Grigori Potiomkin
| Datu pertsonalak | ||
|---|---|---|
| Izen osoa | Grigori Aleksandrovich Potiomkin | |
| Jaio | 1739ko irailaren 24a | |
| Tchiskhovo (Bielorrusia) | ||
| Hil | Skaliany | |
| Besarabia (1791ko urriaren 5a) | ||
Grigori Potiomkin[1] (Tchiskhovo, Bielorrusia, 1739ko irailaren 24a - Skaliany, Besarabia, 1791ko urriaren 5a) errusiar politikari eta militarra izan zen.
Errusiako Katalina II.a enperadoreak begiko zuen eta haren hurbileko aholkulari izendatu zuen. Eragin handia izan zuen enperadorearengan, eta haren erresuma handitu eta zabaldu zuen. Errusiaren eta Turkiaren arteko lehen gerraren ondoren Errusiak 1774an Itsaso Beltzetik Ukrainaraino beretuak zituen lurraldeetako gobernari izendatu zuten. Kargu horretan antolatzaile bikaina zela frogatu zuen: biztanleak ekarri zituen kanpotik Ukrainako estepara, eta hiriak, gotorlekuak eta portuak sortu zituen; Krimeako khan herria beretu zuen, Sebastopol hiria sortu eta han finkatu zuen Itsaso Beltzeko itsas armada.
Errusiaren eta Turkiaren II. gerra (1787-1791) bitartean, Bizantzioko inperioa berriro sortzeko eta Konstantino Katalina II.aren biloba inperio horretako buru izendatzeko asmoa izan zuen. Gudarosteko buru izendatu zuten; itsas armada galdu zuen eta nekez beretu zituen Otxakov eta Bendery hiriak. Suvorovek ordezkatu zuen. Bitartean, etsaiak azpilanean ari izan zitzaizkion eta enperadoreak Zoubov izendatu zuen aholkulari. Enperadorearen begikotasuna berreskuratzen saiatu zen Potemkin, alferrik ordea.
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.