Goierri
- Artikulu hau Gipuzkoako eskualdeari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus Goierri (argipena).
|
Goierri |
||
|---|---|---|
|
|
||
| Azalera | 424.5 km² | |
| Biztanleria | 67.216 (2005) | |
| Dentsitatea | 158,34 bizt / km² | |
| Udalerriak | Altzaga, Arama, Ataun, Beasain, Gabiria, Gaintza, Idiazabal, Itsasondo, Lazkao, Legorreta, Mutiloa, Olaberria, Ordizia, Ormaiztegi, Segura, Zaldibia, Zegama eta Zerain. | |
| Herririk handiena | Beasain (13.510 biztanle) | |
| www.goierri.org | ||
Goierri Gipuzkoa hegoaldean kokaturik dagoen eskualdea da. Beasain, Ordizia eta Lazkao dira herri nagusiak, biztanleriari dagokionez, 5000 biztanletik gora.
Eduki-taula |
Inguru naturala [aldatu]
Eskualde honen zatirik handiena Bizkaiko antiklinorioko ekialdeko ertzean txertatzen da, E-W norabide orokorreko tolesdura antiklinalen lerro batez osaturik. Harriak batez ere kareharri jurasiko eta urgoniarrak dira, oso sakoneraino karst bihurtuak. Horixe da hain zuzen Aralarko mendien formazioa (Txindoki edo Larrunarri, 1.341 m; Irumugarrieta, 1.427 m; Artubi, 1.265 m), baita Altzaniarena edo Aizkorrirena ere (1.544 m). Eskualdearen hegoldea guztiz betetzen duen mendilerrn horrek Kantauri eta Mediterraneo itsasoen arteko ur isuraldeen banakuntza egiten du, Urola eta Oria ibaien buru. Isuraldearen iparraldeko mendieran lur azala leunagoa da (Arrolamendi 910 m; Itzaspi 973 m; Murumendi 868 m), kare harrien ordez nagusi dira hareharriak, buztinak eia konglomeratu albense-zenomanenseak.
Garaienak gehienetan kare harriak dira, era haitz bigunagoek berriz sakonuneak eratzen dituzte. Eskualdearen iparraldea Bizkaiko sinklinorioaren barruan sartzen da; nagusi da bertan flysch erako formazioa, tarteka sumendi harriak ere ikus daitezkeen arren. Urola eta Oria ibaiek jasotzen dituzte eskualdeko urak. Urola ibaia Aizkorriko mendietan sortzen da, Arbelaitzen (1.513 m) inguruan; Legazpi, Urretxu eta Zumarraga zeharkatu ondoren, irten egiten da eskualde honetatik. Oria ibaia, berriz, Otzaurte aldean sortzen da, eta eskualdeko lurretan barrena Itsasondoraino doa; bidean, Mutiloa, Estanda, Santa Luzia, Arriaran (urtegia dauka), Urtsuaran, Agauntza (Lareoko urtegia dauka) eta Zaldibia erreken urak biltzen ditu. Aizkorripean sortzen da Oria ibaia, Latsaon eta Otzaurte erreken bilgunean. Urtsuaran errekaren ura hartzen du Zegama eta Segurako udalerrietatik igaro eta gero, eta Eztanda errekaren eta Ataun-Lazkao herriak zeharkatzen dituen Agauntza ibaiaren ura bildu ondoren zeharkatzen du Beasain, Goierriko hiri handiena. Iparralderanzko norabidea hartu ondoren, Ordizia, Itsasondo eta Legorreta igaro eta Tolosaldean barneratzen da. Aipaturiko ibaiadar guztiak eskuinaldetik biltzen ditu Oria ibaiak; ezkerraldekoak, Murumendiko mendialdean sortzen direnak, txikiak eta ur emari gutxikoak dira (Arriaran, Marriaras).
Goierriko landaredia batez ere larreek eta pagadiek osatzen dute ur isuraldea erabakitzen duten mendietan; Aralar, Altzania, Urkila eta Aizkorri; 600 metroz behera, ordea, hariztiak daude pinu sailekin barera; behe lurretan, pinudiak eta belardiak dira nagusi.
Interesekoak dira: hegoaldean, Aralar eta Aizkorri-Aloña-Leintzeko Gune Natural Babestuak; iparraldean, Murumendiko Gune Naturala.
Klima [aldatu]
Gipuzkoa osoan bezala, Goierriko klima ozeanikoa da, epela eta hezea, neguak kostaldean baino hotzagoak diren arren (18 batez beste udan eta 7 neguan). Eskualde euritsua da: 2.000 mm urtean batez beste mendialdeetan eta 1.500 mm behe eremuetan.
Geografia [aldatu]
Iparraldean Urola-Kostaldeko eskualdea du muga; ipar-ekialdean, Tolosaldea; mendebalean, Deba Garaia; eta hegoaldean, Araba eta Nafarroa.
Udalerriak eta demografia [aldatu]
Hemezortzi udalerrik osatzen dute eskualdea, Beasain dela populatuena eta Altzaga biztanle gutxien daukana. Eskuladean Gipuzkoako biztanlerieriaren %10 gutxi gorabehera biltzen da. Legorretak, nahiz Tolosaldearcn barruan egon, harreman estuak ditu Goierrirekin. Urola Garaian ere beste horrenbeste gertaizen da: Zumarraga eta Urretxu (6.134 biztanle) ia elkartu direlarik, halako konurbazio txiki bat sortu dute; esan daiteke eskualdeko bigarren burua dela hori, eta bere eraginpean bizi direla Legazpi (9.723 biztanle), Gabiria (431) eta Ezkio-Itsaso (520). Baserri giroko azken bi herri horiek ere eskualdeko buruaren eragina jasotzen dute. Legazpi, Zegama eta ldiazabalgo herrien hegoaldean Araba eta Gipuzkoako Partzuergoa dago (Urbiako ordokia eta Ataungo ekialdean dagoen Enirio-Aralar hartzen ditu), Goierriko biztanleria oso bizkor hazi zen 1950etik 1960ra bitarteko hamarkadan, baina 1970etik aurreta hazkundea oso moteldu zen ((20.000 biztanle 1900. urtean; 26.196 biztanle 1930ean; 35.958 biztanle 1960an; 42.970 biztanle 1986an). Legazpi, Zumarraga, Beasain, Ordizia, Lazkao eta Olaberriako herriak hazi dira gehien, eskualdeko gainerako herrietako biztanleei eta kanpoko etorkinei esker. 1981ean egindako erroldan biztanleriak beheranzko joera hartu zuela ikusten zen, eta handik aurrera joera bizkortu egin dela esan daiteke. Deba Beherekoekin batera biztanleak galtzen ari dira Goierriko herri guztiak; hala ikusten da bereziki 1985etik 1991ra bitartean egindako azterketan.
| # | Udalerria | Alkatea | Alderdi Politikoa | Biztanleria | % Biztanleria | Lurraldea km² |
|---|---|---|---|---|---|---|
| 1 | Altzaga | Imanol Muxika Katarain | Altzagako Artea Taldea (Indep.) | 157 | 0,2 | 2,53 |
| 2 | Arama | Maria Jose Olazabal Aldasoro | Aramako Herri Batzarra (Indep.) | 188 | 0,3 | 1,33 |
| 3 | Ataun | Igor Aierbe Guridi | Bildu | 1.654 | 2,4 | 58,73 |
| 4 | Beasain | Koldo Agirre Mujika | Bildu | 13.510 | 19,6 | 30,02 |
| 5 | Zegama | Urko Gomez Ropon | Bildu | 1.454 | 2,0 | 35,07 |
| 6 | Zerain | José Manuel Oria Alustiza | Zeraingo Herri Kandidatura (Indep.) | 244 | 0,4 | 10,37 |
| 7 | Ezkio-Itsaso[1] | Jose Inazio Etxezarreta Estala | Ezkio-Itsaso Herrikideak (Indep.) | 578 | 0,9 | 21,22 |
| 8 | Gabiria | Xabier Aitor Murua Zumalakarregi | Auzo Artea (Indep.) | 448 | 0,7 | 14,88 |
| 9 | Gaintza | Santiago Garmendia Olano | Gaintzako Herria (Indep.) | 132 | 0,2 | 5,96 |
| 10 | Idiazabal | Ioritz Imaz Baztarrika | Izal Bai (Indep.) | 2.212 | 3,4 | 29,47 |
| 11 | Itsasondo | Areti Gkika | Bildu | 631 | 0,9 | 8,94 |
| 12 | Lazkao | Azeari Sumakila Andonegi | Bildu | 5.285 | 7,9 | 11,37 |
| 13 | Mutiloa | Iñaki Ugalde Alustiza | Mutiloako Herri Kandidatura (Indep.) | 235 | 0,3 | 8,61 |
| 14 | Olaberria | Txomin Mendoza Pérez | Olaberriarekin eta Olaberritarrak (Indep.) | 967 | 1,4 | 6,92 |
| 15 | Ordizia | Igor Eguren Izagirre | Bildu | 9.758 | 14,0 | 5,65 |
| 16 | Ormaiztegi | Rosa Mari Urkia | Bildu | 1.308 | 1,9 | 6,77 |
| 17 | Segura | Eluska Gerriko Fariñas | Bildu | 1.377 | 1,9 | 9,22 |
| 18 | Zaldibia | Joxan Etxabe Nazabal | Bildu | 1.504 | 2,3 | 16,43 |
| 19 | Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Orokorra | 0 | 0,0 | 24,07 | ||
| 20 (*) | Gipuzkoako Partzuergoa | 0 | 0,0 | 4,76 | ||
| 21 (*) | Enirio-Aralarko Mankomunitatea | 0 | 0,0 | 34,04 | ||
| Goierri | 67.216 | 100 | 424,5 |
22.a, 23.a eta 24.a ez dira udalerriak, partzuergoak baizik, hau da, inongo udalerriren barnean ez dauden mendi komunalak.
Euskara [aldatu]
Tradizioz, Goierri oso ingurune euskalduna izan da, azken urteotan hizkuntzaren erabilera beherantz badoa ere. Bertako hizkera erdialdeko euskara edo gipuzkeraren aldaera bat da.
1996ko datuek adierazten dutenez, urte horretan biztanleen erdia baino gehiago euskalduna zen: 37.589 euskaldun zeuden eskualdean, 8.845 ia-euskaldun eta 16.936 erdaldun. Herri guztietan dira gehiago euskaldunak euskara hitz egiteko gai ez zirenak baino, baina herri industrial jendetsuenetan, belaunaldi gazteak neurri handi batean euskaldundu diren arren, handia da erdaldunen kopurua. Herririk txikienetan, berriz, euskaldunak dira nagusi.
D eredua da nagusi eskualdeak dituen lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxeetan, eta Ordizian kokaturiko Goierri lanbide eskola pribatuan[2][3] (unibertsitaterik ez dago Goierrin). Sare publikoko ikastetxe ugariez gainera, sare pribatuko hiru ikastola ditugu, Beasainen (Andramendi), Lazkaon (San Benito) eta Ordizian (Jakintza). Halaber, Ordizian bertso-eskola bat ere badago.
Garraioa [aldatu]
Eskualdeko ardatz nagusia Madrildik Irunainoko N-1 enepidea da; gaur egun karril bikoitzekoa da norabide bakoitzean, eta Nafarroa nahiz Araba aldera (Etxegarateko gaina, 658 m) lotzeko bidea da, Artsuaranen barrena. Beasaindik GI-120 errepidea abiatzen da, Nafarroarekiko lotura egiteko (Lizarrustiko gaina, 822 m), Zumarraga eta Deba Garaiarekiko lotuta (Deskargako gaina, 587 m) GI-632 enepideaien bitartez egiten da.
Zumarragatik Urola-Kostaldera jotzeko GI- 631 errepidea erabil daiteke, eta Legazpi eta Deba Garaira jotzeko (Udanako gaina, 617 m), berriz, GI-2630 errepidea,Trenbideak ere garrantzi handia izan du eskualdearen bizitza era egitura sendotzeko.
Oriako haranetik sartzen da Gipuzkoara trenbidea, Urolan barrena Urretxu eta Zumarragara heltzen da, eta handik ostera Oria aldera jotzen du, Irungo bidean Beasain eta Ordizia zeharkatuz. Abiadura handiko trenak Goierri E-W notabidean zeharkatuko du, gutxi gora-behera gaur egungo bidean Urretxuraino; handik Antzuola eta Elorriora joko du, Gasteizetik eta Bilbotik datozen adarrekin elkar lotzeko. Ezkio-Itsason bazterbide bat egiteko asmoa dago.
Ekonomia [aldatu]
Goierriko ekonomia industriaren gainean dago antolatua; sektore horretan 11.000 pertsona dabil lanean (langile guztien %51). Legazpi, Zumarraga, Beasain, Ordizia, Lazkao eta Olaberria dira industria herri nagusiak eta altzairugintza, tren-makineria, papergintza eta industria kimikoa jarduera nagusiak. Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles (CAF), Beasainen, da eskualdeko enpresa handiena, eta Beasainen dago kokatuta. Bestela, nabarmentzekoa da Irizar autobus fabrika, egoitza Ormaiztegin duena. Gehienak metalgintzarekin lotutako jardueretan ari dira; Patrizio Etxeberria, Legazpin; Esteban Orbegozo, Zumarragan; Aristrain, Olaberrian. Lantegi handi horietako batzuk herri barrenean daude. Jakina, lantegi nagusi horien inguruan enpresa txikiagoak sortu dira, metalaren transformazio lanetan espezializatuak: Indar, Estandako Fundizioa eta Ampo, Beasainen; Jaso garabiak, Idiazabalen eta Itsasondon; Irimo eta Sanalde, Urretxun. Lehen sektorean 2.500 bat baserri edo nekazari ustialeku daude, guztira 36.000 ha lantzen dituztenak; horietatik herena belardiak dira, eta erdiaz goiti basogintzarako erabiltzen dira. Abeltzaintzan, 10.000 behi eta 30.000 ardi inguru dira. Aipatzekoa da Ordizian astero egin ohi den azoka.
Alor ekonomikoan, bi gune bereizi behar dira Goierrin: Oria ibaiaren arroan kokatzen diren herriek osatua, Zegamatik Ordizira bitartekoa, eta Urola ibaiari loturiko gunea, Urretxu, Zumarraga eta Legazpik osatua. Diferentzia horren arabera bilakaera sozial eta ekonomikoa aski desberdina izan da azpi-eskualde horietan. Izan ere, ibai bien arroetan garapen handia izan zuen industriak XX. mendean zehar, lantegi jakin eta handi batzuei lotua gehienetan. Horietako lantegi asko eta horien itzalpean sorturiko industria laguntzailea altzairugintzari emana zegoenez, 80ko hamarkadako krisiak eragin zuzena izan zuen hainbat herriren egoeran. Hala eta guztiz ere, industria askotarikoa du Goierrik, eta areago azken urteotan, jarduera berri ugari sortu baita gainera. Garai batean langabeziak jotako eskualdea izan arren, 2000. urteko laugarren hiru hilekoan batez besteko langabezia tasa ez zen % 9ra heltzen. Horretaz gain, turismo berdeari eta ingurumenaren ustiapenari lotutako ekimen ugari abiarazi dira, tradizionalki nekazariak ziren herriak biziberritzeko edota, zenbait kasutan, jarduera industrialek utzitako hutsuneak betetzeko.
Hedabideak [aldatu]
Eskualde senidetuak [aldatu]
Goierritar ospetsuak [aldatu]
Hona hemen hainbat goierritar ospetsuren izen-abizenak, jaioturtea, heriotza urtea eta ospetsu egin duen jarduera (jaiotegunaren arabera ordenatu ditugu):
- Andres Urdaneta (1508-1568), kosmografoa eta esploratzailea (Ordizia).
- Martin Loinazkoa (1566-1597), misiolari, martiri eta santu katolikoa (Beasain).
- Joan Ignazio Iztueta (1767-1865), euskal idazlea (Zaldibia).
- Tomas Zumalakarregi (1788-1835), militarra (Ormaiztegi).
- Jose Migel Barandiaran (1889-1991), antropologoa eta etnografoa (Ataun).
- Lazkao Txiki (1926-1993), bertsolaria (Lazkaomendi, Lazkao).
- Joxe Azurmendi (1941), euskal idazlea, filosofoa, saiakera egilea eta poeta (Zegama)
- Javier Elzo (1942), soziologoa (Beasain).
- Eustakio Mendizabal (1944-1973), euskaltzale, poeta eta etakidea (Itsasondo).
- Karlos Argiñano (1948), sukaldaria, enpresaburua eta telebista aurkezlea (Beasain).
- Txema Auzmendi (1949), kazetaria (Ordizia).
- Mikel Garmendia (1945-2005), aktorea (Ordizia).
- Mari Karmen Garmendia (1947), irakasle eta politikaria (Ormaiztegi).
- Juan Mari Jauregi (1951-2000), PSEko politikaria.
- Jose Ramon Soroiz (1951), aktorea (Legorreta).
- Francisco Mujika Garmendia Pakito edo Artapalo, etakidea (Ordizia).
- Iñaki Murua (1956), bertsolaria (Gabiria).
- Josean Kerejeta (1957), saskibaloi jokalari ohia eta Saski Baskoniako presidentea (Lazkao).
- Paco Etxeberria (1957), auzitegi medikua, antropologoa, espeleologoa, ikertzailea (Beasain).
- Dolores Gonzalez Katarain Yoyes (1954-1986) etakidea (Ordizia).
- Martin Alustiza (1961, esku pilotaria (Segura).
- Jokin Mujika (1962) txirrindularia (Itsasondo).
- Xabier Mendiguren Elizegi (1964), euskal idazlea (Beasain).
- Andoni Aizpuru (1964), kazetaria eta telebista aurkezlea (Gabiria).
- Aitor Txiki Begiristain (1964), futbolaria eta futbol teknikaria (Olaberria).
- Patxi Zubizarreta (1964), idazlea (Ordizia).
- Markel Olano (1965), EAJko politikaria, Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusia (Beasain).
- Joxe Felipe Auzmendi (1965), telebista aurkezlea eta bikoiztailea (Beasain).
- Joseina Etxeberria (1968), irrati-esataria (Ataun).
- Aitor Garmendia (1968), txirrindularia (Itsasondo).
- Mikel Lasa (1971) futbolari ohia (Legorreta).
- Josune Bereziartu (1971), eskalatzailea (Lazkao).
- Mikel Arana (1973), Ezker Batua-Berdeak alderdiko koordinatzaile nagusia (Ordizia).
- Joseba Beloki (1973), txirrindularia (Lazkao).
- Josu Sarriegi (1979), futbolaria (Lazkao).
- Gorka Elustondo (1987), futbolaria (Beasain).
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Ezkio-Itsasoko udalaren webgunean dioenez udalerri hau Goierriko bihotzean kokatzen da, baina administratiboki Urola Garaiko partaidea da.
- ↑ Goierri lanbide eskolaren webgunea.
- ↑ Jexus Aizpurua: «Hizkuntza normalkuntza Goierri Lanbide Eskolan borondatetik plangintzara», Soziolinguistikaz, 51. zenbakia, 2004ko ekaina. Monografikoa: Lanbide heziketa eta euskara.
- ↑ Goierri eta Sakanako 21 herrietako hautetsiek bat egin zuten atzo proiektu berri bat aurkezteko San Migel santutegian - Diario Vasco
Kanpo loturak [aldatu]
- (Euskaraz) Eskualdeko webgune zabala
- (Euskaraz) Goierriko Nekazalturismo orrialdea
- (Euskaraz) Goierriko Hitza
|
||||||||||
| Gipuzkoako eskualdeak | ||
|---|---|---|
|
Bidasoaldea | Debabarrena | Debagoiena | Donostialdea | Goierri | Oiartzualdea | Tolosaldea | Urola Erdia | Urola Garaia | Urola Kosta |
||