Guillaume de Machaut

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Machaut da eskuinean dagoena.

Guillaume de MachautMachau edo Machault izenez ere ezaguna— (Machault, Champagne, circa 1300 - Reims, 1377ko apirila) frantses musikagile eta poeta izan zen. Frantziako XIV. mendeko musikagile eta poeta ospetsuena izan zen. Poeta gisa lirika molde berriak landu zituen, gaiak ia betikoak, didaktika alorrekoak eta alegiak, erabili bazituen ere.

Obra liriko ugari idatzi zuen Ars Nova deituriko teknika-moldeen barnean (rondoak, baladak, lai eta virelai poema-moldeak, gorteko musika). XV-XVI. mendeetako meza polifonikoen aitzindaritzat jo izan da Machaut.

Voir-Dit (Egiaren esana) bere poema ezagunenak, poeta adinduaren eta goi mailako neska gazte baten arteko amodioa du gai nagusia; poema horrek eragin handia izan zuen ondoko poetengan.

Musika landu zuen bereziki eta era askotariko lanak sortu zituen, elizkoiak eta profanoak, batez ere, motetea eta erlijiotik kanpoko abestiak garatuz. Bere lan ezagunena Messe de Nostre Dame ('Andre Mariaren meza') konpositore bakarrak sortutako lehen meza polifonikoa da.


Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1300. urte aldera jaio zen Reimsen musikologo gehienen arabera eta inguruko lekuren batean hezi zuten. Izan ere bere abizena, hurbil, handik hogeitamarren bat kilometrotara dagoen Machault hiriaren izenetik eratorria dela dirudi (Ardennes eskualdean).

Joan I.a, Luxemburgeko kondea eta Bohemiako erregearen idazkaria izan zen 1323tik 1346ra. Erregeari Europan zehar egiten zituen bidaietan eta espedizio militarretan lagundu ohi zion (Prahara ere joanez). 1346an erregea Crécyko gudaldian hil zenean, haren alabaren (1349an izurri beltzak jota hil zena) eta beste aristokrata batzuen zerbitzari bihurtu zen: Karlos II.a Nafarroakoarena eta Normandiako dukea zen Karlosena, 1364an Karlos V.a Frantziakoa bihurtu zenarena.

Garai berean apaiztu egin zen eta Verdungo kanoniko egin zuten 1330ean, 1332an Arraskoa eta Reimskoa 1333an. 1340an, Reimsen bizi zela, Benedikto XII.ak eskatuta bere kanoniko postua laga zuen.

Izurri beltzaren atzaparretatik ihes egitea lortu zuen eta Reimsen bizi izan zen hil arte, konposizioak eginez eta bere lanaren eskuizkribuak zuzentzen.

1377an hil zenean, beste konpositore batzuek bere omenezko elegiak idatzi zituzten bere heriotzagatik penaz. Horietako bat François Andrieu izan zen.

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gutxi gorabehera 400 poema idatzi zituen, horietatik 235 balada ziren, 76 rondo, 39 virelay, 24 lay, 10 complaint eta 7 chants royaus. Forma poetiko eratu edo itxi hauek garatzeko eta kodetzeko lan asko egin zuen.

Eskema bati jarraiki planeatutako errimak eraikitzen maisua zen, teknikari dagokionez, eta horregatik XVI. mendeko erretorikoen aitzindari izan zen. Era berean, forma erreflexiboak erabiltzen dituen moduak bere pentsaera filosofikoa agerian lagatzen du.

Bere poema askok ez dute musikarik, berarentzat garrantzitsuena poema bera idaztea baitzen, eta lehenbizi egitekoa, ondoren hari musika jartzea baino.

Motete ugari ere sortu zituen erlijio gaiekin edo gerraren eta preso izatearen minei buruz, baina bere lan gehienek gorteko maitasuna edo maitasun kortesa dute gaia (dama bati mendekotasuna edo poetaren poz eta atsekabeak kontatzen dituztenak).

Bere lan liriko gehienak poema narratiboak edo dit izenekoak dira (kontakizunak edo literalki ‘esanak’, ez baitira abestuak izateko, errezitatzeko baizik): esate baterako Le Remède de Fortune (Fortunaren konponbidea) eta Le Voir Dit (Benetako kontakizuna). Lehen pertsonan idatzi ohi ziren eta zortzi silabatako pareatuetan (denak bat izan ezik, garai hartako "roman" frantsesen erara). Roman de la Rose ezagunaren konbentzio asko jarraitzen ditu, amets eta pertsonaia alegorikoen erabilera, kontalari-maitalea bere dama ase nahian edo berriro erakarri nahian aritzea, etab.

Aldi berean, zalduneriako kronika poetiko bat idatzi zuen (Prise d'Alejandrie 'Alexandriaren konkista', 1369 ondotik idatzia, Petri Lusignangoaren, Jerusalem eta Txipreko erregearen, gorabeherekin) eta kontsolamendurako (Karlos Nafarroakoaren omenez idatzi, Frantzian preso zegoela, Bibliako eta Antzinateko indartsu izateko ereduak edo exempla erabiliz) eta filosofia moraleko lan poetiko batzuek.

Bere bizitzaren amaieran, 1372 aldera, bere lanei buruzko poesia tratatua idatzi zuen eta Prologue (‘Hitzaurrea’) deitu zion, bere lane bildumaren hitzaurrerako idatzi baitzuen.

Esan bezala, bere lanak eragin zuzena izan zuen, besteak beste, Eustache Deschamps, Jean Froissart, Christine de Pisan edo Pizan, Errenato I. a Napolikoa, Geoffrey Chaucer eta beste egile askoren artean.

Lan narratibo nagusienak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jugement du roy de Behainge (‘Bohemiako erregearen epaia’, 1330 hamarkadako bukaera): Kontalariak maitalea hil zitzaion damaren eta bere damak traizio egindako zaldunaren arteko eztabaida entzuten du, bietatik zein den zorigaiztokoena erabakitzeko. Kontalariak Bohemiako erregeari eskatzen dio laguntza epaia emateko. Erregeak alegoriak kontsultatzen ditu eta zalduna erabakitzen dute garaile.

Le Remède de Fortune (Fortunaren konponbidea, 1341 aldera): Kontalariari bere damak galdetzen dio topatu duen poema ea berea den. Kontalaria ihesi doa eta itxaropenak kontsolatu egiten du lorategi batean eta maitale ona izaten erakusten dio. Horrela bere damarekin itzultzen da.

Dit du Lyon (‘Lehoiaren kontakizuna’, 1342): Kontalaria uharte magiko batera iristen da eta lehoi batek dama eder bat dagoen lekura darama. Zaldun zahar batek ikusten duena zer den azaltzen dio eta maitale hobea izan dadin gomendioak ematen dizkio.

Dit de l'Alérion o Dit des Quatre Oiseaux (‘Lau txorien kontakizuna’, 1349 aurrekoa): Maitasun sinbolikoari buruzko ipuina. Kontalariak lau txori aireratzen ditu eta guztiek egiten diote ihes, baina, egun batean, lehena eta gogokoena zena beregana itzultzen da.

Jugement du roy de Navarre (‘Nafarroako erregearen epaia’, 1349): Bohemiako erregearen epaia lana jarraiki, dama batek kontalariari agiri egiten dio zalduna egiteagatik epaiaren irabazle. Nafarroako erregeari galdetzen diote eta poeta kondenatzen du.

"Dit de la Fontaine amoureuse" edo "Livre de Morpheus" (‘Maitasunaren iturriaren kontakizuna’) Story of the Amorous Fountain) (1361): Kontalariak bere dama laga behar duen maitale etsia ezagutzen du. Bi gizonak iturri magikora iristen dira eta lo hartzen dute eta ametsetan bere damak kontsolamendua ematen dio maitaleari.

Le Voir Dit poema seguruena 1361 eta 1365 artean idatzi zuen eta autobiografikoa izan liteke, Péronne d'Armentières izeneko 19 urteko neskatxarekin izandako maitasun harremana oroituz idatzia, baina ez da ziurra. Mauchaut-en maisulana esan izan da. Poemak kontatzen ditu maitalearen tristura eta bere damarengandik urruntzea eta maitaleari buruz esaten diren gaitz esanak. Zorigaiztoko maitaleek trukatzen dituzten gutun eta poema lirikoen bidez osatuta dago lana.

Kanpoko loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Diskoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 2002 - "Intégrale des motets", Ensemble Musica Nova, dir. Lucien Kandel, Zig-Zag Territoires 021002.2 (2 CD).
  • 2009 - "Ballades", n°. 23, 37, 13, 28, 21, 29, 22, 17, 19, 34, 14, Ensemble Musica Nova, Lucien Kandel zuz., Aeon AECD 0982.
  • 2010 - "Messe de Notre-Dame", Ensemble Musica Nova, Joseph Rassam, organoa, Lucien Kandel zuz., Aeon, AECD 1093.
  • 2011 - "Guillaume de Machaut. Sacred and secular music. Messe de Nostre Dame", Ensemble Gilles Binchois, Dominique Vellard zuz., Brilliant Classics 94217 (3 CD eta Cd-rom-a).