Joseph Goebbels

Wikipedia, Entziklopedia askea
Xirkan (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 22:16, 15 maiatza 2016

Txantiloi:Agintari infotaula Paul Joseph Goebbels (Rheydt, gaur egun Mönchengladbach, Ipar Renania-Westfalia, 1897ko urriaren 29a - Berlin, 1945eko maiatzaren 1a) alemaniar politikaria izan zen, Hirugarren Reicheko Informazio eta Propagandako ministroa 1933-1945 bitartean. Adolf Hitlerren jarraitzaile sutsuenetakoa izan zen, kemenarengatik eta oratoria boteretsuarengatik ezaguna. Antisemita amorratua, Holokaustoaren lehen pausoa izan zen kristal hautsien gauaren gidaritzat jotzen da.

Biografia

Heidelbergeko Unibertsitatean filosofian doktoretza egin ondoren, kazetaritzan hasi zen lanean. 1922az geroztik, nazionalsozialismoan sarturik, hasieran Gregor Strasserekin bat egin zuen, eta nazien ezkerreko sailean lan egin zuen. Baina 1925ean Hitlerrekin bat egin zuen. 1928an Reichstageko diputatu-, hizlari- eta propaganda-lanetan nabarmendu zen, batez ere Der Angriff egunkarian idatzi zituen artikuluetan.

1933an, Hitlerrek gobernua hartu zuenean, Informazio eta Propagandako ministro izendatu zuen. Komunikabide guztiak politika eta ideologia nazia hedatzeko erabili zituen; jendartean zuen eragin handiaren bidez, juduen kontrako gorrotoa zabaldu zuen. Hitlerrekin eta Alfred Rosenbergekin batera, nazismoaren teoriaren egilea izan zen. 1944an gerra osoaren zuzendaritza Goebbelsen esku utzi zuten. 1945eko maiatzaren 1ean, Hitlerren suizidioaren ostean, berak ere bere emaztearekin eta 6 seme-alabekin batera bere buruaz beste egin zuen.

Legezko iraultza Goebbelsen arabera

« Reichtagean sartu gara armez hornitzeko, demokraziaren beraren armategian. Diputatu izateko aurkeztu gara, Weimarko demokrazia geldiarazteko, haren laguntzaz. Guk sarraskiak egiteko demokraziak dietak eta bidaiak ordaintzen badizkigu, horren inozoa bada, hor konpon (...). Hauteskunde hauetan gure alderdiko 60 edo 70 agitatzaile parlamentuetan sartzea lortzen badugu, estatuak berak antolatu eta finantzatuko du gure borroka-taldea. (...). Mussolini ere parlamentuan sartu zen, baina berehala hasi zen alkandora beltzez jantzitako eskuadrekin Erroman desfilatzen (...). Ez da pentsatu behar parlamentarismoa gure helburua denik (...). Etsai gisa gatoz, artaldea erasotzen duen otsoa bezala! (...). »
Joseph Goebbelsen artikulua, Der Angriff egunkarian argitaratua, 1928ko apirilak 30.

Erreferentziak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Joseph Goebbels Aldatu lotura Wikidatan