Gordogana jauregia

Koordenatuak: 43°10′37″N 3°04′59″W / 43.1770778°N 3.0829474°W / 43.1770778; -3.0829474
Wikipedia, Entziklopedia askea
Gordogana jauregia
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaGordexola
Koordenatuak43°10′37″N 3°04′59″W / 43.1770778°N 3.0829474°W / 43.1770778; -3.0829474
Map
Historia eta erabilera
Eraikuntza XVIII. mendea
Arkitektura
EstiloaArkitektura barrokoa
Ondarea
EJren ondarea73

Gordogana edo Puente Palacio Gordexolako jauregia da, Herrerías ibaiaren ondoan dagoena. Jauregi barrokoa da[1].

2012ko otsailaren 15ean Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna[2].

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gordogana jauregia XVIII. mendean eraikitako jauregi-egoitza barrokoa da. Horma trinkoak ditu, 400 m² inguruko oinplano errektangeluarra eta lau uretako teilazko teilatua. Eraikinak hiru solairu ditu (beheko solairua, lehenengo solairua eta bigarren solairua) eta ganbara. Horrez gainera, atzealdean, bi garaierako eraikin bat du atxikita.

Ezaugarri nagusia barroko estiloko fatxadak dira. Fatxadak harlangaitzez daude eginda, eta harlanduzko blokeen bidez daude sendotuta izkinetan eta baoetan. Hareharria eta kareharria erabili zituzten fatxadak eraikitzeko, eta, argamasa eta agregakina, egiturari eusteko. Plaka leuneko inposten bidez bereizten dira solairuak kanpotik. Aurrealdea ipar-ekialdera dago begira, apaindura gutxikoa da eta lau ardatz ditu. Beheko solairuan, sarrera dago, eta bao bana, alde bakoitzean. Lehenengo solairuan, lau balkoi-ate daude. Ateek burdinazko karelak dituzte alboetan. Erdiko balkoi-ateek balkoi jarraitu bat dute, harrizko idukia duena. Bigarren solairuan, lau bao daude, beheko solairuko baoen antzeko tamainakoak.

Bigarren solairuan, erdiko ardatzean, armarri bat dago, fatxadaren planotik zertxobait aterata. Armarriaren goialdean, kasketa bat dago, bai eta lumak, girlandak, banderak eta tronpetak ere. Behealdean, girlandak batzen diren lekuan, abarrez apainduriko arrosa-leiho bat dago, mentsula baten gainean. Arrosa-leihoaren azpian, hiru kanoi eta bi danbor daude, eta alboetan bi zuhaitz. Zuhaitz horiei lotuta, bi lehoi daude; ezkerrekoak koroa bat du. Hurtado de Ibarguenen oinetxeko armarrian agertzen diren lehoien plagioak dira lehoi horiek. Armarria hiru zatitan banatuta dago. Lehenengo zatia hirutan dago banatuta: zati batean, bi dorreko gaztelu bat agertzen da; beste batean, eskuineko eskuan makila bat duen zaldun bat; eta bestean, zuhaitz bat: zuhaitzaren oinean otso bat dago. Bigarren zatia bitan dago banatuta: alde batean, bi banda daude, eta bestean, latindar gurutzea, ertz bakoitzean hosto bat duena. Hirugarren zatiaren oinarria harlanduzko lana da. Oinarri horren gainean, kapiteldun zutabe bat dago eta zutabe horren gainean hainbat adar daude. Adarrak alboetara erortzen dira. Adarren gainean, ziur asko, gurutze bat egongo zen, ertzetan hostoak zituena.

Gainerako fatxadak irregularrak dira, eta, aurrealdea bezala, luzitutako harlangaitzez eginda daude. Izkinetako eta baoetako harlanduak, batez ere, fatxadakoak, ez dira aurrealdekoak bezain egikera onekoak. Hego-ekialdeko fatxadak hiru ardatz ditu. Lehenengo eta bigarren solairuetan, hiru bao daude; beheko solairuan, berriz, bi, albo bakoitzean bat. Erdiko ardatzean, teilatupean, txapitula-formako leihotxo bat dago. Atzeko fatxada irregularra da. Hari atxikita, ezkerraldeko erdian, eraikin bat dago, bi solairu dituena (behekoa eta lehenengoa). Eraikin horren alboko fatxadatik, hots, hegoaldera begira dagoen fatxadatik, lorategira sar gaitezke.

Jauregia egoitza bat zen eta da, oraindik ere. Eraikinaren barrualdean eskema funtzionala gorde da. Sarrera nagusitik sartu eta espazio zabal bat dago. Hall antzeko hori jauregiko geletara joateko pasabidea da. Sarrera nagusiaren aurrealdean eta ezkerraldean ukuiluak daude. Nahiz eta jatorrizko banaketa, harrizko lurra eta lurreko erdiko ildoak bere horretan jarraitu, gaur egun, biltegi eta upategi gisa erabiltzen dituzte ukuiluak. Lehenengo eta bigarren solairuak etxebizitzatzat erabiltzen ziren. Lehenengo solairuan, hego-ekialdera begira, egunez erabiltzeko gelak daude; esate baterako: jangela, egongela eta logela batzuk. Ondoko eraikinean, maila horretan, iparraldera eta hegoaldera begira, zerbitzarien logelak, sukaldea eta komunak daude. Zoritxarrez, ondoko eraikinaren solairu hori kontserbazio-egoera txarrean dago: leku batzuetan, sabaia erorita dago. Bigarren solairua duela gutxi eraberritu dute; etxebizitzatzat erabiltzen dute noizbehinka. Solairu horretan, tximiniadun egongela bat dago, bai eta jangela bat, logelak, komun bat eta sukaldea ere. Solairuetara igotzeko eta jaisteko, eskailera bat bakarrik dago, non eta ipar hegalean. Eskailerak L forma du. Eskaileretan leiho bat dago. Leiho horretatik, teilatupeko gune gardenera sartzen da. Lau uretako estaldurak zurezko egitura bat osatzen du, neurri ertaineko eskuairaldeak dituena. Eskuairaldeek tirante labur bat dute, aurrealdearen paraleloan. Etengabeko aireztapenari esker, zurezko egitura kontserbazio-egoera onean dago; dena den, iragazgaizte-arazoak ditu.

Lehenengo solairuko altzariek jauregiaren kutsu dotorea dute. Aipatzekoa da hallean dagoen errota zatia, aleak zehatzeko erabiltzen zena. Zoritxarrez, ez dago errota zati horri buruzko datu gehiago. Zoruari dagokionez, beheko solairuko zorua harri-blokeez eta -koskorrez dago egina; gainerako solairuetako zorua, berriz, zurez. Sabaiak ez dira oso konplexuak; halere, jatorrizko zurezko gapirioak ikusgai daude. Barruko kontraleihoak zurezkoak dira; beheko solairuko baoak eta lehenengo solairuko balkoiak eta karelak, berriz, burdinurtuzkoak.

Ondoko eraikina duela gutxi eraberritu dute. Bi harri-horma ditu. Horma horiek lursailaren ipar-ekialdea mugatzen dute. Eraikinaren estaldura zurez eta teilaz dago egina. Estaldura horrek espazio ireki eta zabala estaltzen du. Alde batean, garai bateko labea dago. Labearen inguruko hormak trinkotu egin dira, labea eror ez dadin.

Torre Palacios zubia lursailera iristen da zuzenean. Lursaila Herrerías errekatik 10 eta 15 metrora dago eta harri-horma batek inguratzen du; eraikinak horma horretatik iparraldera daude. Gainerako lursaila lorategi pribatu antzeko bat da; oso eguzkitsua. Lorategira jauregi barrutik sartzen da. Lorategia handia eta ordeka da; batez ere, belarra dago, eta zuhaitz gutxi. Jauregiaren eskuinaldean bide bat dago, lorategira kanpotik sartzeko balio duena. Bide horrek ate bat zeharkatzen du; harri-blokeez egindako ate bat, ateburua duena. Ate horrek eraikinaren alboko fatxada du euskarritzat. Lorategian ez da beste elementu bereizgarririk gorde.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa