Guido Münch
Guido Münch (San Cristóbal de las Casas, Chiapas, Mexiko, 1921) astrofisikaria da.
Bizitza [aldatu]
Mexikoko Unibertsitate Autonomoan ikasi zuen, eta ingeniaritza zibileko eta matematikako tituluak eskuratu zituen. Ondoren, Chicagoko Unibertsitatera joan zen Matematikako master bat egitera, eta han Astronomiako eta Astrofisikako doktoregoa lortu zuen.
1946. urtetik aurrera Amerikako eta Europako espazio-behatoki nagusietan lan egin du. Bestalde, Heidelbergeko (Alemania) Unibertsitateko ohorezko irakaslea da. Astrofisikako interesa S. Chandrasekhar pakistandarrarekin (Nobel Saria 1983an) lan egin ondoren sortu zitzaion; orduz geroztik, ikerketa-alor ugari landu baditu ere, izarren materia eta izar artekoa, galaxiaren egitura eta eguzkiaren fisika izan dira München azterketa gai nagusiak.
1989an Espainiara joan zen izarren arteko materia ikertzera Almeriako Astronomia zentroan. Urte horretan bertan, Asturiasko Printzea saria eman zioten. Ameriketako Estatu Batuetako Arteen eta Zientzien Akademiako eta Estatu Batuetako Akademia Nazionaleko kide da; horrez gainera Hirugarren Munduko Zientzien akademiaren sortzaile da. Lan ugari idatzi ditu, horien artean nagusiak: Izarren arteko xurgatze-lerroak urruneko izarretan (1957), Artizarraren espektroaren analisi bat (1964), Galaxiaren egitura eta izarren arteko xurgatze-lerroak (1965), Atmosferaren egitura planeta handietan (1969) eta Helioaren ugaritasuna Jupiterren (1973).
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.