Gurutz Saratsola

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Gurutz Saratsola
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakGurutz Saratsola Martinez
JaiotzaItsasondo1915eko maiatzaren 3a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaDonostia1936ko martxoaren 22a (20 urte)
Heriotza moduasuizidioa
Hezkuntza
HeziketaLekarozko ikastetxea
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakidazlea
Izengoitia(k)Lotsati

Literaturaren Zubitegia: 657

Gurutz Saratsola Martinez, ezizenez Lotsati (Itsasondo, Gipuzkoa, 1915eko maiatzaren 3a - Donostia, Gipuzkoa, 1936ko martxoaren 22a), euskal idazlea izan zen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sendia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gurutz Saratsola Martinez Gipuzkoako Itsasondon jaio zen 1915eko maiatzaren 3an, Gurutzearen Egunean hain zuzen, gaur egun bertan dirauen Sarasolaenea izeneko etxean. Bederatzi seme-alabatatik bigarrena, Jose Manuel Saratsola eta Paula Martinez Lasa izan zituen guraso, biak ere itsasondoarrak. Iritzi abertzale sendoak zeuzkan industrialen familia honen baitan hazi zen Gurutz. Izan ere, Gurutzen aitak, Jose Manuel Saratsolak, Juan anaiarekin batera, aitaren eskutik jasotako arbelaren negozioa zeraman Itsasondon. Saratsolatarrek Itsasondoko Larregi baserrian zuten jatorria, eta XIX. mendeko bigarren zatian ekin zioten inguruko arbel harrobiak ustiatzeari, baita lurpetik ateratako harri honekin arbelezko produktuak ere egiteari. Horrela, Saratsolatarren arbelak munduko txoko askotan lortu zuen ospe handia. Juan Martin Saratsola Goitiak, Gurutzen aitonak, altxatu zuen negozioak 1970ean eman zituen onenak, Itsasondon eragin eta lorratz sakona atzean utzita.

Abertzaletasuna, berriz, Gurutzen amaren ekinbidearen aldetik zetorkien.[1] Berorrek lortu zuen herriko elizan bere seme-alabentzako euskarazko doktrina ematea, Leon XIII.a aita santuaren sasoitik etorri eta Itsasondon «doktriña berrie» izenez ezaguna zen dotrina, herriko apaiz karlista erdaltzaleen gogo eta iritziaren aurka. Baserriz baserri ere ibili izan zen baserritarrek euren seme-alabei euskarazko izenak ipin ziezazkieten ahaleginetan. Juan Iñaki, Gurutz, Andoni, Edurne, Terese, Kelme, Arantza eta Jokin, Saratsola Martinez familiaren seme-alaben izenak ere badira gogo euskaltzale horren adibide garbia. Familia guztiz fededuna izanda ere, elizatik itzuli behar izan omen zuten seme nagusia bataiatu gabe, Iñaki izena jartzen uzten ez zietelako.

Lehen urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerora bere olerkietan islatuta utzi zuen bezala, Gurutz gaztea bera ere abertzaletasunari eta euskaltzaletasunari sutsu lotu zitzaion. Ideia abertzale horietan Gurutz gazteak, garaiko beste euskal abertzale askok bezala, Irlandako independentzia izan zuen erreferente nagusitzat, Éamon de Valera irlandar buruzagiaren miresle sutsu bihurtzeraino. Era berean, gogoratu beharrean gaude Gurutzen aita bera, Jose Manuel Saratsola, Itsasondoko alkatea izan zela 1931 eta 1936 urte bitartean. Jose Manuel buru zuen udal gobernuak estreinakoz autodeterminazio eskubidea aldarrikatu zuen Euskal Herriarentzat 1931ko apirilaren 31n. Ideia abertzale hauengatik familiak Gerra Zibilaren ondorengo errepresioa jasan behar izan zuen.

Saratsola Martinez familia giro abertzale tradizional eta katoliko ingurukoa bazen ere, nahiko aurrerakoi agertu zen seme-alabei emandako heziketan. Horrela, Gurutzek berak eta bere gainontzeko zortzi anaia-arrebek goi-mailako ikasketak egin zituzten. Ikasketa horien artean ez ziren falta izan hizkuntzak eta musika diziplinak ere. Gurutzek Lekarozko ikastetxe ospetsuan egin zuen batxilergoa. Seguru asko, bertako giro euskaltzalean murgildu zen Gurutz gaztea, euskara eta literatura lantzera bultzatu zuen giroan. Hangoak bukatu ondoren, Donostian, merkataritzako ikasketak egin zituen aitaren arbel negozioan jarduteko asmoz. Ingelesa ikasi eta frantsesa hobetu zuen Gurutz gazteak Mont de Marsanen egindako urte beteko egonaldian. Esperantoa ere menderatzera ailegatu omen zen.

Donostiako bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1929an, Gurutzen familia osoa Donostiara aldatu zen, Ehun Urteurrenaren plazako 6.ean izan zuten bizitokira. Hara aldatu eta gero ere, familiak euskal giroari eutsi zion, baita Itsasondorekin zeukan lotura sendoari ere. Donostiako etxe honetan, gainera, familiak harreman estua egin zuen beheko solairuan bizi ziren Jose eta Zoila Ariztimuño neba-arrebekin. Jose Ariztimuño «Aitzol»engandiko hurbiltasun hura gakoa izan liteke gerora Gurutz gazteak literaturan egin zituen urratsak azaltzeko orduan.

Beste alde batetik, Donostiako etxean Gurutzen ama seme-alaben alderdi sortzaile eta artistikoaz arduratzen omen zen, musika eta antzerkia gaztetxoen algara eta jolasa bihurtuz. Aita lanetik itzultzen zenerako, ordea, etxe hartan dena eta denak zeuden beren tokian, bera heldu orduko ezer gertatu izan ez balitz bezala; horixe ere amaren ardura. Jolas hauetan Gurutz bera ikusi behar dugu familiako guztientzat antzezlanak idazten eta prestatzen, Gabonetan eta bestelako jaietan ere elkarrekin antzezten zituzten antzezlanak. Ildo horretan, familiak jaso ahal izan dituen oroitzapen apurrei kasu eginez gero, Gurutzek Madrileraino egin zuen bidaia berak idatzitako antzezlan bat argitaratzearren. Antzezlan horren arrastorik, tamalez, ez dago. Jakina dena da Gurutzek gazte-gazterik eman ziela bere bi zaletasun gogokoenei; hots, irakurtzeari eta idazteari, eta ahalegin horretan, oroz gainetik, euskara lantzeari. Oso urrun ez zuen jo behar, besteak beste, familiaren ideologiaren ispilu ziren Euzkadi, Vida Vasca, El Día eta Arantzazu argitalpenak sartzen ziren etxean. Oraindik Gurutzen izaera bera baino gazteagoak diren anaia-arrebek, nahiz eta barnetegietan, etxetik kanpo, egiten zituzten egonaldiak direla-eta elkarrekiko harremanak tartekakoak ziren, gazte azkar, sentibera, isil eta barnerakoi gisa gogoratzen dute, beti irakurtzen eta idazten buru-belarri ziharduena. Zoritzarrez, ez dago horretaz eman daitekeen datu zehatzik. Ez dakigu zeintzuk izan ziren bere gogoko idazleak eta irakurketak, Gerra Zibilak Gurutzen liburutegia ere galdu baitzuen. Hala ere, utzitako obra laburrean oin hartuta, ondorioztatu behar dugu garaiko euskal literatura ondo ezagutzen zuela, berau baliatzen zuela euskara bere kasa lantzeko eta bizi izan zen artean 30eko hamarkadako olerkari nagusien lanak, hau da, Lauaxeta, Lizardi, Orixe, Jautarkol eta beste autore batzuen lanak, ezagutu, irakurri eta, beharbada ere, landu ahal izan zituela. Halaber, ingelesa eta frantsesa jakinda, ez litzateke harritzekoa izango Gurutzek hizkuntza horietako literaturak gertutik gertura ezagutu izana, batez ere frantsesa, Gurutzen olerkiek iradokitzen duten bezala.

Harremanei dagokienez, adiskidetasun handia izan zuen bere amaren parteko lehengusua zen Luis Alvarez Martinez pintorearekin. Elkarrekin txango luzeak egin zituzten Goierriko txokoetan zehar, ostean Alvarez Martinezek bere margolanetan jasoko zituen bazterrak bisitatzen. Olerkari eta pintorearen arteko adiskidantza horrek Gurutzen olerkien sinbolismo ñimiñoaren arrastoan jartzen gaitu.

Arestian adierazi dugu Gurutzen auzokidea Aitzol izan zela, ez dakigu, alabaina, Aitzolek aita-ponterena egin ote zuen Gurutzek argitalpenetan lehenengo urratsak egin zitzan. Aitzolek une horretan euskal literaturan jokatzen zuen papera kontuan hartuta, pisuzko hipotesia begitantzen zaigu Aitzolek zerikusiren bat izan zezakeela Gurutz olerkiak argitaratzen hasi zen unean, berorrek hogei urte baino ez zituelarik. Areago, hipotesia sendotzen duen beste datu bat: Gurutz, «Lotsati» izengoitiaz argitaratzen hasi zenean, Aitzolek berak zuzentzen zuen Gipuzkoako El Día egunkarian egin zuen. Kointzidentzia gehiegi. Ezaguna dugun Lotsatiren lehendabiziko lanak, El Día egunkarian hain zuzen, ikusi zuen argia 1935eko uztailaren 12an, Ene Euskaria! izeneko olerkiarekin. Handik aurrera hasita eta 1936ko martxoan hil aurretsura arte etengabe argitaratzen jardun zuen. Gutxienez biltzea lortu dugun hogeita bost olerkiak eman zituen epe horretan. Esana da Lotsatiren obra gehiena El Día egunkarian argitaratu zuela, hori horrela izanda ere, Lotsatik Euzkadi, Ekin, El Pueblo Vasco eta Argia argitalpenetan ere idatzi zuen. Bere olerkiotan abertzaletasuna, erlijioa, euskara eta maitasunarekiko ezintasuna landu zituen gai nagusi gisa. Azken horrek, maitasunarekiko ezintasunak alegia, betetzen du Lotsatiren obraren alde garrantzitsu bat, garrantzitsuena esango genuke.

Heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amodioarekiko ezintasun hori bere olerkietan gero eta nabarmenago agertu ahala, bagenuen, ondo ezagutzen ez diren arrazoiak tarteko, Gurutz gazte erori bat, gero eta abailduago, depresioak jota nonbait. Bere bizitzaren azken uneetan osaba Klementeren laguntza izan zuen, elkarrekin ematen zituzten paseo luzeetan Gurutzen barne ezintasun hori argitzen ahalegindu zen. Ezin, baina, 1936ko martxoaren 22an Gurutz Saratsola «Lotsati» hil baitzen, bere burua Donostiako burdinazko zubitik trenbidera botata. Lotsati Itsasondo inguruko neska batekin maiteminak jota bide zegoen eta maitasun hori aurrera eraman ezinda heriotza hautatu zuen. Horixe da denek eman izan duten azalpena, ia bakarra, Lotsatiren heriotzaren inguruko arrazoiak argitze aldera. Hogei urte bete gabe zeuzkan.

Aitzitik, "Lotsatiren" itzala euskal literaturan luzeagoa izan zitekeen; izan ere olerki-liburu bat argitaratzeko zegoela hil zen. El Día eta El Pueblo Vasco egunkariek azkenean jaso ditugun Gurutz Saratsolaren hogeita bost olerkioz gain argitaratzeko zorian bide zegoen Lotsatiren liburu baten berri eman zuten. El Díako Euskal Gaiak atalean, 1936ko urtarrilaren 16an, 17an, 18an eta 21ean (20an ez zen egunkaririk, astelehena zelako) azaldu zen Lotsatiren olerki-liburuaren argitalpenaren iragarkia. Lotsatik egunkari horretan urtarrilaren 24an argitaratu zuen azkenekoz. Era berean, Joseba Zubimendik «olerkizaleentzat berri on bat» iragarriz eman zuen Lotsatiren liburuaren berri El Pueblo Vascoko euskarazko orrian:

« “Lotsati”, idazle berriak, oraindik orain asita bertso zaleen gogoa bereganatu duanak, liburu bat egiteko asmoa hartu omen du. Bere lan batzuek orri onetan irakurriko zinduzten aldizka eta ziur gaude pozik artuko zinduztela. Ez giñake ba, arrituko orain atera bear duan liburu orrek arrera ona izatearekin. Mutillak merezi du ta guk lagundu egin bear. »
El Pueblo Vasco, 1936-01-14

"Lotsatiren" libururik, ordea, ez zen sekula argitaratu, zirriborrorik ere egitera iritsi zen ez dakigu, edota inoren eskura ailegatzeko tenorea izan ote zuen. Gertatu ziren beste kasu askotan bezala eta aurrekoan genioen moduan, haren liburu eta paper guztiak Gerra Zibilak eragindako beldurrak eta errepresioak erre zituzten. Bestalde, orain arte uste izan denaren kontra, urtarrilaren 24ko data daraman olerkia, Ankea ebakiko nuke deritzona hain zuzen, ez da, dataren aldetik behintzat, Lotsatiren sinaduraz agertu zen azkena. Orain arte jaso gabe egon den Nere maite ederra izenekoak, Euzkadi egunkarian argitaratuak, martxoaren hasierako data dakar. Hala ere, Lotsatik sinatutako poema hori Bernardo Garro «Otxolua»k egunkari horretan agertutako olerki sailtxo batean azaldu zen. Ez dakigu olerki horren nondik-norakoez, ez dakigu "Otxoluak" nondik jaso zuen "Lotsatiren" olerki hau, zein harreman egon zitekeen bien artean edota "Lotsatik" "Otxoluari" beren-beregi egindako olerkitxoa ote zen; agian arrastoren bat "Lotsatiren" liburu galduaz?. Edonola ere, horrek berak frogatzen du "Lotsatiren" lana ezaguna izaten hasia zela .

Uste izan da, ez El Dían, ez beste egunkarietan ere, ez zela Lotsatiren heriotzaren aipamenik ageri; eskelarik ere ez. Suizidioaren berria erabat isildu zela uste izan da. Eta garai berean hil ziren Miren Lekunbe mutrikuarraren eta Luistarra azkoitiarraren heriotzek (biak gazteak eta berriemaileak El Díako Euskal Gaiak atalean) ordea, bai izan zutela oihartzun zabala. Usteak erdi ustel, baina; izan ere, Lotsatiren heriotzaren berria agertu zen El Dia egunkarian, baina Itsasondoko kronikan.

Beste uste ustel bat izan da "Lotsatiren" Itsasondoko hilerrian ez dela bere hilobirik ageri, ezta bere izenik ere ezein hilobitan. Ezin ba Itsasondon egon, "Lotsati" amaren familiaren Donostiako panteoian lurperatu zutelako. Gaur egun bertan dautza haren gorpuzkinak.

2010eko maiatzaren 2an "Lotsatik" bere familiaren eta itsasondoar guztien omenaldia jaso zuen. Saratsola familiaren panteoian eta Saratsola Enean jarritako oroigarriak dira omenaldi horren lekukoak.

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikerketak eta bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Denbora luzez Lotsatiren obraren balioa eta bizitza laburra zokoan gordeta egon zen. Bere lana biltzeko saiakerak 1970eko hamarkadan hasi ziren. Goierritarra aldizkariaren 3. zenbakiak (I-90), 1992ko azaroaren 22an Jon Aranok Euskaldunon Egunkarian argitaratutako artikuluak eta Iñaki Segurolak Ostiela aldizkariaren 2. zenbakian idatzitakoak Saratsolaren berri eman zuten.

Alvaro Rabellik, Lotsatiren familiarekin harremanetan jarrita, 2010ean Gurutz Sarasola Lotsati. Ilunpetik argira. Olerkiak (1935-1936) (Alberdania) liburua atera zuen, itsasondoarraren bizitza eta idazkien gaineko ikerketa-lan osoa.

Olerkiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Lotsatiren" olerki nagusietan amodiora iritsi nahi eta ezin agertzen da etengabe. Maitasun olerki horiek nortasun nabarmenez idatzi zituen eta ez da zaila beroietan gazte izatearen freskotasuna eta tolesgabetasuna antzematea. Ezaugarriok, hain zuzen ere, bati baino gehiagori pentsarazi izan diote garai hartako "idazle ezberdin bat" heterodoxoa, izan zitekeela. Hala ere, ildo horretan zenbait printza azaltzen badu ere, amodio gaia ez darabilten bestelako olerkiek garai hartako euskal olerkigintzaren gakoetan kokatzen dute bete-betean, Euskal Pizkundea deiturikoan alegia. Haren olerkiak «Lotsati» ezizenaz agertu ziren zenbait hedabidetan:

Hauexek dira gaur egun ezagutzen ditugun Lotsatiren hogeita bost olerkiak, dagozkien argitalpen data eta hurrenkerarekin:

  • Ene Euskaria! (El Día, 1935-VII-12) / Atso zoriontsu gaur zoritzarreko (Euzkadi, 1935, 7124. zk.)
  • Nik eztzaitut geroztik begiz jo (El Día, 1935-VII-28), (Euzkadi, 1935, 7160. zk.)
  • Arantzazuko ama birjiñari (El Día, 1935-IX-27)
  • Ligur (El Día-n datarik gabe jasoa), (Euzkadi, 1935, 7110. zk.)
  • Bizitza ta maitasuna (El Día, 1935-XI-2), (Euzkadi, 1935, 7129. zk) (Guipuzcoa, 1980, 38. zk.), (Goierritarra, 1990, 3. zk.), (Ostiela, 1996, 2. zk.)
  • Eta Papera atera bear dezu (El Día, 1935-XI-8), (Argiaren egutegia, 1936), (Karmel, 1983, 3/4. zk.), (Goierritarra, 1990, 3. zk.), (Ostiela, 1996, 2. zk.), (Berria, 2004, otsailak 22)
  • Murumendiko damea (El Día, 1935-XI-13)
  • Jetxi Sabiñ lurrera (El Día, 1935-XI-24), (Goierritarra, 1990, 3. zk.)
  • Maitasuna eta eriotza (El Día, 1935-XII-4), (Euzkadi, 1935, 7141. zk.), (Goierritarra, 1990, 3. zk.), (Ostiela, 1996, 2. zk.)
  • Illargiagaz maitearekin izketan (El Día, 1935-XII-8)
  • Erreberoa (El Día, 1935-XII-11), (Ostiela, 1996, 2. zk.)
  • Nere maiteari (El Día, 1935-XII-12), (Euzkadi, 1935, 7165.zk.)
  • Eta zu nere aldamenean (El Día, 1935-XII-13), (Euzkadi, 1935, 7171. zk.)
  • Maizterraren negarra (El Pueblo Vasco, 1935-XII-17), (Euzkadi, 1935, 7159. zk.), (Berria, 2004, otsailak 22)
  • Ai, etorriko balitz, etorriko balitz! (El Día, 1935-XII-18), (Euzkadi, 1935, 7153. zk.)
  • Orain ezkondu zera (El Día, 1935-XII-19), (Euzkadi, 1935, 7159. zk.), (Ostiela, 1996, 2. zk.)
  • Gezurra dirudi (El Día-n Lotsatiren sinadurarik gabe jasoa, 1935-XII-20), (Ostiela, 1996, 2. zk.)
  • Noiz ezkondu bear dan? (El Día, 1935-XII-21)
  • Baserri txuri gorrixka artan (Euzkadi, 1935, 7147. zk)
  • Baserritik kalera zatozen gaztea (Argia, 1935, 7867. zk)
  • Ludi ontan penatzen dut ( Euzkadi, 1935, 7136. zk), (Argiaren egutegia, 1936), (Karmel, 1983, 3/4)
  • Zer ajola zait neri (Ekin, 1936, 193. zk)
  • Maitatuko zaitut ametsetan (El Día, 1936-I-22), (Goierritarra, 1990, 3. zk.), (Ostiela, 1996, 2. zk.)
  • Ankea ebakiko nuke (El Día, 1936-I-24), (Euzkadi, 1936, 7202. zk.), (Ostiela, 1996, 2. zk.)
  • Nere maite ederra (Euzkadi, 1936, 7236. zk)

Maitasunaz gain, "Lotsatik" erlijioa, euskara, abertzaletasuna eta mitologia gaiak ere jorratu zituen. Hala ere, esan bezala, bere ahotsik nabarmenena maitasunezko olerkietan lortu zuen, hurrengo adibidean ikus dezakegun bezala:

ankea ebakiko nuke

Esango balidateke
“Ernioko puntara
Jungo baziñake
Maitea an ikusiko zenduke”,
Aparia utziko nuke
Gauez irtengo nintzateke
Maitea an ikusterik
Izango banuke.
Gaxo egongo banintzake,
Oitik jeikiko nintzake…
Lapurrak bidean
Ezpata gerrian
Daudela jakingo banuke,
Ala ere gustora,
Gustora jungo nintzake…
Gustora, maitearen itza
Entzuterik izango banuke.
Basamortuan
Arkituko baziñake,
Gosez ill bearrean,
Janik gabe,
Ta ni zure aldamenean
Egongo banintzake…
Aizkorea artuko nuke,
Ankea ebakiko nuke…
Eta jana emango nizuke.
Horrela biziko baziñake
Asko poztuko nintzake!

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]