Griffithen esperimentua

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Griffithen esperimentuaren irudia.


Griffithen esperimentuak, Frederick Griffith britainiar mikrobiologoak 1928an egindakoa, bakterioek informazio genetikoa transferitu zezaketela agerian jarri zuen lehenengoz, eta transformazio genetikoaren lehenengo zantzuak ere eman zituen.

Streptococcus pneumoniae bakterioarekin burutu zuen Griffithek bere ikerketa. Pneumonia eragiten duen bakterio horrek bi andui ezberdin zituen, Griffithek erabilitakoak:


  • S anduia, hazkuntza-inguruan haztean kolonia leunak (smooth, ingelesez; hortik datorkie S izena) sortzen dituena. Andui hauek kapsula dute eta oso birulentoak dira (pneumonia eragiten dute)
  • R anduia, hazkuntza-inguruan haztean kolonia zimurrak (rough, ingelesez; hortiz datorkie R izena) sortzen dituena. Andui hauek ez dute kapsularik, eta ez dira birulentoak (ez dute pneumoniarik sortzen)


Griffithek andui hauek injektatu zizkien laborategiko saguei, eta emaitza harrigarriak topatu zituen:


  • S bakterioak saguei injektatzerakoan, saguek pneumonia harrapatu eta hil egiten ziren
  • R bakterioak saguei injektatzerakoan, saguek osasuntsu zirauten
  • beroz hildako S bakterioak saguei injektatzerakoan, saguek ere osasuntsu zirauten
  • beroz hildako S bakterioak eta R bakterio biziak saguei injektatzerakoan, saguak gaixotu eta hil egiten ziren


Azken kasu honetan, saguen odola aztertuta, S motako bakterio birulentoak isolatu zitezkeeka ikusi zuen. Griffithek ondorioztatu zuen beroz hildako S anduietan "zerbait" berezi zegoela, R bakterioak aldatu eta birulentoak bihurtzen zituena. Zerbait horri "printzipio eraldatzaile" deitu zion, eta molekula bereziren bat izango zela aurreratu zuen. Geroago, Avery-k, Mc Leod-ek eta Mc Carty-k (1945ean) molekula eraldatzailea DNA zela frogatu zuten.

Transformazio genetikoak ongi azaltzen ditu esperimentu horren emaitzak: beroz hildako S bakterioen DNA ez zen guztiz kaltetzen beroketaren ondorioz; DNA hori, transformazioaren bidez, R bakterioengana pasatu zen, saguen barnean. DNA horrek patogenizitatea eragiten zuten geneak zituen (kapsula sortzen zutenak), eta R bakterioek, gene hauek berenganatzean, kapsula eratzen zuten eta patogenoak bihurtzen ziren.


Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]