Gurkha

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
1815 urteko Gurkhak Britainiar Indiako margo batean
Gurkha soldaduen familia (1896)
Gurkhak Darjeelingen abesten

Gurkha edo Gorkha (nepaleraz गोर्खा), Nepalgo leinu gerlari bat da. VIII mendeko Guru Gorakhnath gerlari hinduaren jarraitzaileak dira eta Nepal fundatu zuten. Beren sinboloa Khukuri daga okerra da.

Kondaira[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Khukuria, Gurkhen sinboloa

Diotenez VIII mendean Rajastango iparraldean (Indian) Bappa Rawal printzeak ehizaldi batean Guru Gorakhnath aurkitu zuen kontzentratuta meditazen ari zela eta bere ondoan geratzea erabaki zuen egoera hartan kalterik jaso ez zezan. Gurua bere onera etortzean printzeak izandako jarreraz hunkituta Khukuri daga oparitu eta zera esan zion: Zu eta zure gizonak mundu osoan ezagunak izango zarete zuen ausardiagatik eta gurkha (Gorakhnathen ondorengo) izenez deituko zaituztete. Ondoren iparraldera joan zedin agindu zion Afganistandik zetozen musulmanei aurre egitera.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gurkhek Rajastan iparraldean dute jatorria. 1559an gurkha talde batek ipar-ekialderantz jo zuen eta gaur egun Nepal den lurretan erreinu txiki bat sortu zuten. Erreinuaren hiriburua Katmandutik 80 kilometrotara mendialdean kokaturik zegoen eta beren aintzindariaren izena eman zioten, Gorkha.

Nepalen fundazioa

1769an Prithvi Narayan Shah erregearen gidaritzapean Nepalgo gainontzeko erreinuak konkistatu eta gaur egungo nazioa sortu zuten. Hiriburua Katmandun ezarri zuten eta hinduismoa bihurtu zuten erlijio ofizial eta bakarra. Beren hizkuntza gurkhalia ere ofizal egin zuten nepalera izena jarriz. 1788 eta 1791 artean Tibet inbaditu zuten eta monastegi ugari arpilatu ere bai. Tibetek Txinari laguntza eskatu eta gurkhak Nepalera bidali zituzten berriro.

Gerra Anglo-gurkhoa

Iparraldean jasandako porrota gogoan zutela 1814an hegoalderantz zabaltzeari ekin zioten, baina Indian Ekialdeko Indietako Britainiar Konpainia aurkitu zuten eta bien arteko gerra hasi zen. 1815ean Saupaliko Ituna sinatzean Nepalek Terai lautada, Sikkim eta Darjeeling ingurua galdu zuten, baina britainiarrek ere ezin izan zituzten mendietako pasabideak irabazi. Gurkhen altxamendu berri bat gertatu zen 1816an baina Makwanpurren porrot handia jasan zuten. Hala ere britainiarrak hain gelditu ziren txunditurik gurkhen ausardiarekin, beren armadarako mertzenario talde gisa sartu zituztela, eta ondorengo gerratan laguntzeagatik Terai eskualdearen zati handi bat itzuli zieten.

Gurkha dibisioa

Gurkhek hainbat gerratan hartu dute parte britainiar armadan. 1857an Indiako Zipaioen erreboltan sona handitu zuten, Hindu Rao House puntu estrategikoa hiru hilabetez sutsuki defendatu baitzuten, hasieran zeuden 490 gizonetatik 327k bizia bertan utzi zutelarik. Boxerren matxinadan ere izan ziren 1900an eta Txipren, Malasian, Myanmaren, Maltan, Afganistanen... Lehen Mundu Gerran ehun mila gurkhak hartu zuenparte, bai Frantzian eta baita Ekialde Hurbilean ere, batzuk Lawrence Arabiakoaren esanetara.

Gaur egun ere eliteko taldea osatzen dute britainiarren armadan eta hainbat gerra ezagunetan hartu dute parte, hala nola Falkland (Malbina) uharteetako gerran 1982an, edo Irak eta Afganistanen XXUI mendean. Nepalen bi errekrutamendu zentru daude, bat Pokharan eta bestea Dharanen.

Gorkhaland[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gurkhek Nepalgo lur batzuk galdu zituzten arren, Indiako Darjeeling eta Doars inguruan oso presente diraute. 1975ean Sikkimek India barnean estatu propioa lortu zuenean Darjeeling inguruak ere Gorkhaland deituko litzatekeen estatuaren aldeko apustua egin zuen, talde armatu batekin 80. hamarkadan (Gorkha National Liberation Front) eta politikaren bidetik XXI mendean Gorkhaland United Front alderdiarekin[1].

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. http://www.hinduonnet.com/thehindu/2007/11/16/stories/2007111662691500.htm

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Gurkha