu uharteetan ere ageri da muxar grisa.

Euskal Herrian duguna G. g. pyrenaicus subespeziea da.

Habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Animalia arborikola da muxar grisa, batez ere zuhaitz hostogalkorrez edota koniferoz osaturiko basoetan eta baso mistoetan agertzen bada ere, pagadi eta hariztiak nahiago dituena. Oso arrunta da, beraz, hariztietan (Quercus robur), pagaditan (Fagus sylvatica), gaztainaditan (Castanea sativa) eta urriztietan (Corylus avellana) animalia hau aurkitzea. Aldi berean, parke, lorategi edota baserri ingurutan ere egin ohi du bere habia, beti ere, inguruan janaria lortzeko aukerarik badu. Oso arrunta ez bada ere, bestalde, basoetako gure harritsutan ere egin ditzakete habiak, non, harriek babes gisa funtzionatzen duten.

Altitudeari dagokionean, eta 1.000 metrotik gora muxar grisa aurkitzea oso ohikoa ez bada ere, 50-2.000 m artean bizitzeko gai dela ikusi da.

Habitat bereko espezie gehiago[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oro har animalia fitofagoa bada ere, noizean behin intsektuak, loreak, onddoak edota hegazti txikiren bat edo beste ere jan ditzake muxar grisak.

Udaberri-udan kimuak, zuhaitz-azalak, hostoak eta beste hainbat landareren zati berdeez elikatzen da. Irailetik aurrera, ostera, gantzetan aberatsak diren fruituak bilatzen ditu, izan ere, hibernazioa igarotzeko lain gantz eskuratzen ez duen indibiduoa ez baita datorren udaberrira iritsiko. Urtearen sasoi honetan, beraz, ezkurrak, pago-haziak, urrak, gaztainak, intxaurrak eta koipetan aberatsak diren beste zenbait fruitu lehorrez elikatzen da. Garai honetako elikadura dela eta, muxarra gizendu egiten da eta urtean zeharreko pisurik handienera iritsi ohi da.

Ugalketa eta ontogenia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hibernaziotik atera eta hilabetera hasten da, gutxi gora-behera, animalia honetan araldia. Urteko kumaldi bakarra izan ohi dute, 3-10 kumez erditu ahal badira ere, oro har, 5-6 kume izaten dituztelarik. Erditzea 30-32 egunez irauten duen ernaldia eta gero ematen da eta iraileko lehen asteetan gertatzen da. Jaioberriak 1-2 g izan ohi dute, batere ilerik gabe jaiotzen dira eta lehenengo 5-6 asteetan amaren esneaz elikatuko dira soilik. Jaio eta 5 egun igarotakoan kanpo belarriak hedatzen zaizkie, 12 egunetara barne belarriko kanpo entzunbidea irekitzen zaie eta 21 egunetara, azkenik, betazalak banandu. Ia bi urte behar izaten dute jaioberri hauek heldutasuna lortzeko.

Ugal sasoian zehar, uztailean orokorrean, emeek beraien uzki aldea lurraren kontra igurzten dute, usain markak utziz honela. Arrek, marka hauei jarraiki, emearen bideari jarraitzen diote, aldi berean, emeak utzitako arrastoaren gainean beraiena utziz. Arrasto hauetaz gain, soinu bidez ere uzten dute agerian muxarrek beraien ugal gogo edo disposizioa. Honela, arrek, emea jarraitzen duten bitartean, soinu karrankariak sortzen dituzte eta hasiera batean behintzat, emeek jarrera defentsiboa eta aurkaria hartzen dute, arrari horzka egitera iritsi daitezkeelarik.

Kopula eman eta gero, emeak habia prestatzen igarotzen du bere denboraren zati handi bat. Oro har, habiak ez dira lurrean kokatzen (noiz edo noiz ikusi izan bada ere), zuhaitz-enborretan aurkitzen dituzten zuloak erabili ohi dituztelarik honetarako. Ilea eta lumak dira hostoekin batera habiak eratzeko gehien erabiltzen dituzten materialak.

Bizimodua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurre zein atze soin-adarretan dituzten atzaparrek eta oreka mantentzeko erabiltzen duten itsas iletsuak, muxar grisaren bizimodu arborikolaren froga dira. Aldi berean, ukimen-funtzioa betetzen duten biboteek eta aurpegian nabarmentzen zaizkion begi beltz handiek iluntasunean jarduteko moldaturiko animalia dela adierazten digute.

Eguna, oro har, zuhaitz zuloetan edo habiatan ematen dute eta ez dira ilunabarrera arte hauetatik ateratzen. Indibiduo gutxik osaturiko taldeetan bizi ohi dira.

Behin azaroa igarota, eta lehen izozteak iritsi bitartean, muxarra hibernaziorako prestatzen da eta zuhaitz-zulo egoki bat bilatzeari ekiten dio, non, garaia iristean, gorputza biribilkatuz eta isatsarekin burua eta lepoa estaliz neguko loaldian sartzen den. Hibernazioan zehar animalia honen metabolismoa balio minimotan mantentzen da: barne tenperatura 35 °C-tik 1 °C-ra jaisten zaio, bihotz taupadak 450etik 35eraino murrizten zaizkio eta arnasketa-erritmoa ere ikaragarri txikitzen da, orduko arnas-hartze bakarra izaten duelarik.

Hala eta guztiz ere, kanpoan tenperaturak gora egin orduko berehala berreskuratzen ditu muxarrak bere ohiko balio metabolikoak. Maiatza aldean gertatu ohi da hau eta hibernaziotik ateratzean animalia bere pisuaren % 50a galdua izan ohi du (gantz erreserba guztiak agortuak izan ohi ditu).

Tamaina antzerakoa duten bestelako ugaztunekin alderatuta, bizitza luzea izan ohi du muxarrak, 12 urtetik gora bizitzeko gai dela ikusi delarik.

Espezieen arteko elkarrekintzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Harrapari natural ugari ditu muxarrak, lepahoria (Martes martes) eta zenbait harrapari gautar handi (hontz handia [Bubo bubo], hontz ertaina [Asio otus] eta urubia [Strix aluco]), besteak beste. Aipatzekoa da gizakiak ere aspalditik ehizatu izan duela muxarra, bere okela fin eta goxoagatik zein muxarraren gantzei atxiki zaizkien gaitasun sendagarriengatik, besteak beste erreumaren kontrako sendagaiak egiteko.

Kontserbazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europan nahikoa hedatua dagoen espeziea da muxar grisa, hektareako 1-30 animalia bitartean dagoelarik bataz beste. Hala ere, habitat galera dela eta, nabarmen murriztu da animalia honen populazioaren tamaina. Honen harira, Bernako hitzarmenean aipatzen den espezietako bat da muxarra katagorri arruntarekin batera, inolako zaintzarik izan ezean arriskuan suertatzeko aukera handia duelarik honek ere.

Euskal Herrian debekatua dago muxar grisaren ehiza.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. A. J. Mitchell-Jones, G. Amori, W. Bogdanowicz, B. Krystufek, P. J. H. Reijnders, F. Spitzenberger, M. Stubbe, J. B. M. Thissen, V. Vohralik, J. Zima: The Atlas of European Mammals. Poyser, Londres, 1999: 298–299. orr. ISBN 0-85661-130-1
  • Joxerra Aihartza. 1991. «Muxar grisa, oihanetako iratxoa». ELHUYAR Zientzia eta Teknologia, 45. zenbakia.
  • (Gaztelaniaz) Ballesteros F. 2007 In: Palomo L. J., Gisbert J., Blanco J. C. . Atlas y Libro Rojo de los Mamíferos Terrestres de España. Ministerio de Medio Ambiente. Madrid
  • Edukiaren zati bat www.euskalnatura.net webgunetik hartu da, copyrightaren jabeak onartu baitu hango testu-edukiak Euskarazko Wikipedian CC-BY-SA 2.0 Aitortu-PartekatuBerdin lizentziarekin argitaratzea, baldin eta iturria aipatzen bada (ikusi eztabaida orria).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Biologia Artikulu hau biologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.