Gustavo Adolfo Bécquer

Wikipedia, Entziklopedia askea
1862an Gustavo Adolfo Bécquerri egindako erretratua.

Gustavo Adolfo Bécquer (jaiotzez G. A. Claudio Domínguez Bastida Sevilla, Andaluzia, 1836ko otsailaren 17a - Madril, 1870eko abenduaren 22a, Erromantizismoko poeta narratzaile espainiarra izan zen. Jose Dominguez Insausti margolari ospetsuaren semea zen. Txikitatik bere aitaren marrazkiez inguraturik egon zen eta ondorioz, margolanetan interesa hartu egin zuen. Bere ustez margolanek sentimenduak hobeto espresatzen zituzten idatziek baino. Bere barneko mundua islatu egiten du eta bere teknika nabarmendu egiten da. Bere lan gehienetan bizitzari eta bizitzaren zentzuari buruz hitz egiten du. Lan garrantzitsuenak "Las Rimas" eta "Las Leyendas" dira.

Biografia

Sevillan jaio zen 1836an eta hogeita hamalau urterekin Madrilen hil egin zen 1870ean. Umezurtz geratu zen hamar urterekin. Sevillan igaro zuen haurtzaroa eta gaztaroaren parte bat. 1854an Madrila aldatu zen. Lehenbiziko urteetan estuasun handiak pairatu zituen Madrilen eta kazetari bezala lan egin behar izan zuen bizitzeko; hainbat egunkari eta aldizkaritan idatzi zuen garai hartan: El porvenir egunkarian, eta La España musical y literaria eta El correo de la moda aldizkarietan besteen artean.

Hogeita bat urte zituela, ordea, gaixotu egin zen, tuberkulosiak jota. Eri zegoela idatzi zuen bere aurreneko elezaharra: El caudillo de las manos rojas. 1861 eta 1865 artean idatzi zituen hain ezagunak egin diren elezahar gehienak eta baita errima batzuk ere. Hitz lauz idatzi zituen lanen artean aipagarria da Leyendas liburua, hogeita zortzi kontakizun biltzen dituena. Hala ere, Bécquer-ek entzute handiagoa du olerkari gisa, hitz lauzko idazle bezala baino. Errealismoa puri-purian zegoen garaian, erromantiko beranta izan zen bera. Lirikotasun handiko poeta izaki, Bécquer hartzen da Espainiako lirika modernoaren aitzindaritzat, eta eragin sakon bezain zabala izan du Espainiako olerkariengan.

1871n, bera hil ondoren, lagun batzuek Rimas izeneko liburuan bildu zituzten haren olerkiak. Laurogeita lau poema labur dira guztira, hainbat aldizkaritan han-hemenka argitaratuak. Bécquer-en poesia formaz laua eta apaindura handirik gabea da, baina, zorroztasunez adierazten ditu bere sentimendu sakonak. 27ko belaunaldiko poetek Bécquer eredutzat hartu zuten. Hala, maitasunaren trataera sotil neurtua, haren olerkien erritmoa, haien musikaltasuna eta iradokizun indarra dira A. Machadok, J. R. Jimenezek, Salinasek, Cernudak eta beste hainbatek ikusten dizkioten balioak.

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Gustavo Adolfo Bécquer Aldatu lotura Wikidatan


Biografia Artikulu hau biografia baten zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.

Erreferentziak