Guttman eskala

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Guttman eskala psikometrian eta soziologian erabili ohi den galde sorta mota bat da, Louis Guttman soziologoak ikertu zuena. Guttman eskaletan galderak dikotomikoak (hau da bi erantzun posible bakarrik onartzen dituzte: bai ala ez, ados edo ez ados) izateaz gainera, ordena zehatz bati jarraitzen diote, non item edo galdera bati erakutsitako onarpenak modu inplizituan aurreko galdera guztien onarpena ekarri beharko lukeen. Adibidez, honako galde sorta honek Guttmanen eskala bat osatzen duela esan daiteke:

  1. Euskal Herrira datozen etorkinak onartu egiten ditut. (Ados - Ez ados)
  2. Begi onez ikusten dut nire herrian etorkinak bizitzea. (Ados - Ez ados)
  3. Nire auzoko etorkinekin ongi moldatzen naiz. (Ados - Ez ados)
  4. Gogoz hartuko nuke nire etxe ondoan etorkinak bizitzea. (Ados - Ez ados)
  5. Etorkin batzuk nire lagunak dira. (Ados - Ez ados)
  6. Nire seme-alabak etorkin batekin ezkontzea pozez hartuko nuke. (Ados - Ez ados)

Modu honetan, Guttman eskala metakorra dela esaten da, galdera batean emandako erantzunak aurreko eta ondorengo galdera guztien erantzunak finkatzen baititu. Likert eskala, berriz, batukorra dela esaten da, pertsona bati buruzko ezaugarri bat item edo galdera batzuen bitartez neurtzen da, item bakoitzari 1-5 edo 1-7 bitarteko balorazioa emanez eta azkenean horien batura kalkulatuz, erantzunak independenteak eta askeak izanik. Guttman eskala dimentsio bakarrekoa dela ere esaten da, itemak eskala bakar batean daudelako, elkar loturiko erantzunekin. Likert eskalan erantzunak independenteak direnez, dimentsio anitzekoa dela esaten da, azkenean item guztien baturaz balio bakarra eskuratzen den arren.

Guttman eskalen praktikan ordea, erantzunak espero ez bezala erantzuten dituzten pertsonak izaten dira: adibidez, arestiko adibideko galderetatik 1., 3. eta 4. galderetan baiezkoa edo adostasuna ematea eta 2., 5. eta 6. galderetan ezezkoa ematea, 2. galderan adostasuna espero daitekeelarik. Hau dela eta, eta ahal den neurrian galde sorta bat Guttman eskalaz behar bezala eratzeko, beharrezkoa da item edo galderak egoki aukeratu eta ordenatzea. Horretarako, eskalograma deritzon teknika gara daiteke.