Gurseko kontzentrazio-esparrua

Koordenatuak: 43°15′53″N 0°43′54″W / 43.26472°N 0.73167°W / 43.26472; -0.73167
Wikipedia, Entziklopedia askea

Gurs, une drôle de syllabe,
comme un sanglot
qui ne sort pas de la gorge.

Louis Aragon

Gurs, silaba arrotza,
negar-zotin baten modukoa
eztarritik ateratzea lortzen ez duena

Memoriala.

Gurseko kontzentrazio-esparrua Zuberoako mugan zegoen kontzentrazio-esparrua izan zen, eta Espainiako Gerra Zibileko errefuxiatuentzat eraiki zuten Bearnoko izen bereko herrian 1939ko martxoan. Euskal Herriko mugan zegoenez, euskal herritarrei aterpea ematea izan zuen lehendabiziko helburua.[1] Hala ere, Katalunia galdu ondoren, leku guztietako iheslariak hartu zituen, Frantziako kontzentrazio-esparrurik handiena bihurtzeraino.

Bigarren Mundu Gerra hasi eta berehala, frantziar gobernuak Gurseko kontzentrazio-esparruaan alemaniar herritarrak eta etsai zituen beste herrialdeetakoak sartu zituen, baita ideologia zela eta arriskutsu ziren frantziarrak ere.

1940ko ekainaren 22ko armistizioaz geroztik, Vichyko gobernuak frantziar ez ziren juduak izan zituen hantxe, Alemaniara bidali arte. 1946an, behin betiko itxi zuten.

Euskal Herriko iheslariak

Espainiako Gerra Zibileko iheslariak lau taldetan banatu zituzten:

  • Brigadistes (brigadistak)
  • Basques (euskal herritarrak)
  • Aviateurs (hegazkinlariak)
  • Espagnols (espainiarrak)

Euskal herritar gehienak Santoñako hitzarmenaz geroztik Kantabriatik ateratako Euzko Gudarostearen kideak ziren. Ideologia guztietako gudariak zeuden, nahiz eta gehiengoa jeltzalea izan. Euskal Herriaren ondoan zeudenez, ia guztiek lortu zituzten laster esparrutik ateratzeko bermeak eta lana eta aterpea lortu zituzten Frantzian.

Frantziako Gobernuak Gurseko esparrua euskal herritarrentzat eraiki zuen. Gehienak, bost mila inguru, Argelès-sur-Merreko kontzentrazio-esparrutik zetozen; 1939ko maiatzaren 10ean Gursen zeuden 18.985 presoetatik 6.555 euskal herritarrak ziren. Iñaki Azpiazu kapilauaren bitartez, hauek jadanik erbestean zegoen Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan eta Telesforo Monzonen laguntza jaso zuten[2] Esparruan zuten buruzagia zen Celestino Uriarte, aldiz, ez zen jeltzalea komunista baizik.[3]

Egoera latza bazen ere "euskal herritarren uhartetxoa" besteak baino tratabide hobea izan zuen:

« Las condiciones eran críticas, morían cientos de personas aunque a los vascos nos tenían aparte y estábamos mejor; de hecho éramos los únicos que comíamos caliente.[4]

(itzulpena: 'Egoera latza zen, ehunka lagun hil ziren, baina euskal herritarrak bereizirik eta besteak baino hobeto geunden; izan ere, bero jaten genuen bakarrak ginen')

»


Gero, euskal herritarren erdiak Paristik gertu zeuden lantegietara bidali zituzten, Maginot lerroan edo frontean lan egin zezaten,[5] aberriratzearen mehatxupean. 1940ko ekainerako 800 preso baino ez zeuden eta alemaniarrak zetorrela jakitean "C uhartetxoa", euskal herritarrena, utzi eta Hego Amerikara ihes egin zuten[2]. Maginot lerrora bidalitakoak (Marcelino Bilbao Bilbao edo José María Agirre Salaberria adibidez) naziek harrapatuak izan ziren. Mauthausen preso, bertan hil ez zirenak bost urte eman zituzten.

Hainbeste espainiarren artean izanik, gaztelania zen esparruko hizkuntza. Euskal herritarrek orkestra bat sortu zuten eta baita kirol-eremua eraiki ere.

Eusko Jaurlaritzak, 2006ko maiatzean, kontzentrazio esparru hartan izandako iheslariei omenaldia egin zien, Gernikako arbolaren muskila landatuta eta Nestor Basterretxeak egindako plaka jarrita.[6]

Erreferentziak

Bibliografia


Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Gurseko kontzentrazio-esparrua


43°15′53″N 0°43′54″W / 43.26472°N 0.73167°W / 43.26472; -0.73167