Hagia Sofia Txikia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Hagia Sofia Txikia
LittleHagiaSofia20061231.jpg
Udalerria Istanbul
Herrialdea  Turkia
Koordenatuak 41°00′10″N 28°58′19″E / 41.00278°N 28.97194°E / 41.00278; 28.97194Koordenatuak: 41°00′10″N 28°58′19″E / 41.00278°N 28.97194°E / 41.00278; 28.97194
Garaia Bizantziar Inperioa
Hagia Sofia Txikia non dagoen adierazten duen Istanbulgo mapa
Hagia Sofia Txikia

Hagia Sofia Txikia (turkieraz Küçuk Ayasofya Camii), lehen Sergio eta Bako santuen eliza (grezieraz Eκκλησία τῶν Άγίων Σεργίου καί Βάκχου ὲν τοῖς Ὸρμίσδου) Istanbulen dagoen antzinako eliza ortodoxoa da, Sergio eta Bako santuen omenezkoa, Otomandar Inperio garaian meskita bihurtua.

Kupuladun bizantziar eraikin hau, VI. mendean eraikia, Hagia Sofia eraikitzeko eredua izan zen, Bizantziar Inperioko eliza nagusia. Egun, Istanbulgo Bizantziar eraikin garrantzitsuenetakoa da.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizantziar garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oinplanoa.

Sergio eta Bako santuen elizaren eraikuntza, 527 eta 536 artekoa (Hagia Sofia baino zertxobait lehenago, 532 eta 537 artekoa), Justiniano I.aren agintaldiaren lehen ekintzetako bat izan zen[1]. Hiriko lehen eta hirugarren Regio arteko mugan zegoen kokatua[2], orube irregular bat Justinianoren etxearen eta San Petri eta San Paulo elizaren artean. Garai hartan, bi elizek nartex, atari eta propileoak partekatzen zituzten. Eliza berria multzoaren erdigune bihurtu zen eta oraindik ere zati batzuk ikusten dira, ipar hormako hegoaldean. Urte batzuk geroago, ondoan izen bereko monasterio bat eraiki zen. Eliza Konstantinopoliseko eraikin erlijioso garrantzitsuetakoa izan zen.

Hagia Sofiarekin duen antza handia dela eta, arkitekto berek eraiki zutela uste da, hau da, Isidoro Miletokoak eta Antemio Trallesekoak. Eraikuntza saiakera nagusi izan zitekeen, gero Inperioko eliza handiena eraikitzeko. hala ere, arkitektura xehetasunei erreparatuz desberdintasunak argiak dira.

551n Vigilio aita santua, urte batzuk lehenago enperadoreak hirira deitua, elizaren barnean babestu zen Justinianoren soldaduengandik[3]. Garai ikonoklastan, mugimendu honen erdigune izan zen monasterioa.

Otomandar garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kolomadia.

1453an Konstantinopolis otomandarren esku geratu ondoren, eliza ez zen eraldatu Bayezid II.aren agintaldia arte. Orduan, 1506-1513 tartean, meskita bihurtu zuen Hüseyin Ağa eunuko beltzen buruak. Garai hartan, arkupea eta madrasa gehitu zitzaion[4].

1740an, Hacı Ahmet Paşa Vizir Handiak meskita zaharberritu zuen eta iturria (Şadırvan) eraiki. 1648 eta 1763ko lurrikarek eragindako kalteak 1831n konpondu ziren Mahmud II.aren agintaldian. 1762an minaretea eraiki zen, 1940an eraitsi eta 1956an berreraiki zena.[4]. Burdinbidea ezarri zenean, eraikinaren hegoaldeko zati batzuk eraitsi ziren, batez ere antzinako monasterioarenak.

Eraikinaren egonkortasuna mehatxupean izan da urte luzez, eta UNESCOk galzorian zeuden monumentuen artean zerrendatu zuen. Munduko Monumentuen Funtsak (World Monuments Fund) galzori arriskua handiena zuten 100 monumentuen zerrendan sartu zuen 2002, 2004 eta 2006ean. Baina, zaharberritze plan osoa bat izan du, 2006ko irailean amaitu zena, eta orain irekia dago berriz ere bisitentzako eta otoitzerako.

Arkitektura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eraikina oinplano zentralekoa da eta oktogono itxura du, lauki irregular batean inskribatua. Ravenako San Vitale basilikaren eredu izan zen eta, mila urte geroago, Mimar Sinan otomandar arkitektoak egindako Rüstempaşa meskitaren eredu. Hamasei ataleko kupula batez estalia dago, zortzi atal lau eta zortzi ahur aldizkatuz, zortzi zutabe poligonalen eutsiz.

Nartexa mendebaldean dago, antekoruaren[5] bestaldean. Eraikuntza-gai asko Hagia Sofian erabili ziren gero: exedrek erdiko nabea hedatzen dute ardatz diagonaletan, koloma koloretsuek deanbulatorioak ezkutatzen dituzte nabetik, argi eta itzal kontraste handia dago kapitaletako eta taulamenduko eskulturetan[6]...

Kanpoaldeko hormek garai hartan Konstantinopolisen erabilitako teknika erabiliz eraiki ziren, mortero ilara lodietan ilaretan ezarritako adreiluzkoak. Gainera, harrizko blokez eginiko katez sendotuak daude.

Eraikinaren aurrean arkupe bat eta patio bat daude, biak otomandar garaikoak, lorategi txiki batekin eta abluzioentzako iturri batekin.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Freely, Blue Guide Istanbul, 137 or.
  2. Müller-Wiener, 177
  3. Müller-Wiener, 178
  4. a b Müller-Wiener, 182
  5. Antekorua koruaren parean dagoen zatia da, sarritan elizgizonentzako gordea.
  6. Mathews, 242

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  •  

Van Millingen, Alexander (1912), Byzantine Churches of Constantinople, Londres: MacMillan & Co .

  • Cyril A. Mango. The church of Saints Sergius and Bacchus at Constantinople and the alleged tradition of octagonal palatine churches. Jahrbuch der österreichischen Byzantinistik. Viena. ASIN B0007C8NDW
  •  

Krautheimer, Richard (1986), Architettura paleocristiana e bizantina, Turin: Einaudi, ISBN 88-06-59261-0 .


Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Hagia Sofia Txikia