Gonorrea

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Neisseria gonorrhoeae Gram tindaketarekin; zelula handiak leukozitoak dira

Gonorrea edo Gonokozia Neisseria gonorrhoeae izeneko bakterioak eragindako patologia da, traktu urogenitala jotzen duena. Sexu bidez transmititutako gaixotasunen artean ohikoenetariko bat da.

Bakterio patogenoak (gonokoko izenarekin deituak) gizakia du gordailu bakarra. Gonokokoa mikrobio oso sentikorra da, bizkarroi-bizitzara moldatua, gizakiarengandik kanpo bizi ezin duena. Horrek azaltzen du (sifili kasuaren antzera) gaitzaren kutsapen-bidea, kontaktu zuzenaren bidez ematen dena.

Gaitza ugariagoa da garapen bidean dauden lurraldeetan Europan baino. Euskal Herrian aitortu beharreko gaixotasuna da, 2005ean 56 kasu agertuz Euskal Autonomia Erkidegoan.

Infekzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Goian aipatu denez harreman sexualen bidez transmititzen da gaitza. Kutsatutako emakume haurdunak umekia infektatu dezake ere.

Neisseria gonorrhoeae-k adhesina indartsuak ditu, traktu urogenitaleko epitelioan oso ondo atxikitzen direnak. Horiei esker mukosa urogenitalean finkatzen da, infekzioa sendotuz.

Sintoma klinikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gonokoziaren jarioa

Oso desberdinak dira sexuaren arabera. Hala ere, sexu bietan ugalketa-aparatua eta gernu-aparatua kaltetzen dira.

  • gizonezkoen kasuan sintomarik ohikoena jario zornetsua da zakilaren puntan (irudian). Disuria ere agertzen da (erremina txiza egiterakoan). Bi sintoma horiek gonokokoak sortzen duen uretritisaren ondorioak dira.
  • emakumezkoen kasuan gaitzak askotan ez du inongo sintomarik eragiten (kasu guztien erdian), eta horrek infekzioaren transmisioa errazten du. Sintomak daudenean, bagina-jario zornetsua eta disuria azaltzen dira, eta baita zerbizitis eta baginitis ere.

Sexu bietan gonokokoak ugal-aparatua ere jo dezake: prostata (gizonezkoetan) eta uteroa eta Falopioren tronpak (emakumezkoetan) kaltetuak suertatu daitezke, antzutasuna sortuz.

Zenbait kasutan gonokokoa odolera pasatzen da, septizemia bat sortuz. Septizemia horren ondorioz artritis eta larruazaleko exantema agertzen dira, baina bihotza eta gibela kaltetu ahal izaten dira ere.

Ama infektatuta dagoenean ume jaioberriak konjuntibitis gonokozikoa harrapa dezake, tratatu ezean itsutasuna eragiten duena.

Diagnostikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Infekzio gonokozikoaren diagnostikoa egiteko jario zornotsuaren lagina aztertu behar da. Gram tindaketa eginez irudi mikroskopikoan diplokoko Gram negatiboak azaldu behar dira, sarritan leukozitoen barruan (ikusi goiko argazkia).

Hartutako lagina hazkuntza-inguru hautakorretan ereiten da. Hazkuntza-inguru horietatik gonokokoa isolatuz baieztatzen da diagnostikoa.

Tratamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Penizilina oso erabilia izan da gonokozia sendatzeko. Andui erresistenteak agertu eta zabaldu dira azken urteetan, baina. Hori dela eta, egun 3. belaunaldiko zefalosporinak aukeratzen dira gaitza tratatzeko.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Gonorrea Aldatu lotura Wikidatan