Gloria Steinem
Gloria Marie Steinem (Toledo, Ohio, AEB, 1934 -) estatubatuar idazle eta aktibista politikoa da.
[aldatu] Biografia
Smith Collegen eta Delhi eta Kalkultako unibertsitateetan, Indian, egin zituen ikasketak. Kazetari gisa lan egitea erabaki zuen, eta 1960an lanpostua lortu zuen New Yorkeko Help! aldizkari politiko satirikoan. 1963an Ni Playboy aldizkariko untxietako bat izan nintzen artikulua argitaratu zuen, Manhattaneko Playboy Cluben isilpean egin zuen lanean oinarrituta. Arrakasta handia izan zuen, eta harrezkero bere artikuluak modako aldizkarietan argitaratzen hasi ziren: Vogue, Glamour, Cosmopolitan.
1964-1965 urteetan telebistarako gidoiak idatzi zituen ospe handiko programa baterako. 1968an politikari buruz idazten hasi zen berriro, eta astean behin zutabe bat idatzi zuen New York aldizkarian. Handik gutxira bat egin zuen feminismoarekin, eta mugimendu horretako pertsona nagusietako bat bihurtu zen. 1971n, Betty Friedan, Bella Abzug eta Shirley Chisholmekin batera, National Women's Political Caucus sortu zuen. Urte horretan bertan, Pat Carbineren laguntzarekin, lehen aldizkari feministaren argitalpena bultzatu zuen: Ms (mister eta miss edo missis kortesiazko formulak batzeko proposamena). Handik aurrera emakume gazteen eredu bihurtu zen, emakumeak askatasuna lortzen duenean gizona ere gizaki oso bihurtuko delakoan.
Lanik aipagarrienak: Ekintza eskandaluzkoak eta eguneroko mutirikeriak (1983), saiakera eta artikulu bilduma; Marilyn (1986), zinema-antzezle ezagunaren biografia; Barne-iraultza (1991), feminismoaren barruan bizitako sentimenduen azterketa.
[aldatu] Lana
- The Thousand Indias (1957)
- The Beach Book (1963)
- Outrageous Acts and Everyday Rebellions (1983)
- Marilyn: Norma Jean (1986)
- Revolution from Within (1992)
- Moving beyond Words (1993)
- Doing Sixty & Seventy (2006)
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.